Esan Pitrau eta txapela erantziko dizu askok Zuberoan bezala Nafarroa Beherean edo Lapurdiko mendialdean. Johañe Pitrau Erbin, XX. mendeko euskaldun inportanteenetako bat dela esatea ez da esajerazioa: hiru mende lehenago Bernard Goihenetxe Matalaz deituak Zuberoako jendeak aginte zentralaren aurka armatan jaikiarazi zituen gisan, Pitrauk mendialdeko nekazariak engaiarazi, konprometituarazi, zituen beren etorkizunaren alde borrokatzeko jakintza, eskuzabaltasuna eta autoeraketa astinduz armatzat.
Antolatzen ari zen Europa osoan bezala etorkizuna industriaren eta hiritartzearen gainean oinarritu nahi zuen Frantzia hartan, 1950-1960 hamarkadetan, nekazariak ziren progresoari sakrifikatu beharreko jendeak; eta hauen artean hutsaren hurrengo utziak ziren eskualde menditsuetakoak. Ziutateak eta usinak haragi beroz hornitzeko, baserriek hustu behar zuten estraina, bertan heriotzaren zain zaharrak abandonatuta, beranduago eremu haiei turistei paisaia liluragarritzat saltzeko.
Ez zen Johañe Pitrau Erbin izango mugitu lehen nekazaria, are gutxiago bakarra. Baina marka berezia utzi zuen laborari menditarren bizimodua duintasunez tratatua izan zedin borrokatu ziren ehunka milintateen artean. Sasoi betean hil zela laster 35 urte eta zuberotar haren irudia ez da lausotu.
Nola ulertu ote zuen Zeruko Argiaren orduko irakurleak 1971ko urtarrilaren 31ko zenbakian publikatutako istorio hura? 40 urte beranduago irakurtzen duzu Jose Maria San Sebastian “Latxaga” zenak (Donostia 1933-2008) sinatu “Jean Pitrau, baserritar aurrerakoia eta xuberotar argia” eta lider handi baten hitzaldiak sortuko lizukeen adinako zirrara eragiten dizu.
Onena, Atharratzeko Madalena ondoan aurkitutako gizona azaltzen Latxagari berari uztea, orduan idatzi bezalaxe. Honela dio:
Xuberoan nintzala, garbi asko esan zidaten: “Emen zerala etzaitela joan Pitrau ezagutu gabe”. Aurretik ordua eskatu bear jakiña, gure gizon au ez da nolanaikoa ta oso artua dago.
Beregana joateko, Atarratzeko iria igaro ta Madalena Mendiaren aldapa igo bear lepo bateraiño, andik zear egal batean, Biarnoko mugatik berreun metrotara arkitzen zaigu Erbin [benetan Erbinia da] baserria, egoaldera, aurrez aurre Auñamendiko mutur guztiak agirian dauzkala. Euskalerrian dagoen toki zoragarriena degu. Mendi guzti aiek sorgiñak egiñak dirudite. Salzburgo, Austriako iriburuaren inguruko mendien antzekoak dira, Xuberoa alde batera gelditzen dala ta Biarno bestera. Argazkian ikusten diranak zeozer esan nai dute. [Artikulua Erbiniari “Aida”k ateratako argazkiak edertu zuen 1971an, eta hemen ipini duguna hogei bat urte geroago –kontuon berririk orduan batere jakin gabe– kazetari honek atera zuen leku beretik].
Gure baserritar argi au etxean zegoen, lanean. Irri-parrez artu ginduan. Euskeraz oso azkar mintzatzen da, xuberotarra erabiltzen du. Poliki mintzatzeko guk esan bear. Berak parrez ala dio: “¡Manexak ez badute euskera bein ere bear bezela ikasiko!”. Biaramonean etortzeko esaten digu baiña galderak idatzita uzteko. Guk, iru idatzita ematen dizkiogu.
Urrengo egunean antxe giñan 12 ½ ematen ari zirala. Gure aurretik aleman batzuk, atzetik marruekostarrak.
Lenengo aurra, alaba, jaio berria, ate aurrean zegon seaskan, aize goxua artzen. Alabatxoren ondoan, emazte gaztea, garazitarra [Anita Galant, Garazialdeko Azkaraten sortua, gaur ere Erbinian bizi da]. Gizon onek ogeita-amarren bat urte eukiko ditu. [1929ko abuztuan sortua, 41 eduki behar zituen]. Maai inguruan eseri giñan.
Leenengo galdera auxe zan: Zerengatik gelditu zera baserrian? Pitrau jaunak ala dio: “Gizon izatea ta sosak egitea ez da berdiña. Askok sosak egitea nai dute.
Ni JAC [Jeunesse Agricole Chretienne] taldeetan ibilli naiz eta garbi ikusi det kristauaren egitea eztala bat obeto egotea. Gurasoak baserrian bizi ziran ta ezin nitzakean bakarrik utzi. Orduan baserritarrentzat etzegoen erretretarik”.
Nere bigarren galdera: Ze giro zegoen leenago baserritarren artean? Bere erantzuna garbienetakoa da. “Geienek, diruari bakarrik begiratzen zioten. Baserrien etorkizuna gaizki ikusten zan. Askok iri aundiko giroari begiratzen zioten. Neskak lasterka joaten ziran. Baserrietan etzuten bizibiderik, irietan bai. Baserrietako etorkizuna illun ikusten zan.
Orain gauzak aldatzen dijoaz. Baserrietan gauza asko aurreratu da. Neskak eztute aiñ erraz joan nai. Erri aundi oietan asko sufritzen dala ikusten dute. Batzuk atzera etorri dira berriz. Baserrietako etorkizuna garbi dagoenik etzaigu iduritzen baiña iri aundietakoa illun dagoela ikusten degu. Erri aundietan gauzak eztaude orren garbi. Gaiñera inguru auetan ari dira olategiak jartzen, adibidez Ligin.
Garrantzi aundiko beste gauza batzuetan esnatzen ari gera. Oartu gera, baserritar sindikatoak, koperatibak eta diru-kutxak ez taudela baserritarren eskutan. An diran funzionarioak ez dira gu bezelakoak. Beti, Estaduak “zer dion” arri begiratzen diote.
Biarnoko lurrikarakin esnatu gera. Euskalerri inguruetako baserriak elkartu gera ta gure aldetik laguntza billatu degu. Gure artean zeozer egiten aalegindu gera”.
Orain zertan ari zerate?, nere azkeneko galdera. Emengo erantzunetan azaldu zan gizon onen nortasun azkarra ta berexia.
“Aipatu dudan bezela oartu gera, beste langillekin asko desberdintzen gerala. Gure gauzak aurrera ateratzeko, besten bideak artu ditugu orain arte eta ez gureak. Sindikatoak besten modukoak genituan. Leenagoko gure lan-uzteak, olategiko langilleen antzekoak ziran. Partidu Politikoekin gauza berdiña gertatzen zitzaigun. Baserritar bezela nortasun aundi bat degula, ikusten ari gera. Orduan elkarrekin lan egiteko, gure bideak billatzera goaz.
Guk bide berri bat billatu degu, gure zaarrek utzitakoa, au da “biurripen geldia” edo erresistentzi pasiboa. Frantziako Estaduak baserrietan Napoleonen legeaz seme guztiak berdindu nai zituen. Orrela baserria zatitutzera eta iltzera zijoan. Lege ari ez diogu kasorik egiten. Aal degun bezela konpontzen gera. Orrela baserriek irauten dute.
Orduan baserritarrak lagundu nai ditugu baiña gure bideak aukeratuta, ez bestenekin.
Adibidez, emen bost baserri urik gabe zeuden, eta orra, Estaduaren Administrazioari kasorik egin gabe jarri diegu. Gure leenengo ekintza, auxe izan da. Gero baserritarrak elkarri obeto laguntzearren, bakoitzak ofizio bat ikasi du; batek zurgiñlana, besteak indar-argia, kisusgille, indar-tresnak ta abar.
Gero Estaduaren banakuntza edo administrazioa, lo edo gure aurka arkitzen degunean, erresistentzia pasiboa egiten diogu, gure modura, Gandin [Mahatma Ghandiren] antzera. Aldegunean ridikuloan, lotsatuta uzten degu. “Guda gelditu” antzeko batean saiatzen gera. Adibidez, emen bertan ba zan baserritar bat, beitegi berria bearrezkoa zuena. Administrazioak etzion baimenik ematen; larunbat eta igande batean, lagun asko bilduta, asi giñan lanean eta oso aurrera joan ere. Astelenean Administrazioa ireki zuteneko lana ia bukatuta zegoen. Beste bati bideakin gauza berdiña gertatzen zitzaion. Onekin ere berdin jokatu giñan...
Azkeneko lurrikaran 148 baserri urik gabe gelditu ziran. Administrazioak danak erriko kalera bizitzera joatea nai zuen ta orregatik etzien ordaindu. Ba gure artean urarentzat 23 kilometro tubo jarri ditugu iñori baimenik eskatu gabe, gero kontua Estaduari pasatu diogu. Guk probisional egin genduan. Estaduaren administrazioak esan zigun sendo jarriko zituela; eta or joan dira iru urte ezer egin gabe. Gure artean zerbait gaizki dagoenean, bear dan bezela zuzentzeko denok biltzen gera.
