"Entseguetako sentsazioak diskoan errepikatzen jakitea garrantzitsua da"

  • Moskuko taberna batean geratu gara talde irundarrarekin. Paretan zintzilik, Rockdelux musika aldizkari espezializatuaren azken azala, Lisaböri eskainia. Lau urteko isiltasunaren ostean, Animalia Lotsatuen Putzua diskoarekin arrakastatsu bueltatu dira, kritikak goretsiak, Primavera Sounderako hautatuak, eta beti bezain bortitz.

Irungo Moskuko Eskina tabernan, ezker-eskuin: Eneko Aranzasti (bateria), Javi Manterola (gitarra, ahotsa), Ivan Zabalegi (bateria), Karlos Osinaga (gitarra, ahotsa) eta Xabi Zabala (baxua); hitzak idazteaz arduratzen den Martxel Mariskalek ezin izan du et
Irungo Moskuko Eskina tabernan, ezker-eskuin: Eneko Aranzasti (bateria), Javi Manterola (gitarra, ahotsa), Ivan Zabalegi (bateria), Karlos Osinaga (gitarra, ahotsa) eta Xabi Zabala (baxua); hitzak idazteaz arduratzen den Martxel Mariskalek ezin izan du etorri. Elkarrizketan, Aranzasti eta Osinaga izan ditugu solaskide.

Taldekideak behin baino gehiagotan aldatu dituzuen arren, Lisabören esentzia ez da galtzen. Nola lortzen duzue esentzia hori mantentzea?

Karlos Osinaga: Hainbat taldekide aldatu beharrak hutsuneak utzi izan dizkigu, baina islatu nahi dugun espiritua mantentzea lortu dugu beti, jende berria aukeratzeko garaian ez ditugulako musikaren birtuosoak bilatzen, baizik eta gure musikaren filosofiarekin bat datozenak, eta horrela hautatuta, errazagoa da koherentzia mantentzea.

Eskaintzen dituzuen kontzertu indartsuak kontuan hartuta, zuzeneko taldea da Lisabö?

Eneko Aranzasti: Zuzeneko eta diskoko taldea dela esango nuke, bi fazetak gustuko ditugu. Talde askok diskoa ateratzen du zuzenean jotzeko, baina guk biak zaintzen ditugu. Batzuek esan izan digute diskoko detaileak galdu egiten direla kontzertuetan, baina alde batetik galtzen duguna, bestetik irabazten dugu, intentsitate aldetik adibidez. Barrenak husten ditugu kontzertuetan eta bira guztian abestiak bizirik mantentzen saiatzen gara.

Hitzak Martxel Mariskalek idatzi ditu oraingoan ere, taldeko seigarren kideak, esan ohi duzuen moduan. Amorruz, malenkoniaz, garraztasunez beteriko hitzak dira. “Ederra bezain mingotsa da bizitza”?

K. Osinaga: Esaldi horrek, diskoko beste hainbatek bezala, ondo islatzen du Martxelen testuetako kontraste mundua. Hainbatek dio ilunak direla hitzak, baina guk, barrutik behintzat, ez ditugu pesimista ikusten, bizitzaren diagnostiko orokor gisa baizik: hau da dagoena eta hortik abiatuta goazen bizitzera eta bizitza maitatzera. Martxel gai da esaldi bakar batean erretratu osatua irudikatzeko: argazki abstraktua baina aldi berean oso argia, bere kontraste eta osagarriekin. Musikak beste maila batera eramaten ditu hitzak, edo alderantziz, musikaren abstrakzioak behar zuen zentzu guztia hartzen du hitzekin janztean, magikoa da, eta emaitza ez zaigu iluna iruditzen, askatzailea baizik. Kontua da askatzeko lehenik bidaia guztia egin behar duzula, oinazean murgildu, baina ez hor geratzeko, leihoa ireki eta hortik ateratzeko baizik.

Lirismoa doinu gogorrekin uztartzen duzue. Poesia modernoa da zuena?

E. Aranzasti: Lortu duguna da Martxelen hitzek eta taldearen musikak bat egitea, disko honetan inon baino gehiago, eta gauza handia da hori. Berak badaki gure musika irakurtzen eta guk bere hitzak entzuten. Landu egin dugun zerbait da, lankidetzan aritu gara uneoro, eta kimika hori, elkargune hori lortzea izugarria izan da.

Posthardcore estiloari eutsiz, gordinagoa da azken diskoa?

