Olatzagutiko Cementos Portland Valderrivas-en hondakinak erretzeko proiektuak hautsak harrotu ditu Sakanan eta inguruetan. Zementuaren sektorea krisi gorrian dago eta langileek kezkaz bizi dute egoera. Testuinguru horretan, enpresak honako ekuazioa erabili du bere egitasmoaren alde: hondakinak errez CO2 gutxiago isuriko da, lehiakorrago izango gara, eta lanpostuak mantenduko dira. Horrela al da?
SAKANAN krisiak triskantza ikaragarria egin du, antzina eskualde industriala zena egun basamortu bilakatzeko bidean da: lau urtean %130 igo da langabezia. 2008ko martxoan hormigoizko prefabrikatuak egiten zituen Dinescon-ek ateak itxi zituenetik, beste hamaikak segitu diote. Gamesako lantegiaren itxierak alarma guztiak piztu zituen, gero Arfe burdindegiko 157 langileak kaleratu zituzten eta orain Sunsundegiko 257 lanpostuak daude arriskuan; eskualdeko enpresarik handiena da autobusgilea. Herritarrak kezka handiz ari dira ikusten langabeziaren itzala hedatzen. Plataformak sortu dira, elkartasun ekimenak egin, erresistentzia kutxak eta elikagai bankuak bete… Enplegua mantentzea lehentasun bilakatu da Sakanan.
Horren guztiaren erdian, Olatzagutiko Cementos Portland Valderrivaseko (CPV) labeen soslaiari begiratzen dio askok. Mendea pasatxo duen fabrikak 152 laguni eta haien familiei ematen die jaten. Inguruko harrobietatik ustiatutako kareharriarekin klinkerra sortu eta urtean 1.300.000 tona zementu egiteko gaitasuna du. 2002an, eraikuntzaren boom betean, FCC erraldoiaren esku geratu zen Portland Valderrivas talde osoa. Baina krisiak zementugileak ere irentsi ditu: 2007an, sektoreak goia jo zuenean, 56 milioi tona zementu saldu ziren Espainiako Estatuan, 2012an 16 milioi tona besterik ez direla salduko aurreikusi du Oficemen Espainiako zementugileen patronalak. CPVk 7,2 milioi euroko galerak izan ditu 2011ko lehen bederatzi hilabeteetan eta negozio ildo berriari ekitea hil ala bizikoa zaio: hondakinak erretzea.
Troiako zaldia
CPVren esanetan hondakinak erretzea ezinbestekoa da petrolio kokea ordezkatzeko, CO2 gutxiago isurtzeko eta lehiakorrago izateko. 2014 urterako erabilitako erregaiaren %30a “alternatiboa” izatea nahi du konpainiak. Inbertsio handiak egin ditu horretarako eta bere lantegien artean Olatzagutikoa da hondakinak erretzen ez dituen bakarrenetakoa. Baina proiektua martxan da.
Errausketaren kontrako taldeen esanetan, CPV pixkanaka ari da sarea botatzen. Lehenik ingurumen txostena aurkeztu zuen eta onartu egin zion Nafarroako Gobernuak; gero txosten horren moldaketa egin zuen hondakin zehatz batzuk erretzea eskatzeko –industrian erabilitako egurrezko produktuak– eta hori ere onartu egin zuen Gobernuak. Biak daude errekurrituta. Errausketaren kontrako taldeek ez dute zalantzarik hurrengo pausoa zein izango den: zerrenda hori zabaltzea, eta azkenik, etxean sortzen dugun zaborra eta bestelako hondakin industrialak Olatzagutian erretzea. “Jauzi kualitatiboa lortu dugu, baina ez kuantitatiboa. Beste hondakin batzuk erretzea da gure asmoa” aitortu du CPVk. Enpresak dio ez duela jarduera aldatuko, erregaiak ordezkatu besterik ez, baina gero eta ozenago entzuten dira “ezkutuko errauskailuaren” kontrako ahotsak.
2011ko uztailean Altsasun inoiz egin den manifestaziorik handiena burutu zen, 3.000 lagun bildu ziren CPVren errauste egitasmoaren aurka. Errausketaren kontrako mugimendua ez da Sakanara mugatu, hilabete batzuk beranduago Hiru Mugak Batera plataforma sortu zen, Sakanako, Ameskoako, Arabako Lautadako eta Gipuzkoako Goierriko taldeak biltzen ditu. Abenduaren 7an Lizarran ehunka lagun bildu ziren proiektuari berriz ezetz esateko eta eskualde horietako udal gehienen gaitzespena ere jaso du errauskailuak. Alderdi politikoak, nekazariak, auzo elkarteak, turismo erakundeak, partzuergoak… ugari dira protesta egin dutenak. Bestetik, Sakanako Mankomunitatea hondakinak atez ate biltzeko bideragarritasun plana egiten ari da, birziklapena %80ra igotzeko. Datu horiekin CPVk erretzeko materiarik ez luke izango kasik.