Gure artean elkarri obeto laguntzearren baserritar elkarte bat [ASAM Association au Service des Agriculteurs Montagnards] osatu degu. Asieran amar kide giñan bakarrik. Iru maillako lagunak gaude elkarte ortan. Batzuk, bestekin lanean ari dira baiña nork beretzat. Bestek, inguruko baserritarren alde egiten ari dira. Azkenak besten bitartez laguntze dituztenak. Baserritarrentzat ikastetxe bat ba degu, burua bear dan jakinduriaz jazteko.
Gure elkarte ontan Zize [Garazialde], Xubero eta Biarnotarrak batean sarturik gaude. Eztegu aurrak bezala bizi nai ta aurrera ateratzearren elkartu gera. Elkarte onen lanbidea Xuberoko Pastoraletik artu degu. Pastoraletan, gaia aukeratzen dute leendabizi. Gero lana banatzen da. Nork bere zatia ikasten du ta denek elkartuta egiten dute. Gure artean berdin gertatzen da. Guk eztegu arrotzen lanbide bearrik. Pastoralak egiten dituzten modura, gu ere lanean ari gera. Guretzat Pastorala bizitzaren eskola da.
Erri kulturari ere garrantzi aundia ematen diogu, batez ere Pastoral eta abestiei. Gure Pastoraletan erriko mutillak, baserritar eta langilleak dabiltza, burgesik ez beiñ ere.
Gure erri kultura naiz euskaldun edo biarnotarra izan mami aundikoa da. Ikusten degu gaiñera euskeraz gero ta geiago abestutzen dala. Pastoralak ere oso txalotuak izandu dira. Erri kultura elkarteko kultura da. Abeslari berri oiek burgesak dira, banaka abestutzen dute ta burgeskeriak sartzen dituzte”.
Baserritar argi au ezta lo egiteko jaioa. Gu arekin giñala, ba zituen 100 gazte, neska ta mutil arrotzak, Europa osokoak, baserrietan banatuak zeudenak, baserritarrei laguntzera etorriak eta giro ori ezagutu naian. Opor aldiko egun oietan, baserrietan lagunduaz asko ikasten dute. Larunbatero biltzen ditu arreman sakonak izateko. Giza-alderdi ta langiroa aztertzen dute. Orrela gaiñera kaletarrek baserritarrak obeto ezagutzen dituzte. Emengo egonaldia egin-da etxeruntz oso aberats itzultzen dira.
Esan dezakegu, gure baserritar gazte onek, baserritarrak laguntzeko aukeratu dituen bide berriak, ontzat artu dituztela, gaurko europatar iraultz-langille askok. Pitraukin izandu dituzten arremanetan oartu dira, gizon onek dauzkala gaurko egunean gizarte berri bat osatzeko egiazko giltzak. Bakarrik au esan bearra dago: bera naigabetuta dagoela, kristau gazte gutxi datozkiolako, geienak marxistak izaki.
Ara ba noraiño alda dezakean gizon argi ta azkar batek baserriko giroa.
Ezin gintezkean elkarrizketan luzatu, beste batzuek ere gazte onekin mintzatu nai baitzuten. Betiko ezagunak ba giña bezela egin genuen azken agurra. Joaterakoan erakutsi zizkigun beitegiak eta lurrak. Eunda berrogei-ta-amar ardi edukitzen ditu, beiak eta txerriak ere bai. Etxe inguruko lurretan ba zituen arto landare ederrak.
Ateratzeko [Atharratzeko] udalkide degu ta ez nolanaikoa. Baserritarrek aukeratu dute. Iri onek baserrietara dijoazten 18 kilometro errege-bide ditu. Baserritar gehienek berebillak dituzte eta nai dutenean, irian, bordetan edo soroetan daude. Berebillak, lana asko errazten du.
Gizon gazte au utzi ondoren, iritzi onekin joan nintzan; baserritar gazteak badutela nun ikasi ta onena, elkarrizketa sakon bat edukitzearren, Jean Pitrau ezagutzera etortzea dala. Poz aundiz eta asko irabazita joango dira, gu bezela.
Orrelako gizonak ez ditugu Euskalerrian orren maiz aurkitzen.
Latxagak 1971n Zeruko Argian aurkeztu gizon hartaz deus ez da gehiago jakin Hego Euskal Herrian. Aldiz, Iparraldean, laborarien artean eta oro har ezkerreko militanteen artean sarritan aipatzen zen haren izena. Zorteak nahi izan du Argia haren arrastoen bila hasi zelarik, 2010eko uda partean, jakitea aldi berean Aguxtin Errotabehere kazetari baxenafarra gizon beraz liburua bukatzen ari zela. 2011ko udaberrian kaleratu zuen “Jean Pitrau, la révolte des montagnards” (Elkar). Haren biografia marratzu ondoren lehen zatian, militantziako lanen hasieran bere lagunekin 1962an idatzitako “Agriculture en montagne” bildu du Errotabeherek bigarren zatian.
“Euskal Herriko paraje ederrenean” –eta kazetari honek zin dagizu Erbinia ingurua horixe dela, bete-betean– Latxagak aurkitu liderra 1975eko uztailaren 17an hil zen, jaiotetxean, bihotza lehertuta. Gaur oraindik, 46 urtetan itzalitako gizon hari aitortzen diote maisutza hainbatek.
Larrun hau ez balitz gehienik Hegoaldean irakurria, zuberotarrarekin egun asko emandako lagun baten esaldia ipiniko genuen izenburu: “Laborarien engaiarazlea”. Esnarazlea baino gehiago da ingurukoak engaiatzera, konpromisoak beren gain hartzera eta borrokan parte hartzera eraman dituena.
Europako eta munduko lider baserritar ezagunena den José Bové hamaika bider azaldua da hein handi batean Pitrauri zor diola nekazari bilakatu izana. Frantziako Berdeen liderretakoa eta Bordele ondoko Bègle hiriko alkatea den Noël Mamerèk dio militantziara Pitrauren eskutik heldu zela. XX. mendeko bigarren erdiko nekazarien antropologia egin duen Michèle Salmona-rentzat Pitrauk markatu du, AMAP famatuak sortu zituen Daniel Vuillonekin batera, Frantziako baserritarren alorra. Euskal Laborarien Batasuna sindikatukoek sarri izendatzen dute aitapontekotzat, omenaldia eskaini zioten 2000.ean, hil zeneko 25 urteak betetzean. Zuberoan eta Nafarroa Beherean askok daukate gogoan, egonik ere gaur sisteman instalatuta edo alternatibak eraiki nahian. Horietako batzuen lekukotasunak bilduko ditu Larrun honek Interneten edukiko duen bertsioak.
Aguxtin Errotabehere libururako oinarritu da hura ezagutu zuten lekukoetan baina baita ere utzietatik geratu diren idatzi urrietan, asko galduak dira, antza. Horietako bat bildu baitu liburuaren azken zatian, Pitrauk eta bere lagunek 1962an Zuberoako eta oro har mendi aldeko nekazaritzaz egindako erradiografia harrigarria.
Harrigarria Agriculture en montagne agiria, duela 50 urte han azaldutako arazoek eta haientzako proposatutako erremedioek osatu dutelako geroztik Ipar Euskal Herriko nekazarien eta, esan liteke beldurrik gabe, militante politikoen agendaren zati handi bat. Argitasun bereziko idatzia, egin zuen gizona bera izakeraz eta ekintzetan txundigarria zen moduan.
1962ko irudi hartaz asko gogoratzen dira oraindik Zuberoan. Le Miroir de la Soule astekariak argazkian bildu zuen, Errotabeherek liburuan berpiztu du orain. Irudian, Edgar Pisani ministroa Madalena mendi tontorrean, atzean Pitrau duela –33 urte– paperak eskuetan. Pisani prestatzen ari zen Frantziako nekazaritzarako legedi berria, eta Pauen eginiko bileran FDSEA sindikatuko ‘dinosauro’en artean Erbiniako sindikalista gazteak liluratu omen zuen. Ministroak haren iritziak gertuagotik ezagutzearren bilkura proposaturik, “zurekin biltzeko prest nago –erantzun zion– baina ez jauregi batean, zatoz mendiko laborariak nola bizi diren ikustera”. Eta ministroa etorri... Madalenaraino!
Pisanirenganaino iritsiak ziren, antza, Pitrau eta bere lagunek mendietako nekazaritzaz egindako analisia eta proposamenak. “Mendialdea –idatzia zuten Cercle de Jeunes Agriculteurs elkartearen eskariz egin txostenean– polit ikusten da ortzi-mugan, xarma dauka paseatuz zeharkatzen baldin baduzu. Baina barruan gorderik dena –pertsonak, lana eta sufrikarioak– ez zaio inori interesatzen. Alabaina, argi esan behar da, mendialdea galtzen ari da haurrak eta eskolak, artisauak eta komertzianteak, medikuak eta, are kopuru handiagoan, nekazariak. Laster ez da ezer geratuko galtzeko, ezta ilusio bakar bat ere”.