E. Aranzasti: Aldaketa nagusien artean dago oraingoan txelorik ez dugula sartu, kanta hauetan ez geniolako lekurik topatzen, eta hori sumatu da.

K. Osinaga: Diskoa bukatu baino hilabete lehenago ez genekien zenbat kanta izango ziren, kantek eurek esan digute nondik joan, jolas bat izan da haien eta gure artean. Korrontearen gisan, kantek bihurgune bat har dezakete, guk beste bat… eta azkenean ateratzen da atera beharrekoa. Beti egin dugu horrela, saiatu zaitezkeelako norabidea bortxatzen, baina eroso ez bazaude…

E. Aranzasti: Beti saiatzen gara ateak ez ixten eta bukaerara arte ideiarik ez baztertzen.

K. Osinaga: Eta emaitza da, aurreko diskoarekin konparatuz, une lasai gutxiago daudela, eta momentu gordin ugari, pasarte bortitzak. Lan ezberdina da, baina oinarri berarekin, ahuntzak beti larrera, nahiz eta badagoen eboluzio bat, edo inboluzio bat, auskalo.

Abesti bakoitza asko lantzen duzuela dirudi, moldaketak-eta entzunda.

E. Aranzasti: Abestiak baino gehiago, sentsazioak bilatzen ditugu, entseguak grabatzen hilabeteak eman genituen sentsazioen bila.

K. Osinaga: Bai, bueltaka ematen ditugu hilabeteak eta bat-batean harrapatzen duzu, lortzen duzu bilatzen ari zinen sentsazioa. Garrantzitsua da entseguetan lortutako sentsazioa diskoaren grabazioan errepikatzen jakitea, eta horra nola iritsi lantzen duzu, zein bide hartu horretarako. Azken finean, nahiz eta azkeneko hilabetean hasi diskoaren hezurdura muntatzen, aurretiko lana egina dago.

E. Aranzasti: Bai, nahi gabe, egunero lantzen joaten gara, kontziente ez izan arren. Emaitza ez da azken orduko tonbola. Sentsazioek soinuarekin ere badute zerikusia eta Garaten grabatzeak, adibidez, han bateriek hartzen duten soinuak sentsazio ezberdinak sortzen ditu, lokaleko grabazioekin alderatuta. Horrek guztiak ere eragina dauka diskoa egiterakoan.

“Post” delako horren baitan, melodiaren kontzeptua beste era batera ulertu behar dugu?

K. Osinaga: Niretzat pasarte oso melodikoak daude, baina norbaitek galdetu dezake, “eta non daude ba?”. Niretzat, batzuetan zarata bat melodia zoragarria izan daiteke, edo akorde arraro bat denboran mantentzea… Adibidez, akorde berari 20 segundoz eustea, beste elementu batzuetan aldaketa txikiak erantsiz, hor sortzen den harmonia ederra izan daiteke.

Karlos, bereziak dira ahotsarekin egiten dituzun jokoak: batzuetan, kantatu baino, deiadarrak dira, edo hitz errezitatuak…

K. Osinaga: Bai, eta kasu batzuetan hasieran ez zuten horrela izan behar eta hala bukatu dute. Baina aurreko erantzunaren ildotik, deiadar eta errezitatutako hitz horietan ere aurkitzen dut melodia, beharbada oso lineala dirudien horretan, ñabardurak sortzen duen efektua sekulakoa da.

Zuk, Eneko, bateria jotzen duzu Ivanekin batera. Ez da ohikoa talde berean bi bateria aritzea, elkar ondo ulertzen duzue.

E. Aranzasti: Elkarri begiratzea da gakoa. Jende askok esaten digu biok egiten duguna bakarrak egin dezakeela, eta gauza batzuetarako arrazoia daukate, beste batzuetarako argi dago ezetz, lau hanka eta lau beso beharko genituzkeelako, baina bestela ere, pertsona bakarrak egin dezakeen hori biek batera egiten dugunean, emaitza ezberdina da: indar handiagoa dauka, bere zergatia dauka.

K. Osinaga: Ez da kolpeak banatzea, entseguetan bietakoren bat falta bada, asko nabaritzen da, falta handia sumatzen da.

E. Aranzasti: Egia esan, ohitu egin naiz eta Ivan falta zaidanean oso ezberdina egiten zait, nahiz eta gainerako musikariak aurrean izan, beste bateriarekin konplizitate berezia daukazu eta kontzertuetan ere elkarren oso gainean egon behar dugu, oso aberatsa da hortik ateratzen dena. Ikusteko ere polita da, eszenatoki gainean bi bateria batera jotzen ikusteak badu bere zera.