Osasuna da gehien larritzen duen alderdietako bat. CPVk dio bere labeetan 1.500-2.000ºC-tara erreko direla hondakinak eta bero horrekin ez dela dioxinarik sortzen. Tenperatura hori baina, erregai homogeneoa erabiliz eta klinkerizazioa modu orekatuan eginez baino ezin liteke jaso; askorentzat zaila da sinestea ibilgailu zatiekin eta haragi puskekin halakorik lortuko denik. Areago, aurre-errauskailuko galdaratik pasatzean 800ºC-tara jaisten da beroa eta ebakuazio hodian 300ºC besterik ez da izaten. Hiru Mugak Baterak-ek dokumentala kaleratu du hondakinak erretzearen kontrako argudioak azalduz; tenperatura horiekin gaixotasunak izateko aukera eta hilkortasun tasa handitzen dela diote bertan hainbat adituk.
Lemoan ez eta Olatzagutian bai?
Fabrikan lanean ari direnen artean gehienak olatzagutiarrak dira. CPVk Olatzagutiko Udalaren aurrekontuaren %25a ordaintzen du zergetan. Eskualdeko ekonomian eragiteko gaitasun itzela du enpresak, eta badaki. Jose Antonio García CPVko Olatzagutiko plantako zuzendariak nabarmendu du “bailararako enpleguaz eta aberastasunaz” hitz egiten ari direla. Momentu honetan lantegiko bi labeetako bat geldirik dago eskari faltagatik eta enpresak barne berregituraketak egin ditu, azpi-kontratazioak bertoko pertsonalarekin ordezkatzeko; langileek arduraz bizi dute egoera. Enpresa komitean nagusi den UGT sindikatua hondakinak erretzearen defendatzaile porrokatua bihurtu da: “Gure etorkizuna ezinbestean [hondakinak] balorizatzean eta inbertsioetan datza”. Lehiakortasunak lanpostuak mantentzea ekarriko omen du.
Ekuazio hori ez da hain sinplea ordea. Espainiako Lehiakortasunerako Batzorde Nazionalak 11 milioi euroko isuna ezarri die hainbat enpresa zementugileri Nafarroan eta inguruko lurraldeetan kartel bat osatzeagatik, tartean CPV dago (5,6 milioi euro). Telefono deien entzuketetan eta erregistroetan lortutako informaziotik ondorioztatu dute enpresa horietako ordezkariak CPVren Nafarroako egoitzan bildu zirela hormigoiaren prezioaren igoera paktatzeko eta merkatua banatzeko. Sektoreak oso merkatu zurruna dauka, produktua garraiatzeak kostu handia baitu eta esportazioak ez dira normalean errentagarri izaten, automobilgintzako edo makina erremintako sektoreetan ez bezala –CPVk 2010ean ekoitzitako zementuaren %11 baino ez zuen esportatu–. Horrek zementu industriako enpresen arteko lehia gutxitu eta monopoliorako joera handitzen du. Benetan al da lehiakortasun falta Olatzagutiko fabrikaren arazoa? Galdera horri erantzuteko ez da oso urrutira joan beharrik.
CVPk Lemoan duen lantegian aspalditik ari dira hondakinak erretzen, aitzindaria izan zen horretan. Besteak beste, urtean 50.000 tona pneumatiko erretzen dituzte FCC taldeko ere baden Neuciclaje enpresak hornituta. Egun Lemoan erabiltzen den erregaiaren %30 inguru hondakinak dira, hau da, CPVk 2014rako zuen helburua jada bete du Bizkaiko filialak. Hondakinak erretzeak, ordea, ez ditu langileak enpresaren irabazi asmoetatik babestu. Duela hiru aste Enplegu Erregulazio Espediente bat aurkeztu zuen Cementos Lemonak 123 langileentzat, zementuaren produkzioa azken urteetan %40 jaitsi dela dio zuzendaritzak.
Lemoako kasuak argi erakusten du lanpostuak zementu produkzioari loturik daudela, ez hondakinak erretzeko egitasmoari. Greenpeacen arabera, 100.000 tona hondakin erretzeko 25 pertsona nahikoa dira. Bilboko Zabalgarbiko errauskailuan 45 lagun daude 225.000 tona hondakin erretzeko; Nafarroa osoan ez da hainbeste hondakin sortzen. Zenbat esku beharko dira Olatzagutiko plantan?
Portlandek begi bakarretik negar
CPVk begi bakarretik egiten du negar, hondakinen erreketan inbertituko du bere sakela berotzeko, ez langileena. Enpresaren arabera, petrolio kokea hondakinekin ordezkatuz dirua aurreztuko du, azkeneko hauek merkeago direlako. Baina hondakinen berotze ahalmena ez da petrolioaren erdira iristen, beraz, tona kopuru bikoitza beharko du. Non dago orduan aurrezpena? Zaborrak bildu eta tratatzeaz talde bereko FCC arduratzen da nagusiki eta mankomunitateek eta enpresek zerbitzu horrengatik ordaintzen dute. CPVk etxean “erosiko” ditu hondakinak, beraz. Bestalde, hondakinak erretzean sortutako energia “berriztagarri” gisa dago onartua eta horregatik ordainsari gozoak jaso ohi dituzte errauskailuek. Espainiako IDAE Institutuaren Energia Berriztagarrien Behatokiak dioenez 2011n 1.069 milioi euroko laguntza publikoa izan zuten biomasa eta hondakinetatik energia sortu zuten estatu osoko enpresek.