Orduko ministro hura askoz beranduago, 2009an, Baionara itzuliko zen Euskal Laborarien Batasuna sindikatuak eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarak antolatutako Lurrama feriari atxikimendua azaltzera. Ezingo zuen ahaztu Pitrau gazteak 1962an Agriculture en Montagne raporrean idatziz eta Madalenako kapera ondoan ahoz defenditua: “Ez dugu egia baizik esan, batzuetan oso gogorki eta menturaz batzuetan bortitzegi. Luma baino usuago erabili ditugu goldea eta sardea eta, gauden egoeran, benetan oso zaila da esan beharreko guztia esatea jende asko zauritu gabe. Berriro eskatzen dugu barkamena horregatik. Bada jende bat zeinari alferrik baita kritikak gogor zein gozo zuzentzea, falta dituztelako edo horiek ulertzeko adimena, edo amor propioaren gainetik horiek onartzeko adorea, edo aldatu beharrekoa aldatzeko erantzukizunaren zentzua. Seguru egon bagina zuek ez zaretela horietakoak, ez ginen hona etorriko zuei hau guztia esatera”.
Familian eta lagunek beti Johañe deitu zioten haren etxaldea Madalenatik harrikada bide zegoen eta dago. Erbinian sortu zen 1929an. Lagunentzako Johañe Erbin izango zen. Clément Pitrau eta Lucie Larrausek hiru haur ekarri zituzten: Jean edo Johañe, Madeleine eta Pierre [Pierra]. Aitaren aldetiko amona zuten etxean, Muntoritik etorria eta hizkuntzaz biarnesa. Horri esker, Pitrautarrenean euskara eta biarnesa berdin ikasi zituzten haurrek.
Erbinia dago Atharratzetik Barkoxerako bidearen ondoan, Arrañe auzoan. Bertan, erromatarren garaiko (agian zaharragoko) aztarnak dauzka Madalenako kaperak; kilometro gutxira dago Barkoxeko Etxahunia, Pierre Topet Etxahun famatuaren jaiotetxea. Bizkar eguzkitsu batean kokatua, inguru guztiak malkor eta baso, Johañe mutiko zelarik ez zen Erbiniatik Atharratzera joateko gurdibide trakets bat baizik. Arrañeko umeek eskola auzoan bertan zeukaten.
Ikasketaz Pitrauk ez zuen derrigorrezko eskolaldia besterik egin. Ikasle txarra? “Eskolara joatea ez maite!”, dio haren alargun Anitak. Izan ere, derrigorrezko eskolaldia bukatutakoan, sortetxean hasi zen lanean, gurasoekin, “eta orduan hasi zen ikasten”. Baserriko lanak egitearekin batera posta bidezko estudioei ekin zien, gaur ere Frantziako nekazarien munduan erreferentziazkoa den Okzitaniako Tolosako Purpan Laborantza Eskolan, zeinaren burua baitzen apaiz famatu bat, Père Fort, Bernard Fort apeza.
Nondik atera ote zituen Pitrauk ondoko urteetan erakutsi zituen jakintzak eta kultura, 1962an Pisani ministroarentzako prestatu Agriculture en Montagne dosierrean azaltzen duen idazkera bizi, zehatz eta kategoria handikoa? Alde batetik, ikasketetatik. Oso gazterik Purpaneko eskolan, postaz, ikasitakoaz gain, beranduago Diplome d’Education Populaire izenekoa eskuratu zuen, DSS titulu baten balioa duena. Hurbiletik ezagutu zuen Peille Errezarretek kontatua da etsamina egin behar zioten epaimahaikoak harritu zirela Jean Pitrau izeneko baserritar bat azaldu zitzaienean, izen bereko Donapaleuko errient bat espero zutenean.
Ikasi eta irakurri. Liburuak eta aldizkariak. Irratiari adi. Telebistarik ez zuten etxean artean. Irakurri eta irakurri. Sarritan gurasoen ezkutuka, lana sekula amaitzen ez zen etxalde xumeetan gaizki ikusia zegoen irakurketan denbora galtzea. Etxeko edozein zokotan gordeko zituen gero liburuak, ez zedila nabaritu. Hura hil ondoren ere edonon azaltzen omen ziren.
Soldadu joan aurretik obreroen bizitza ezagutzeko aukera izan zuen, Ariège eskualdeko talko meategi batean, Luzenac herrian. Mundutik aparte dagoen zulo hartan maiatzetik azarora egunero jai eta aste egin behar zen lan, egun libre bakar bat gabe, baldintzarik gogorrenetan. Espainiatik harantz sasoirako joandako jornalariak hala ezagutu zituen, haiekin gaztelania ikasi ere bai.
Aguxtin Errotabeherek liburuan ondo laburbildu du 1950eko hamarkadan Johañek Europako eta zehazkiago Frantziako gizarte osoarekin batera bizi izan zuen iraultzaren testuingurua. Nekazaritza eremuak husten ari ziren gerra osteko Europan industrializazioak aurrera egin eta Europa barruko batasunaren lehen urratsak eman ahala, teknika zaharretan eta produktibitate urrian harrapatuta, atzerritiko inportazioei aurre egin ezinik. Baserritar txikiak inork ez zituen defenditzen, agintarien aurrean labore ekoizle handiek zeukatelako hitza. Emigrazioa ugaritu zen, hirietara, Ameriketara. Neskak gero eta gutxiago geratzen ziren baserrietan, aldiz, gero eta mutilzahar gehiago.
Hego Euskal Herri hiritartuan JOC Juventud Obrera Católica izan zen moduan erreferente nagusietakoa, 1950eko hamarkadatik aurrera Frantziako nekazari eremuetan JAC Jeunesse Agricole Chrétienne asko mugitzen zen. JAC esatean hemen Eskualdun Gazteria ere ari gara esaten. 1958an Frantzian militantzian ari ziren laborari gazte kristau haietako askoren artean CNJA Centre National de Jeunes Agriculteurs sindikatua sortu zuten, departamentuka antolatua zena. Horretan murgildu zen Johañe.
Batik bat gazteen formakuntzan. Bazuen lotura Bordeleko Institut Culture et Promotion erakundearekin, hor lortu diru laguntzarekin ikastaroak ematera ekarrarazten zituen adituak. Ikastarootan bildu zituzten militante oso gazteek beren armak jendeen aurrean mintzatzeko, adierazpen mailan, idazteko, metodo pertsonalen eskuratzeko, bilkuretan oharrak hartzeko...
Errezarretek aitortzen du ehunka gaztek jasotako oparia: “Gauza horiek guztiek nik uste eman digutela gero halako guregaintasun bat”. Gaur herrialde eta komunitate baztertuekiko hain modan aipatzen den norberegaintasuna, enpowerment. Formakuntzak izaten ziren egun osokoak, edo arratsalde osokoak, eskualdeka antolatuak. Baziren ere Stage d’Eveil deituak [Iratzartzeko egonaldiak]. “Gure bizitzaz analisia egiteko, zer ikusten genuen, non ziren jokoak edo auziak... Hor bazen kontzientzia hartze bat, alde sozialetik, ekonomiatik... Baina beti azterketa abiatzen zen guk bizi genuenetik, hortik zabaltzen zen eremu zabalagoetara, beste ikuspegi bat ekartzen”. Ikastaldi horietako anitz egin zituzten, Iparraldeko militante askorengan marka utzi zutenak.
CNJA barruan mendiko nekazaritza batzordea antolatu zutenean, Pitrau izendatu zuten buru. Ondorioz, astero ez bazen hamabostero zeukan bidaiatu beharra. Erbiniatik oinez Atharratzeraino, hemen moto bat hartu eta Puyooraino, trena hartzeko, hortik Pariseraino… han bilkura egin eta buelta sistema berean.
Erantzukizunekin batera zihoan zabaltzen militante gaztearen sona Hexagono osoan. Auvergneko La Bourboule herrian antolatutako jardunaldi batzuetara deitu zioten, mendiko nekazaritza aztertzeko. Herri hartako alkateari honela mintzatu omen zitzaion, aho-bizarrik gabe: “Mendiko laborantzako Frantziako arduradun naizenez, hemen bizi direnez ere badut erantzukizuna, eta honek eskubideak ez baina betekizunak sortzen dizkit. Laborari horiei zor diet esatea, aukera eskaini zaidanez, biziki harritu gaituela hemen ere aurkitzea Pirinioetako mendialdean XX. mendean aurkitzen dugun lotsagarrikeria bera: laborariak biderik gabe, haurrak sei urterekin etxetik urrunduak eskolaratu ahal izateko, emazteak erditzera leraz eraman behar, bideragarriak diren etxaldeei aurrerapena ukatzen zaie itxuraz diru faltarik ez duten herriek biderik egiten ez dietelako”.
1959an, 30 urterekin, zinegotzi sartuko da Pitrau Atharratzeko herrian. 1971n utzi zuen kargua. Bitartean, baserriak kalearekin lotzeko bideak izan zituen lehentasun, Arrañe bere auzorainoko bidea urratzetik hasita. 1960an lortuko zuten, herriko etxearen laguntzarekin bertako biztanleek auzolanean.
Herriko etxera sartzeko moduak erakusten du Pitrau gaztearen estiloa. Atharratzeko baserritarrak kexu ziren udalak ez zituelako haien beharrak kontutan hartzen. Ezkerrak agintzen zuen, “karrikako jendeetan pentsatuz”, Jean Michel Harluxetek kontatzen duenez. Laborarien botoak bi alderdien artean banatuta alferrik galtzen zirela oharturik, beren plataforma propioa sortu zuten, funtsean etxaldeetarainoko bideak egitean zentratuta. Ondoren alderdiekin negoziatu zuten eta adostasunera eskuinarekin iritsi. Etxalde guztiek blokean eman zuten boza eta irabazi.