Hasi zinetenetik goraipatu zaituztete kritikariek eta kultuzko talde bilakatu zarete.

E. Aranzasti: Mondosonoro aldizkarian, Joan Lunak dio nahiz eta aldizkari horretako azala eta Rockdelux-ekoa eman diguten, nahiz eta 2011ko disko onena izendatu duten gurea, ez dugula jarraitzaile berri gehiago lortuko, “no van a sumar seguidores a su causa”, idatzi du. Guk argi daukagu ez garela masei zuzendutako talde bat eta ez dut uste orain kritika onak jasotzeagatik Lisabören kontzertu bakoitzera 600 pertsona joango direnik eta 5.000 disko salduko ditugunik. Hala ere, eskertzekoak dira kritika onak, baina hor ere, denean bezala, irizpide eta ikuspuntu landuagoa duen jendea dago, eta azalean agertzeak baino ilusio handiagoa egiten dizu irakurtzen duzunean kritikari batek idatzitakoa bat datorrela transmititu nahi dugunarekin, konplizitatea dagoela.

K. Osinaga: Hala da. Eta aldi berean azala ematea eskertzen duzu, normalean halakoetan zerbaiten truke ematen dizutelako azala, eta gu bezalako talde bat hobesteak esan nahi du zuzendariari asko gustatu gatzaizkiola, gure aldeko apustua egin duela.

Kritikaren sostengua ikusita, amildegia dago kalitatearen eta arrakasta komertzialaren artean?

K. Osinaga: Musika ulertzeko erak daude eta gaur egun nagusitu den irizpideak produktu bilakatu du musika. Adierazpen modu bat izan ordez, aisialdirako produktua da eta leku batzuetan musika gisa ulertzen dena ez da guk musika gisa ulertzen duguna.

E. Aranzasti: Musika krisian dagoela dioten garaiotan, inoiz baino gehiago bihurtu da musika kontsumo azkarrerako produktu, marka komertzialen babespean. Nahi gabe edo nahita, beti saiatu gara sistema horretatik aparte mantentzen.

Anari, Hotel eta Inoren Ero Ni-rekin batera sortu zenuten Bidehuts zigiluan ere bestelako filosofia jarraitzen duzue.

K. Osinaga: Hasteko, guk esaten dugu ez dela zigilua, ez dela diskoetxea, bai bada marka bat, nahiz eta ez zaidan hitza gustatzen, label bat, taldearen lanak zabaltzeko orduan identifikatu daitezen, baina gure taldeen artean autoekoizpena bultzatzen dugu. Etekin ekonomikoak lortzea ez da helburua. Horrez gain, Lisabök Creative Commons lizentziapean argitaratzen du.

Laster biniloan aterako duzue Animalia Lotsatuen Putzua. Zer ekarpen egiten dio biniloak dagoeneko argitaratu duzuen CDari?

K. Osinaga: Ahal dugun guztia biniloan erosten dugu, maite dugu biniloa. CD bat erosteak ez du morborik, gauzarik zentzugabeena da CDa, fisikoki batak eta besteak duten presentziatik hasita, objektu gisa; beharbada fetitxismoa izango da, baina hala bizi dugu eta horregatik atera nahi dugu gure musika maite dugun formatu horretan ere. Gainera, entzuterakoan ere nabaritzen da: binilo bat egiteko masterra grabatzen da lehenik, eta konprimitze analogiko bidez egiten da; bada, prozesu horretan, ukituren bat ematen dio soinuari. Detaile txikiak dira agian, baina nik neuk grabatutako diskoak entzun ditut, gero masterra entzun dut, eta badauka zer edo zer… Ez dakit, beharbada autosugestioa izango da, baina nabaritzen dut aldea.

E. Aranzasti: Musika grabatzen hasi zirenetik formatu pila bat atera dituzte, berriak agertu ahala desagertzen dira zaharrak, baina biniloa beti mantendu da. Aipatzen genuen musikaren filosofiarekin ere zerikusia izan dezake, gaur egun etengabeko kontsumorako dagoen joerarekin. Baina biniloa hor mantendu da, eta denda espezializatuetan biniloa aurkituko duzu beti, musika estilo guztietan.

Bira hasi berritan, zein helburu duzue disko honekin?