Bestetik, dioxido karbonoaren merkatuan ere mokadutxoa jan dezake CPVk. Olatzagutiko plantak gehienez 720.000 tona CO2 isurtzeko baimena du, eta 15 euro ordaindu behar du isurtzen duen tona bakoitzeko –2013an muga hori 640.000 ingurura jaitsi liteke–. Baina egun, labe bakarra martxan duela, 300.000 tona inguru aurrezten ditu urtean. Are gehiago aurreztuko du hondakinekin, erregai horrek ez omen baitu CO2rik isurtzen Europako araudien arabera. Aurreztutako tonak, jakina, merkatuan saldu ditzake berriz.
Diru parrasta hori guztia ia izerdirik bota gabe eskura dezake CPVk; prest al dago bere eltzeko babak langileei musu-truk emateko? Espainiako Gobernuko lan erreformak eskuak libre utzi dizkie galerak dituzten enpresei langileak 20 eguneko indemnizazioarekin despeditzeko. Cementos Portland taldea da egoera horretan dagoen Espainiako Estatuko bosgarren konpainia handiena. Azken batean, Olatzagutiko fabrikako langileak izan daitezke hondakinak erretzearen ondorioz lehen kaltetuak.
Nafarroako Gobernuak irmoki babesten du errauste proiektua, besteak beste, lotura handiak eta interes berak dituelako zementugilearekin eta bere zuzendariekin.
Jose Mari Aracamak, esaterako, joan etorriko bidaia egin du Portlandera. Hogei urtez Olatzagutiako plantako finantza zuzendari aritu ondoren, Nafarroako Gobernuko Ekonomia sailburu izendatu zuten 1996an. Orain ate handitik itzuli da, presidentearen alboko kargua hartuta.
Jose Ignacio Elorrietak ere badu loturarik erakunde publikoekin. Egun Portlandeko Ingurumenerako zuzendari nagusi denak, Nafarroako Gobernuko Osasun eta Ingurumen sailetarako lan egin zuen. ISR fundazioko bazkide ere bada Elorrieta, eta errausketa aurreikusten duen Nafarroako hondakinen planaren idazleetako bat da. Eta hara, Olatzagutian hondakinak erre behar dituzte.
Eredu berriak ikasleek milaka euro aurreztea ekar lezake. Autoeskoletako irakasleek plana kritikatu eta errepideetan sor daitekeen arriskua mahaigaineratu dute. Neurri berriak “milaka irakasleren enplegua arriskuan jartzen duela” ohartarazi dute.
Milaka gazte bildu dura Gazte Koordinadora Solizalistak (GKS) urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean antolatu dituen mobilizazioetan, "Euskal Herrian agenda belizista eta faxismoa normalizatu ez daitezen". Jendetza bildu da bi hiriburuetan gerra inperialistaren... [+]
Epaitegietan hamar urte bete ditu auziak, eta azkenean EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du beste epaitegi txikiagoek ikusten ez zutena: ez zela baserri zaharra "eraberritu", baizik eta askoz ere eraikin handiagoa altxatu zela eta behar zuen lekutik urrunago. Legez kanpo... [+]
Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]
Su-etenaren akordioarekin barnean, Israelgo armadak Netzarim korridorea ireki du. Ia urtebeteko erbestealdiaren ondoren, milaka palestinar euren etxeetara abiatu dira bidaia emozional sakonean. Trumpek gazatarrak Egiptora eta Jordaniara desplazatzea proposatu du, eremua erabat... [+]
2.000 lagun inguru bildu dira urtarrilaren 26an, Irunetik Hendaiarako martxan, Europaren migrazio politika “hiltzaileak” salatzeko. Korrika igaro zenean hainbat migratzaileri muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako ekintzaileei babesa eman diete. Ekintzaileak... [+]
Euskal Herria Baterak apirilaren 11an Donostiako Kursaalen egingo den ekitaldiaren berri eman du. Ekitaldia Aberri Eguna ospatu baino egun batzuk lehenago eginen da. Agerraldian Mireia Epelde, Xabier Euzkitze eta Carlos Etchepare bozeramaileek hartu dute parte, eta Manex Fuchs... [+]
Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]
Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]
“Behin batean gertatu zen eta ordutik aurrera egunero gertatzen da […] ez dezagun ikus hemen gertatzen dena. Halaxen da mundua, eta gaur egunean inor ez da profeta bere mendean”.
Beste zerbaitez hitz egin zidaten behin eta ordudanik, ezin dut ezer bestela... [+]
Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]