Edgar Pisani nekazaritza ministroak [1918an Tunisian sortua, alemanen kontrako erresistentzian ibilia, aipatzen dugun garaian De Gaulleren ministro, gaur ezkerreko posizioetan lerrotzen da] 1960tik aurrera prestatu zituen Frantziako laborantza markatu duten bi lege handiak. Lan horretan 1961ean Hexagonoko departamenduak ikuskatzen ari zela, Pirinio Atlantiarretako nekazarien egoera ezagutu nahi zuela abisatu zuen. FNSEA sindikatu nagusiko buruek erakutsi behar zizkioten departamendua laborantza industrialean egiten ari zen esperientzien fruituak, tartean Donapaleuko Lur Berri arto kooperatiba eta batik bat Biarnoko nekazari handien lorpenak. Pisanik horiez gain mendiko baserritarren buru Pitraurekin egon nahi zuela adierazi zuen, CNJAtik ezagutzen zuenez. Pitrauk aukera historiko hura baliatzeko prestatu zuen Agriculture en Montagne agiria, non Atharratze kantonamenduaren egoera analizatzen duen; bere eskuz idatzi arau, Jojo Etxebarneri, Jean Castilloni eta beste taldekideei erakusten zien iritzi eske.
1962ko abuztuko egun hartan, helikopteroz iritsi zen Pisani ministroa Zuberoraino. Gero Madalena tontorrean errezibitu zuen Jean Pitrauk. Zuberoako Le Miroir de la Soule aldizkariaren argazkian ageri da ministroa, atzean duela 33 urteko laborari militantea, paperak eskuan, txapela buruan. Agriculture en Montagne txostenaz gain eskari berezia egin zion mendiko nekazarien ordezkariak: hasi Biarnoko Ossau ibarretik eta Bidarrai arterainoko mendialdearen egoera analizatuko zuen inkesta baterako diru-laguntza. Gobernuak hilabete batzuen buruan emango zuen, eta hala egin zen Biarnoko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko ehunka nekazari mobilizatuko zituen lan erraldoia, Enquête Montagne famatua, 1964an paperean plazaratuko zena.
1962ko udan Pisaniren eskuetan lagatako Agriculture en Montagne txostena esan daiteke testu fundazional bat dela, Johañe Pitrauren buru eta eskutik ateratako manifestua. Euskaraturik egon beharko luke. Guk hemen laburbilduko dugu.
Hitzaurretik, 1962an Pitrauri nekazal mundua iruditzen zaio “hirugarren mundua Frantzian”. Aldi berean oso ezezaguna da 1954an Frantziako mendialdean 534.187 etxalde biltzen dituen mundu hori. Baserritar guztien (denetara 2.260.000 etxalde) laurdena mendialdean bizi da. Baina kaletarrek hain eder atzematen duten mendialdea husten ari da. Ez baldin bada nahi milaka familia horiek alde egitea, lehenbizikoz haien egoera ezagutu beharko da.
“Influences du facteur montagne sur l’agriculture” atala geografiazko deskribapen oso zehatza da. Klimak nekazaritza mota honi egiten dion eragina, euria, hezetasuna, idorteak, elurra. Maldaren eragina, higaduran, lanaren gogortasunean, ordokietarako asmatutako tresnerien ahalmenik ezean, azpiegituren garestian. Eta mendiaren eragina jendearen izpirituan, izakeran.
Ondoren erradiografia eginen die Zuberoako Basaburuko bataz besteko baserriei. Etxalde txikiak dira, nagusiki etxeko autokontsumorako labore anitzak ekoizten dituztenak: oiloak, zerriak, behiak, ardiak… Han bizi diren laborarien bizimodua marraztuko du pintzelkada zorrotzez. “Sortzetik, lur honetako haurra inferioritatean kokaturik da (…) Gure haurrek harrapatzen dute miseria eritasuna bailitzan, jaiotzen diren egunetik (…) Denetatik urrun, haur eskola eta haurtzaindegietatik, haurra ordu luzez egonen da ganbera batean itxita, bitarte horretan haren amak ofizio guztiak egin beharko dituelarik ama izatea ezik”.
Oztopo guztiak gainditurik haurra bizkorra eta langilea ateratzen bada, errientak karrikara joatera bultzatuko du; apezak harrapatzen badu, seminariora. Terriblea da: “Gure eskolek produkturik onenak esportatzeko dauzkate (…) Gu gara selekzionatutako ergelen hirugarren belaunaldia”. Esaldia buruz daki mendialdeko militante askok gaur ere: “Nous sommmes la troisième génération d’imbéciles séleccionés”.
Kazetari baino gehiago soziologo ona izan beharra dago Pitrauk Agriculture en Montagnen bezain ondo sintetizatzeko kantonamendu bateko nekazaritzako estatistikak eta horiek gordetzen duten bizi ezina. Gurasoekin bizitzera gelditu diren nekazari ezkongabe askoren patua: “Luze da bizi osoa bizitzea lortu gabe gizon-emakume normalek beren buruei ezarritako helburuetatik bakar bat. Horrelakoetan azkar galtzen da norbere buruarekiko errespetua, badakizunean ezertarako ez duzula balio”. Haurrak hirira joanik zahartuz doazenena: “Gehienek jo behar dute herri edo zahar etxe hurbilenera. Gazteen esportazioak zaharren deportazioa baitakar (…) Ihesi doazenen guraso zaharrak zahar etxeetan hiltzen dira, edo basurdeak bezala beren gordagietan”.
Pitrauk emakumeen artean ere egina du inkesta. Baserrietako lan ordu luze neketsuak, erosotasun falta, sarritan ur berorik ere ez… Nor harritu neskek kalera ihes egiteaz? Emakume militante batek esana bilduko du: “Hobe duzu notarioaren zakur jaiotzea baserri bateko premu baino”.
Alabaina, nekazariak ez du alde egin nahi lurretik: “Menditarra hurbil da zerutik baina urrun paradisutik, eta hala ere ez ditu mendiak uzten ez bada etsita. Ez dugu bakar bat ikusi joaten irribarrez. Zer axola dute, ordea, jende apalen desio eta sufrikarioek kalkulagailuz armaturiko teknokrataren begietan?”.
Nekazaritzak 1960ko hamarkadako hasieretan bizi duen egoeraren erantzukizun bila hasita, Pitrauk hasieratik aitortzen ditu laborarienak: errutina, ingurukoen zeresanaren beldurra eta esperantza beti kanpokoengan jartzea. Tartean ordezkaritza politikoa daramaten notableengan. Kargudun edo notableak gogor egurtu zituen beti. Baita elite euskaltzalea ere: “Beste batzuek denbora asko eman diote euskararen defentsari, ahaztuz euskaraz ari direnen interesak. Euskara ez dago, zorionez, hain gaizki, baina usatu ohi dutenak, laborariak, fite ari dira urritzen…”
Notableen kritikan zuzen ari bazen, euskararen indarra oker neurtu zuen, garaiko beste askok bezala. 1960eko hamarkadan euskara hiltzen hasia zen Iparraldeko etxalde askotako familietan, tartean Erbiniakoan. Ondorengo belaunaldiak erreakzionatuko zuen hizkuntza berreskuratzeko ahaleginekin.
Nekazaritza ataka txarretik atera lezakeen bakarra Estatua da, ohartarazi nahi du Pitrauk ministroa. Baina horra: “Oso aspalditik Frantziako politika ekonomikoak kaletarrari laguntzen dio nabarmenki (…) 1880an laborari batek irabazten zuen Frantziako mediaren %78, 1913an %80, 1938an %62, 1950an %50”. Ordokietako baserri handietan hobeto moldatzen dira: “Stajanovismo sobietarraren bertsio mendebaldarra nekazaritzara aplikaturik, politika ekonomikoak behartzen ditu gero eta gehiago produzitzera. (…) Mendiko nekazaritza, oztopo gehiago dauzkanez, horretaraino ere ez da iristen”.
Agriculture en Montagneren azken orriak soluzioak marrazteko dira. Ikusi proposatuko dituen neurrien atariko apaltasun aitortza hau: “Arau orokorra denez, eriek askoz hobeto ezagutzen dituzte beren gaixotasunen sintomak sendatzeko beharko lituzketen erremedioak baino. Ez gara gu izanen salbuespena. Horregatik, labur ariko gara atal honetan”. Ikasketa handirik gabeko gizona, omen…
Badira egiazkoak ez diren soluzioak, “les fausses solutions”. Teknokratek pentsa lezakete ordokietako nekazaritza ereduak ezarri eta mendialdea hustea. Baina Zuberoako Basaburua ezingo da salbatu baserritarrik gabe, gutxieneko biztanle kopuru bat behar du. Parke Nazional bihurtzea litzateke bestea, baina “guk dakigunez, hautu hori da hildako eskualde bat lurperatzeko baimena, hiltzailea nor den ezkutatu nahi denean”.
Soluzio ez osoak datoz gero. Atharratze aldeak ez dauka irtenbiderik ez turismotik, urte osokoa ezin delako izan gurean; ez eskualde osoa oihaneztatzetik, landatutako lehen pinuak ebaki ahal izaterako bertan inor geratuko ez litzatekeelako; ez industriatik, nahiz eta ondo planteatutako industriatzeari interesgarri derizkion. Uste du, gainera, urte horietan Paristik industria deszentralizatzeko egin diren urratsek periferiako hiri handi bakan batzuk gizenduko dituztela, Zuberoa bezalako mendi aldeak bazter utzita.