E. Aranzasti: Kontzertuetan sentsazio onak izaten saiatzea eta jendearekin feedbacka lortzea da gure asmoa.

K. Osinaga: Bilatu baino, ea zer aurkitzen dugun. Hau pasaporte bat da lekuak eta batez ere jendea ezagutzeko, dagoeneko gure lagunak direnekin berriz elkartzeko, Bartzelonan, Madrilen, edo aurretik egon garen hainbat lekutan. Jende hori hor izatea luxu handia da.

Zer dauka Bidasoaldeak hainbeste talderen harrobi izateko?

E. Aranzasti: Ez da kasualitatea. Musikarekiko zaletasuna aspaldikoa da hemen, urtetako jardunak fruituak ematen ditu, eta horrez gain garrantzitsua da jendeak duen jarrera. Urte asko daramatzan jendeak jakin du sartzen diren talde eta musikari berriak modu naturalean hartzen, goitik eta harrokeriarekin begiratu gabe. Errespetua eta hasiberriak ezagutzeko grina dago, eliterik sortu gabe.

K. Osinaga: Jarrera horrekin egiten den musika barnerago iristen zaizu, gertuko ereduen eragina barneratzen duzu. Gure herriak badu oinarri hori, baina Madrilgo musikariekin adibidez ikusi dut oso profesionalak direla gehienak. Badirudi maila bat gorago egoteko egiten dutela musika, eta naturaltasuna desagertu egiten da. Jende horren abiapuntua ez da musika egitea gustuko duzulako eta ea bideak nora zaramatzan; abiapuntua da helmuga jakin batera iritsi nahi izatea eta zer bide egin hara iristeko.

Ezari-ezarian, 13 urte

1998an Irunen sortuak, Ezarian (2000) diskoarekin estreinatu ziren eta Egun bat nonahi EParen ostean (2002), Izkiriaturik Aurkitu Ditudan Gurak (2005) eta Ezlekuak (2007) diskoak argitaratu zituzten. Iazko lanak 40 minutu pasatxo ditu, sei kantatan banatuta: Oroimenik gabeko filma, Ez zaitut somatu iristen, Oinazearen intimitatea, Gordintasunaren otordu luzea, Laztan isilen deiadarra, Ezereza mugak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lisabo
2019-12-20 | ARGIA
Gernikako Lekuek festibala 2020ko martxoan ospatuko da zazpigarrenez, filosofia bereziari eutsiz

2020ko martxoaren 7tik 14ra bitartean ospatuko da Gernikako Lekuek festibala. Jaialdiaren 7. edizioaren kartela publiko egin dute ostiral honetan.


2019-05-16 | Andrea Zubozki
Zuzeneko emanaldia
Eta Lisabören doinu gordinetan murgildu nintzen

Dudarik gabe azken hilabeteetan gehien entzun dudan diskoa izan da Lisabören Eta Edertasunaren Lorratzetan Biluztu Ginen. Harreman berezia sortu dut berarekin, nire baitako lainoen uxatzeko erremedio biziki on bezala agertu delako, introspekzio terapia ilun bat, taldearen... [+]


Lisabök disko berria argitaratuko du zazpi urteren ondoren

Eta edertasuanaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts) diskoarekin itzuliko da Lisabö: larunbat honetan aurkeztuko du Irungo taldeak lan berria.


Martxel Mariskalen poemek ez dute musikarik behar

Martxel Mariskalen testuak, ostegun honetan aurkeztu duen Azken zakatzak liburuaren aurretik, kantuen bidez egin dira ezagun.


Lasa eta Zabala, poesiaren bidez oroituak Tolosan

Lasa eta Zabalaren erailketen 30. urteurrenaren harira, Kareak erre ez duena poesia emanaldia eskainiko dute hainbat sortzailek Tolosan, hilaren 11n.


2012-10-25
Lisabö, Belako eta Bigott asteburu honetan Beasaingo ‘Jazpana Fest’ jaialdian

Beasaingo Jazpana Fest jaialdiak egitarau oparoa prestatu du aurten ere. “Izen handiak, gorantz doazen talde gazteak eta banda mitikoak” izango dira jaialdian ostiral eta larunbatean, antolatzaileek nabarmendu dutenez.


2003-05-22
“Oso pozik gaude Bartzelonako Primavera Sound-en joko dugulako”
"Badirudi euskarazko musikaren merkatu naturala Euskal Herrira mugatzen dela, eta ez dakigu kanpoan bertoko musikari jaramon gutxi egiten zaiolako edo bertoko diskoetxeek apustu hori egiten ez dutelako den (...) Gure ustez, penintsulako talde onenetariko gehienak euskaldunak dira... [+]

Eguneraketa berriak daude