Things that grandchildren should know. Mark Oliver Everett. Little, Brown and Company, 2008.
Autobiografikoak ez balira, liburu honetan kontatzen diren gauza asko ez nituen sinetsiko. Egiantzekotasuna eta errealitatea bi kontzeptu desberdin dira eta batzuetan harremana duten arren, ez daude ezkonduta. Aurrenekoa oso inportantea da fikzioan eta Mark Oliver Everetten bizitzak ez zuen galbahea pasako. Gauza gehiegi. Gauza txar gehiegi. Aitarekin –Hugh Everett III, fisikaria– ia harremanik ez zeukala kontatzen du. 51 urterekin ohean hilda aurkitu zuenean eta suspertzen saiatu zenean, gizon hura ukitzea arraroa egin omen zitzaion. Drogek eta problema psikologikoek arreba bere buruaz beste egiten saiatzera eraman zuten. Eta azkenean, saiatzearen saiatzez, lortu ere egin zuen. Ama geroago ikusi zuen desagertzen, biriketako minbiziak astiro murtxikatuta. Neskekin gorabeherak nerabezarora iritsi aurretik. Eta gero, zer esanik ez. Drogak, delinkuentzia, gehiegikeria. Eta musika, bizitzaren zauriak kauterizatzeko.
Zeren, orain arte esan ez dugun arren, Mark Oliver Everett musikaria da, Eels taldeko burua. Eta talde horren musika oso konbentzionala ez den gisa berean, liburu hau ere ez da musikari baten autobiografia konbentzionala. Ez dago norberaren ibilbideko beltzak zuritzeko asmorik; ez du ezer ezkutatzen –neskaren baten izena salbu, eta betiere inor estualdiren batean ez sartzeko asmoz–. Everettek historia bat zeukan kontatzeko eta ahalik eta modu zintzoenean egin zuen, girlandarik gabeko estiloa erabiliz.
Liburuaren lehen partea abentura-nobela gisa sailka liteke; edo biziraupen-gida bezala. Zergatik ez, inori laguntzeko asmorik gabe idatzitako auto-laguntza liburua duzu hau. Egia da bukaerako kapituluak ez direla hain “entretenigarriak”. Drama familiarra amaitzen doan neurrian –kide gehiago ezin ziren hil, izan ere–, musikari batek disko-industriarekin dauzkan gorabeherek hartzen dute protagonismoa. Irakurri bat merezi duen lana, dena den. Honen ostean burua galarazten dizuten problema horiek ez zaizkizu hainbesterako irudituko. Eta hala ez bada, behintzat Eelsen kantak hobeto ulertzeko baliagarria izango zaizu.