Soluzio baliagarria da egunok arte nagusi izan den nekazaritzari eustea, ahal bada turismo eta industria pixka batez osatuta. Horretarako proposatzen du serioski aztertzea egoera eta beharrak eta ondoren erabaki argiak hartzea. Hemen proposatzen du Pitrauk gero Enquête Montagne izango zen ikerketa zabala burutzea, orduan Basses Pyrenées deitzen zen departamenduko mendialde osoa sakonki aztertuz: demografia, ekonomia eta gizarte aldetik, azpiegiturak, merkataritza, industria, turismoa, nekazaritza, teknikak…
Beste honakoa ere kuantifikatzea proposatzen du Pitrauk: Estatuari zenbat kostako litzaiokeen 1.100 etxe abandonatzea, 6.600 hektarea laborerik gabe uztea, baserrietatik eta kaletik 1.200 familiak alde egin beharra, horientzako hirietan lanpostuak eta etxebizitzak antolatu beharra… Hori guztia aztertu ondoren, erabakiak hartu behar dira. Estatuak hautatzen badu mendialdea biziaraztea, lortuko da. Laguntzak beharko dira, baina horiek galtzeko arriskurik ez da, baserritarrek denak hartuko dituzte beren bizkar.
Estatuak erabaki lezake mendialdea ebakuatzea, baina ez da debalde aterako. Jendea ohartuko da estatuak salbazio planak ezarri dituela komeni zaion lekuetan, orduan frantsesa zen Aljerian bertan ere bai, eta haserretuko da. “Bihar gure dei honi erantzuten ez bazaio, gazteek ez al dute eskubidea edukiko pentsatzeko frantses moduan tratatu ditzaten eskatu beharra daukatela frantses ez izatea?”. Abiso bat zen.
Eskualdea abandonatzea ere erabaki lezake Estatuak, baina garbi adieraztea eskatzen die politikariei: “Horrela gutxienez seguru jakinen dugu gure belaunaldia izango dela debaldetan sakrifikatu dena, itxaropenik gabeko lur batean, ez errukirik eta ez eskrupulurik ez duen aberri baten zerbitzuan”.
Agriculture en Montagne agiriaren azken atala, ondorioena, osorik leitzekoa da. Interneten eskaintzen dugu. Erabaki politikoak hartu behar dituztenei diotse: “Zuek, dauzkazuen titulu ezberdinekin erantzukizunak dauzkazuenok, jakizue guk maite ditugula gure emazteak, gure haurrak, gure zaharrak, zuek zuenak maita ditzakezuen adina, eta sufritzen dugula haiek ezin egoki tratatu izanagatik. Zuek sufrituko zenuketen bezala baldin eta zuen etxalderaino ez anbulantziarik eta ez kamioirik iritsi ezin balitz, zuen anaia edo semea hil balitz mendian bakarrik Santa Garaziko artzain hura bezala, zuen emaztea arrastaka bizi balitz laborarien hainbeste andre moduan, zuen haurrek eskolarako egunero 8, 10 edo 12 kilometro oinez egin behar balute, eguerditan otordu lehorra jan behar balute gela are hotzagoan, esklabutzako bizi baten bukaeran zuen gurasoek miserian goaitatu behar balute bakartasunezko heriotza… zer erabakiko zenukete? Zein neurri eskatuko zenukete? Erabaki horiexek eskatzen dizuegu guretzako hartzea edo eskatzea.
Eskualdea biziaraztea deliberatzen baduzue, jendeak prest dira lanerako. Herrialdea hustea hautatu baduzue, jendeak prest dira borrokarako. Baina guretzako okerrena litzateke statu quo hau mantentzea. Nekez soportatu dugu gaurdaino, ez baikenekien zehazki non genbiltzan. Baina zifrek hil dituzte ilusioak, eta beranduegi da gaurgero. Statu quo honek ezin du iraun, ez du iraun behar eta ez du iraunen. Gure gurasoek pazientziarekin egin dute froga; pazientzia landu dute absurdoraino. Ordainetan ez dute denen indiferentzia osoa besterik irabazi, mesprexu erabatekoaren adierazgarri perfektua”.
Laborarientzako badu azken aldarria: “Erreakzionatu behar dugu, nekazariok. Dagoenekoz ez dugu isiltzeko eskubiderik. Ez gure emazteei eta amei astoen moduan lan egiten uzteko eskubiderik. Ez gure haurren etorkizuna hondatzeko gure jornal lotsagarriagatik ikasi ezin dutelako. Ez gure zaharrei esklabo biziz hiltzen uzteko, beti miserian, sarritan bakardadean, batzuetan etsipenean. Ez dugu eskubiderik horretarako, edozein izanik ere erabili beharreko metodoak, hartu beharreko neurriak, onartu beharreko arriskuak, sufritu beharreko zailtasunak, kolpeak eta presondegia barne”. Horra militantearen bizi programa.
Edgard Pisani ministroak abisatua zien Zuberoan harrera egin zioten nekazariei, Aguxtin Errotabeherek liburuan bildu duenez: “Lan gutxiago ematen du zuen mendiak pasatzeak ministerioa itotzen duten paper mendiak gainditzeak baino. Hala ere, esaidazue zehazki zer behar duzuen eta lagunduko dizuet”. 1962a joan zen, 1963a bukatzear eta artean inongo diru-laguntzarik ez mendiko nekazaritza sakon aztertu behar zuen inkestarentzako. Azkenean, San Martingo Harriko eski estaziorako sarbidea blokatzeko mehatxuak desblokatu zituen sosak, 150.000 libera. Helburu handirik lortzeko hutsa, baina 1964ko udan ekin zioten lanari.
Ikerlana nekazariek berek egitea zenez helburua, Pitrauk urte horietan lanean ikusi edo jarritako jendeak mobilizatu zituen. Borroka sindikaletan zaildutako baserritarrak, hala nola 1964 hasieran ardikiaren greban mugitu zirenak. Militantziako lagun hurbila izan zuen Peille Errezarretek honela deskribatu du inkestaren prestaketa:
“Alimaleko lana egin zen. Aitzinetik izaniko Stage d’Eveil haietan ibilitako jendeak oro mobilizatu zituen Pitrauk inkestaren egiteko. ‘Inkestarik onena izanen da laborariek berek egina’ esaten zuen, ez zuen nahi ikerketa estatistikari handiek-eta burutu zezaten. Eskualde horietako 96 herrietan egin zituen bilkurak, asmoa presentatu eta inkestagileak hautatzeko. Herri bakoitzean nahi zituen bi pertsona animazioa egiteko, eta atera behar zuten laborarien bilkuratik: bakoitzak eman behar zuen boza baina hautagairik gabe eta sekretuan. Paper puska bana eman jendeari eta jendeak izen bana ematen zuen, hautagairik gabe. Gehientsuetan, kasik denetan, pertsona interesanteak atera ziren, laborariek pertsona aski dinamikoak hautatu zituzten. Horrela egin zen inkesta herriz herri, eskuz betetako hosto handi batzuetan: zenbat jende, zenbat kabala, datu guztiak. Ene herrian ni ibili nintzen. Gero baziren kantonamendu bakoitzean ekipoak, jendeen animatzeko, agertutako trabak konpontzeko...
Inkesta horri esker mendiko egoeraren jakitate handi bat bildu zen, hemengo errealitatearen erradiografia, scanner, zinez zehatza. Izugarriko trabak izan ziren, lanaren argitaratzeko ardura Paueko Laborantza Ganbarak zeukan eta denbora eman zuten dokumentua argitaratu arte, eta abar. Hala ere, Pitrauk kantonamenduetako animatzaileekin batera proiektu bat osatu zuten argitzeko zer egin behar zen laborantzaren sustatzeko, etxaldeen modernizatzeko, lanaren errazteko, ez laborantza bakarrik, baina mendialdeko herrietako biziarendako”.
Burokraziak idiaren pausajea darabilenez, urte askoren buruan 1972an onartuko zituen Parisko gobernuak mendiko nekazaritzarentzako laguntzak, Mendialdearen Legearen haritik.
1965eko abenduan sortu zen mendialdearen historian hainbestetan aipatu izan den ASAM Association au Service des Agriculteurs Montagnards. Ohartu izenean ez dela mendiko nekazaritza aipatzen, laborari menditarrak baizik.
Mendialdearen ikerketan aritutako militanteak urduri zebiltzan, egindako lana fruiturik gabe geldituko zen beldurrez. FNSEA sindikatu handiaz ere ez ziren dagoeneko fidatzen. Egitura berri bat antolatzea erabaki zuten, baina aurrekoarekin erabat hautsi gabe. Horrela egituran bildu nahi izan zituzten kantonamenduetan inkestan aritutako militanteen ordezkariak, instituzioek lurralde antolaketarako izendatuta zeuzkaten teknikariak eta nekazarien sindikatuan mendialdeaz okupatzen zirenak.
ASAMek bere afiliatuak zituen, karta, logo eta guzti: “Pour les agriculteurs montagnards, avec eux, par eux” (Nekazari menditarren alde, haiekin, haiek eginik). Lehen lana, laborarien hezkuntza. Lehendik antolatzen ziren Stage d’Eveil haiei jarraipena. Bigarren ikastaro batek hezkuntza sozio-ekonomikoa lantzen zuen eta hirugarren kurtso batek taldeen animatzaileak prestatzen egindakoari segida emanez. Aguxtin Errotabeherek dio 1962tik 1971 bitartean ikastaldi hauetan 11.193 saio osatu zituztela, 2.084 pertsonek parte hartuz. Lan eskergak fruituak emango zituen askoz beranduago ere, bai ELB sindikatuaren eta beste egitura militante askoren partaide izango zirenen formakuntzan, baina baita ere laster sistema –sindikalismo ofizialista eta nekazarien zerbitzura antolatutako egitura ofizial guztiak– bereganatzen hasiko zen pertsonenean.
Tirabira askoren ondoren 1966an argitaratuko zuen Mendialdeko Inkestaren emaitza –liburukote lodia– orduan Basses Pyrenées deitzen zen departamenduko kontseilu nagusiak. Udazken hartan negoziatu ziren ikerlanak markatzen zituen helburuentzako aurrekontuak. 6-7 milioi libera lortzeko modua aurreikusi zuten agintariek. Aldiz, ASAMeko nekazariek 40 milioi behar zirela kalkulatua zuten…
Mendialdea garatzekotan baserritarren irabazpide nagusia –ez bakarra, beti azpimarratu zuten– eman behar zutenez, artaldeen produktibitatea hobetzeko lanei ekin zitzaien. Pitrauk parte hartu zuen CETA Centre d’Etudes Thecniques Agricoles delako baten antolakuntzan, Estatuak pagatutako teknikari baten laguntzaz ikerketa eta esperimentazioa egiteko. Hortik etorriko ziren hobekuntza genetikorako sortutako egitura berriak, berdin hobekuntza tekniko eta komertzialetarakoak. Atharratzeko kantonamendua biziarazteko batzorde berezi bat abiarazi zuten, beranduago, 1975ean, Zuberoarako Contrat de Pays delakoan mamituko zena.
Pitrau buruzagi zuten laborariek, lehendik FNSEA sindikatuarekin zekartzaten haserreez gain, ikusi zuten haien proiektuentzako diruak zekenkeriaz urritzen zizkieten bitartean, administrazioak bazituela sosak hain beharrezkoak ez ziren asmoetan xahutzeko. 1966an bukatzen ari ziren Iratiko txaletak, Hegoaldeko mendizale askok gozatu dituztenak jakin gabe zer nolako liskarrak izan diren haien sorreran. Franz Duboscq politikari eskuindarrak bultzatako 40 txaletak, kanpina, saltokia eta beste –eski estazio bat ere bazuen proiektuak– gehi haietara iristeko errepide berriak… zenbat kosta ote ziren?
1967an, berriz, Pirinioetako parke nazionala sortu zuen Parisko gobernuak. Eta horretarako ere milioi asko. Pitrauk idatziko zuen: “50 hartz eta kilker sorta baten etorkizunak gehiago axola ote du mendialdeko nekazarienak baino?”. Bestalde, bortuko artzainen bizimodua hobetzeko asmoz kantonamendu horietan eraiki nahi zituzten 14 artzaintoki modernoetan 5 milioi franko gastatzen ari ziren instituzioak. “Egitura merkeagoak eraikitzea eskatzen dizuet”, idatziko die Pitrauk sustatzaileei. “Artzaintoki batek ez du zertan kostatu Renaissanceko jauregi batek adina, aldi berean esaten baitzaigu udalerriek eskatu dituzten hamar errepideetatik bakarra egiteko dirua dagoela”.
Tentsio giro honetan ASAMeko kideak urrituz joan ziren. Askoz beranduago Pitrauk idatzi omen zuen, Aguxtin Errotabeherek bildu duenez: “Arduradun politiko eta sindikalak baliatu ziren gure esperientziarik ezaz eta beraiek goietan zeuzkaten babesleez gure proiektu guztiak torpedeatzeko, gure eskariak desegiteko, gure proposamenak baztertzeko, gure ahaleginak blokatu eta berenganatzeko beren aintzarako, ahal zuten guztia suntsitu dute”. Ahultzea ikusita, ASAMen partaide ziren bazkide instituzionalek jadanik beren lana egiten ez zutela ohartuta, elkartea berrantolatzeko lehen gogoetatan ari ziren. Baina 1967ko abuztuaren 13an dena geratu zen zintzilik.
Igande gau hartan, 23:15ean, lurrak dar-dar egin zuen Zuberoa eta Biarnoak muga egiten duten inguruetan. Baretoseko Ereta (Arette frantsesez, okzitanieraz Areta) eta Landa (Lanne, Lanno) eta Zuberoako Muntori izan ziren kaltetuenak baina ez bakarrak, dozenaka herri gehiagotan izan ziren txikizioak, Errotabehereren kontabilitatean, 36tan: 610 etxe bizitzeko moduan ez zirenak, 850 gehiago oso hondatuak, 250 ukuilu… Gainera, errepide eta ur hornidura etenik leku askotan, betiko iturri batzuk desagerturik.
CNJA, Sokorri Katolikoa eta ASAM bildurik, 72 ordutan abiarazi zuten boluntarioen lanaren koordinazioa, Service d’Entraide (Elkarlaguntza Zerbitzua) bataiatu zutenarena, operazioaren buru Johañe Pitrau zela. “Lurrikararen kariaz erakutsi zuen Jean Pitrauk –idatzi du Errotabeherek– bere antolatzaile kemena, energiak bilduz, ahulenei lagunduz ororen gainetik, kalte-ordainak kobratzeko txostenak idazteko gai ez direnei”.
Inguruko herrietatik etorritako 700 boluntario eta gehiago aritu ziren berreraikuntza lanetan. Enpresei ere egin zitzaien dei, baserrietara bideak ireki eta ura eramateko, ura iritsaraztea baitzen premiazkoena. Service d’Entraideko militanteek koordinatzen zituzten lanak. Horietako bat Peille Errezarret zen.
“Goizetan baziren berdin 40 jende autobusez jinik, eta guk Service d’Entraide horretan behar genituen eraman batera edo bestera lanera, hori zen nire eginkizuna, lana antolatzea, kaltetuen beharren arabera zenbat ziren beharrezkoak, non zenbat jende... Jende sare bat okupatzen ginen zerbitzu horretaz, hogeiren bat.
Jende horiek xantierretan ezartzen genituen. Eman dezagun, iturritik ura ekartzeko lanean hamar pertsona berdin zortzi egunez behar genituen ezarri ez dakit zenbat metro hodi ezartzeko. Bide bat behar baldin bazen zabaldu, bulldozer bat ekarrarazten ahal zen baina hari laguntzeko ekipoak ezartzen genituen multzoka. Denak boluntarioak. Saratik, Azkainetik... leku askotatik etortzen ziren, batik bat Euskal Herritik. Apezek asko lagundu zuten.
Logistika, janaria edo edatekoa... boluntarioek nork berea ekarri behar zuten, bertan ezin zieten eman. Eta arratsean sartzen ziren beren etxeetara. Hurrengo egunean beste batzuk etorriko ziren, eta haiek ere behar ziren antolatu.
Negua hurbiltzen ari zelarik berogailuak ere ekarrarazi behar izan ziren. Eretan eta Landan etxe asko eraitsi zituzten, lanjerosegiak zirelakoan. Zenbaitzuk ez ziren botatu behar, joera bera ikusten dugu orain Haitin lurrikararen ondoren; guk esaten genuen ahalak oro behar zirela kontserbi... baina administrazioa hor zen manatzeko. Eta etxerik gabeak prefabrikatuetan aterpetu zituzten. Negua gainean zela eta, Sokorri Katolikoaren diru-laguntzarekin erosi ziren haietarako berogailuak. Gu hor ibili ginen hornitzaileekin negoziatzen prezioak eta beste.”
Lurrikararen osteko berreraikuntza lanetan sarritan ez zetozen bat administrazioaren interesak eta mantsotasuna alde batetik eta nekazarien beharkizun urgenteak bestetik. Chantier reproche [salaketazko obrak] formulaz erantzun zuten behin baino gehiagotan Service d’Entraidekoek.
Honela kontatu du Errezarretek: “Intsumisio tankeran erabaki behar ziren gauzak batzuetan. Jakinik halako bide edo hodi etxeraino ekartzeko administrazioak edo ez zuela baimenik eman nahiko edo berandutuko zela, boluntarioek asteburua baliatzen zuten, jakinik ostiraletik astelehen goiza arte nekez pasako zela handik herriko etxeko edo departamenduko funtzionariorik zelatan, eta astelehen goizalderako bukatua eduki behar zuten hasitako lana. Johañe Pitrauren jokamolde tipikoa zen. Manazaleen eta handi-mandien saihetsetik egin. Eta egitekoa egin, bestela ez baitzen sekula egiten”. Lurrikara 1967ko abuztuan izan baldin bazen, negu latz haren ostean heldu baitzen… 1968ko maiatza bere uhin haustailearekin.
68ko iraultza hark beste osagarriez gain ekarri zuen hirietako ikasleek fabriketara eta baserrietara joateko uholdea ere. Zuberoako zokoan, aldiz, borrokarako eta lanerako jende faltan zebiltzan Pitrauren ASAMekoak: asmo handiak bai baina gero eta urrutiago sindikalismo ofizialetik eta agintarietatik, gero eta kide gehiago hauek berenganatuta… Irtenbidea ikusi zuten, antza, armadara joan nahi ez zuten gazte objektoreen lana koordinatzen zuen SCI Service Civil International erakundean.
Ordurako Frantzian ezaguna zenez Jean Pitrauren izena, Nanterreko ikasleekin joan zen. Jojo Etxebarnek buruan iltzaturik ditu bidaia haietako istorioak. “Ibiltzen baikinen eskola handi horietan gazteen ikusten, mintzaldiak ematen. Tolosako eta Bordeleko unibertsitateetan eta abar. Gu joaten ginen haiekin mintzatzera, gero haiek jinarazteko hona lanera. Eta ezagutarazteko mendiko laborantza.
Ohar naiz behin... Tolosan ginen, unibertsitatean. Bi profesorerekin ari ginela, haietako batek esan zuen: ‘Soizu, Monsieur Pitrau, egia zera da, obreroen haurrak %3 inguru izango direla fakultatean eta gehienez ere kopuru bera nekazarien haurrak, gainerako guztiak klase gorenetakoak dira’. Eta Johañek: ‘Dudarik gabe arrazoi duzu, horri besterik begiratzen ez badiogu. Baina imajina ezazu Frantziako oskigileek ez dutela fabrikatzen numero bat baizik, nahi duzun zapata hauta ezazu baina beti izan behar du numero berekoa. Hauta ezazu bat, 40, hara. 39ko neurriko oinak ez dira onak, 41ekoak ez dira onak, soilik 40koek balio dute, beste guztiak txarrak dira... Zuen eskola horrelakoa da: kategoria bakarreko jendeentzako da, pribilegiatuentzako, haientzako da eskola eta ez besteentzako’. To! [barrez ari da Jojo].
Beste behin Pariseko Nanterren ginen biok, unibertsitatean. Goizean ni ohartu nintzen hura joana zela. Karrikan ikusi zuen eskola bat, haurrak bereizteko sare metaliko batzuekin: alde batean haur beltzak eta bestean xuriak... Nanterren eta 68an. Gero bilkuretan esan zuen karrikan ikusia eta jendeak ‘Oooh!’, eta berak esan zuen non zen. Bazuen ganora hori, gauzak ikusten zituen.
Beste batean Tolosan ginen, eta karrikatik gindoazen biok profesore eli batekin. Batek esan zuen: ‘Monsieur Pitrau, bada bosgarren aldia karrika honetatik pasatzen garena’. Eta berak: ‘Eta ez dakit zenbatgarren aldiz ari garen hitz egiten hirugarren munduaz eta laugarrenaz, baina oinpean dugunaz ez gara jabetu’. Bazen han bertan gizon bat eskean... Hori zeukan Johañek”. Horrelako mila istorio aipatzen dituzte Johañe Erbinek halako profeta izaera zuela diotenek.
Hala iritsi ziren lehen objektore boluntarioak Zuberoara 1969an, SCIk bidalita, geroago Jeunesse et Reconstruction taldekoak ere bai. Gazte horiek laguntzen zieten osasun arazoekin zebiltzan nekazariei eta etxaldea modernizatu nahian ari zirenei, ordura arte objektoreei Eaux et Forêts erakundearen eskutik basozain lanetan (batzuek salatzen dutenez, Estatuari eskulan merkeagoa eskuratuz) eskaintzen zitzaien lanaren ordez. 1970eko udan bakarrik ehunez goiti heldu omen ziren Zuberoara. 1971n gehiago. Pitrau hil eta gero ere segitu zuten etortzen, Jojo Etxebarne okupatzen zelarik haietaz eta geroago Battitta Bordagarai eta Maite Tourreuil, Gisèle Lougarotek Pays Basque Nord, mai 68 en memoires liburuan dioenez. Eskematikoki esaten ahal da Zuberoara hiru boluntario uhin heldu zirela: Service Civile Internationalekoak, 68 osteko gazte matxinoak eta armada egin nahi ez zuten objektoreak.
Ehunka boluntario haietatik batzuk gaur famatuak dira. Noël Mamère, Frantziako Berdeen buruzagitzakoa eta Begle hiriko alkatea, José Bove (“hemen ikasi dizu ardi jezten” esan digu Jojo Etxebarnek) Pitraurentzako laudoriozko hitzaurrea egin diona Errotabehereren liburuari… Bakan batzuk Euskal Herrian geratu ziren, tartean Joseph Godement ELBko buruetakoa eta Azkorria gazta kooperatibako sortzaileetakoa izana eta haren emazte Anne, Mercereau sortua, Pitrauren azken urteetan Arrañen antolatu zuten eskolako irakaslea. Liburua egin dion Aguxtin Errotabehere kazetariak berak boluntario lanetan ezagutu zuen Pitrau.
Zuberoako etxalde baketsuetaraino urrundik ezker erradikaleko gazteak baitzetozen, Frantziako Estatuaren 68 osteko eskubiratze betean, poliziaren jarraipena handiagotu zen Pitrau eta bere lagunen gain. Horretaz ere ez du anekdota gutxi Etxebarnek. “Etxalderako bidean jendarmeak beti, 1968az geroztik nagusiki baina lehen ere bai. Botere publikoek ez dute maite norbait ez baldin bada haiekin ados, ez dute soportatzen ahal norbaitek jarraitzaileak izatea instituzioetatik kanpo. Orotan hala da. 1969tik landa heldu zirelarik maoistak eta trostkistak, gero objektoreak, oro boterearen kontra…
Behin Renseignements Generaux-eko [polizia sekretua] bi inspektore heldu ziren gure etxera. Ni ez nintzen hor. Maite [sortzez Eiheramendi, emaztea] heldu zen urde bazkatzetik, bere bota zikinekin, eta ea senarra non zuen, Maitek ez zekiela, eta poliziak: ‘Eta besterik gabe joaten uzten al diozu?’. Maitek arrapostu: ‘Eta zuen emazteek ba al dakite hemen zaudetela?’. [Barre handiak].
Jendarmeak joaten ziren auzokoengana ere, haiei zernahi esatera, “gizon hori ez da ur garbia” eta abar, jendeak dudatan ezartzeko. Korritu zuten berria esanez Johañe eta biok Pauera joaten ginela emaztetara, ez bilkuretara. Badakit klasikoa dela, baina emaztea eta familia dituzunean…”
Errezarretek honako istorioa kontatzen du poliziekiko tirabiraz: “Trostkistak eta maoistak-eta etsai handiak ziren Frantzian. Poliziak itsuski segitzen zituen. Behin jendarme batek aurpegiratu omen zion: ‘Baina beti maoistaz eta trostkistaz inguratuta zaude’ eta berak, ‘Horra, egun batez jendarmeen umeak etortzen bazaizkit, orduan kanporatu ahal izango ditut maoistak’.
Ezker muturreko gazteekiko harremanak ere ez ziren beti goxoan pasatzen. Ikasle kaletarren eta mendiko bakartasunean ohitutako baserritarren arteko ezin ulertuak, elkarlanari batzuek eta besteek atera nahi zizkioten etekin hain diferenteak, eta zenbait militantek zekarten espiritu eta antolakizun itxia. Horiek ere leundu behar zituen Johañe Erbinek. Askok dute gogoan haren txistea: “Hori maoista dela? Hori ‘moaista’ duk” [1969tik famatua zen Nino Ferrer kantariaren Mao et moa; Hegoaldean “moaista” hitzak emango luke “ni-ta-nitarra”].
1971tik 1975era arteko urteak, hil zen artekoak, frenetikoak izan ziren Johañe Pitraurentzako. Alde batetik ASAM elkartea berpizteko ahaleginean ari ziren, bestetik 1968an Sico Mansholt Europako nekazaritza batzordeburuak ezarritako planaren haritik Frantzia mendialdeko legea onartzera zihoan, eta gainera bere sorterrian Atharratzeko Arrañe auzoan zegoen eskola ttikia salbatzeko ahaleginari aurre egin behar zion.
ASAMekoek alde guztietatik jasotzen zituzten kritikak, notableenak, sindikatu nagusiarenak, karriketako komertzianteenak, abere tratalarienak… “Aurpegiratzen digute –dio Errotabeherek bildu idatzian– ez garela burutsu jokatzen ari eskatzen dugunean lehenbizi txiroenei laguntzea, hitzetan bortitzegiak garela, ez dakigula jendeak zaintzen eta azkarregi joan nahi dugula”.
ASAM erakundean hasieran ziren kide instituzional asko joanak ziren. Isolamendua sentitzen zen. Mugimendua arraberritu beharraz, Pitrauk aurrera begira lau alorretan lan egitea proposatu zuen: hezkuntzan, informazioan (buletin bat prestatu nahi zuen), zerbitzuetan eta chantier reproche direlakoetan. Hona nola esplikatzen zituen Johañek berak: “Irtenbiderik gabeko egoera injusto baten aurrean, boluntarioek egin dezatela eraikin bat, zubia, bidea edo urarentzako hodia”.
Baina aurrean zeukan Estatuaren makineria osoa. Europako nekazaritza modernotu nahi zuen Mansholt Planaren barruan Frantziako mendialdea arautzeko legea egiteko orduan nor hautatuko eta… zuberotar bat jarri zuten Parlamentuan batzordeko buru, Franz Duboscq [Donibane Lohizune, 1924] eskuindarra. Askoz beranduago ere famatua izan da Duboscq. Besteren artean Seaskako ikastoletako sustatzaile eta gurasoek behin baino gehiagotan jo behar izan zuten protesta egitera Arüen errepide bazterrean daukan jauregira…
ASAMekoek gertutik jarraitu zuten Parisko lege berriaren egosketa. Behin eta berriro salatu zuten mendialdea kanpoko finantz erakundeei irekitzen zitzaiela, turismoan zentratu nahi zutela, inmobiliariei bidea libre uzten zitzaiela mendiaren jabe egiteko. Zuberoan, gainera, gertatzen zen legea idazten ari zen Duboscq berak kudeatu behar zuela gero hura praktikara eramatea, Zuberoako Sindikataren buruzagia zelako. Berrogei urteak paseak dituen irakurlea ohartuko da Zuberoan militanteen salaketa horiek bizirik iraun dutela ondoko urte luzeetan, gaurdaino.
Nekazarien biziezin hori bera azaldu zen Aveyroneko Larzac herrian ere, mugimendu antimilitaristaz aberastua. Giscard d’Estaing presidenteak han armadak zeukan kanpoa handitu nahi zuen, horretarako ziento bat nekazariren bizibidea desjabetuz. Euskal Herritik jende paketa joan zen Larzacera 1973 eta 1974ko udaldietan, hango okupazioan laguntzera. ASAMekoak han ziren. Jojo Etxebarne oroitzen da elektrizitatea sortzen zuen ekipoaren zaindaritza hartu zutela beren gain. Ezustekorik ez zuten nahi, broma gutxi armadakoekin. Euskal Herriko ekipoan heldu ziren kantariak ere, Larzacera bilduei berotasuna ematera: Eñaut Etxamendi eta Eñaut Larralde kantariak eta Johanes Borda eta Beñat Sarasola Guk taldekoak.
1968tik 1975 arteko urteek ezagutu zuten sukar abertzale berria ere. Hegoaldean modu batera, Iparraldean bestela. Lehenagotik sortua zen ETAk jauzia egin zuen etsaitzat zituenak armaz hiltzen hasita. Meliton Manzanas inspektorea. Pardines goardia zibila. Ordain gogorrez, Txabi Etxebarrieta militante eta buruzagia. Burgosko auzia gero. Behil kontsularen bahiketa.
Ipar Euskal Herria hegotar iheslarien babeslekua zen. 1936tik ihesi joandako askorena, baina ETAn engaiaturik iritsitako askoz gazteagoena ere bai. Zokoan geratuagatik, gatazka zaharberrituaren oihartzunak heldu ziren Zuberoaraino.
Peille Errezarretek erakutsi digu Burgosko auziaren ondotik 1972ko azaroaren 8rako ASAM elkarteak CFDT, CGT eta FO sindikatuekin eta PS Alderdi Sozialistarekin Maulen manifestazio isila egiteko egin deialdia. Burgoskoa pasata, Frantzia iheslariak harrapatu eta kanporatzen ari zen. Baionako katedralean gose greban sartu ziren errefuxiatu talde bat.
Burgos continue paperean dager Pitrauren ikusmoldea. Espainiak Hegoaldeko euskaldunak zanpatzen ditu. Frantziak Zuberoako jendeak miseriara kondenatzen ditu, emigraziora. Herria husten ari da. “Lana gure senideentzako, babesa errefuxiatuentzako” aldarrikatzen du agiriak. Auzokoekiko solidaritatea beti etxeko arazoen salaketari loturik.
Jakinik Pitrau eta ASAMeko besteak poliziek oso hurbiletik jarraitzen zituztela, galdetu behar da hori lotua ote zegoen ETAko errefuxiatuen aferarekin. Ez dirudi. Alde batetik, Johañe ez zen abertzalea, lekuko menditarren aldeko militantea baizik. Euskaltzaletasuna notableen gutizia iruditzen zitzaion. Nahiz eta denborarekin, paradoxaz betea dago bizitza, oro har euskaltzale eta abertzale direnek aldarrikatu duten nagusiki Pitrauk egin duen bidea eta lana.
Bestalde, borroka armatuarekin ez zen ados eta hala jakinarazi zien berarekin harremanak eduki nahian etorritako hegotarrei. Objektore joanda oso hurbiletik ezagutu zuen Dominika Bidegaraik entzungo zion behin baino gehiagotan estrategia armatuarekiko arbuioa: “Gizonak kapable izan behar du hartzen dituen erabakien ondorioak bere gain hartzeko”. Hori ez zuen oztopo izan, halere, aterbe eske etorritako iheslari hegotarrei etxeko ateak zabaltzeko.
Baina des espagnols ez ziren beste batzuen urratsen atzetik zebiltzan hedexuriak [jendarmeak]. 1968 ondoko mugimendu ezkertiarrekin oso kezkatua zegoen Frantziako Estatua, ezker muturreko mugimenduak zirela, objektoreen ugaritzea, eta abar. Horietakoak ziren Erbinia inguruan mugitzen zirenak, eta Parisek gertutik ezagutu nahi zituen. Batik bat legez kanpoko objekzioan, intsumisioan, ari zirenak pertsegitzen zituzten jendarmeek, atxilotu eta auzitara eramateko.
Larzacen jokatzen baitzen sistemaren kontrako gazte haien eta Estatuaren arteko lehia modu nabarmenenean, gerra zikina ere erabili zen han disidentziaren kontra. Berrikitan Tous au Larzac filmak oroitarazi digu nola plastikatu [bonbaz lehertu] zuten Auguste eta Marie-Rose Guirauden baserria, barruan berak eta zazpi ume lotan zeudela, 1975eko martxoan. Guiraud zen Larzaceko nekazarien lider ezagunenetakoa. Miraria izan zen inor ez hiltzea.
Bestalde, urte horietan bizirik eta lanean zirauen Hexagono osoan SAC Service d’Action Civique talde parapolizialak. Charles de Gaulle eta bere erregimena babesteko elkarte legal gisa 1960an sortua, poliziaren, zerbitzu sekretu zibil eta militarren eta gaullista militanteen topagunea, 1968ko maiatzetik landa oso hurbiletik egiten zieten jarraipena militante ezkertiar ezagunenei. Politikari gaullistei babesa bermatzen zieten. 1970ean Liberation egunkariak plazaratu zuen militante goxistak kirol zelaietan atxilotzeko zeukaten plana. Charles Pasqua izan da SACeko buru ezagunetarikoa, baina badira Jacques Chirac bera SACeko presidente izana dela idatzi dutenak.
Behin SACeko talde bat Iratiko oihanean entrenatzen ari zela iritsi zen Pitrauren belarrira, lekuko batek kontatu duenez. Honek mugimendu haien berri hurbilagotik ikusteko asmoa izan zuenean, berehala ohartarazi zioten jarraitua zela, bideko istripu bat eraginez.
Erbiniako Johañek informazio asko eduki behar zuen. Ehunka objektore eta matxino ezkertiar gazteren datuak. Parisko administrazioko zenbait goi karguetan ere bazituen aspaldiko ezagunak, hiriburuan mendiko nekazaritzaz egosten ari ziren politiken tenperatura ematen ahal ziotenak. Information sensible asko.
Erbinia baserrian sumatzen zuten jende bereziaren zaindaritza zorrotza, luze bezain ilun egiten dira gauak karriketako argiak urrun dituen baserrian. Ez da harritzekoa Pitrau hildakoan familiak haren agiri asko desagerrarazi izana, ziurrenik berak hala aginduta.
“Jean Pitrau: engaiamendua laikoa ere izan daiteke”, horrela laburbildu du Gisèle Lougarotek bere liburuan Peio Iralurri hartu lekukotasuna. Iralurrek dioenez, nekazariek 68ko maiatza hilabete batzuek beranduago bizi izan zuten, ez ordea berotasun gutxiagoz. 1969tik 1973ra (urte horretan sortu zen Iparretarrak taldea, eta hori bai dela aparte aztertzeko gaia) borroken soka luzea ikusi zen, eta eztabaida ideologiko franko.
Militante haietatik gehienak kristau hazi eta heziak ziren. Eskualdun Gazteriaren bilkueretako batean ezagutu zuen Peio Iralurrek Pitrau, 1965ean. Kristauen konpromisoaz ari ziren eztabaidan, Vaticanoko II. Kontzilio osteko garai berrizaleak ziren. Kontzilioak laikoen papera handitu zuen kristauen artean, baina apaiz izatea zen konpromiso gorena. Zer egin?
“Pitrauk azaldu zigun bere konpromiso laikoa. Erakutsi digu militante sindikalista aktibo bat izatea bazela apaiz izatea bezain bizi aukera errespetagarria. (…) Pitrauk zekarren ikuspegi berri honek anitz markatu gintuen, eta guregan garatu zuen ezarritako ordenaren kontrako erresistentzi espiritu bat, gure engaiamendu sindikalari maila politikoa eman zion honek duen esanahi jator eta sakonean”.
1968 ondoko beroaldian, Pitrauren inguruan Zuberoako mendialdean mugitzen zirenez gain, nekazari militanteak irakiten ari ziren denetan. Iralurrek aipatu du analisi marxisten eragina, Paysans en Lutte (Laborariak Borrokan) ideiaren inguruko eztabaidak. Geroago Bernard Lambert bretoiak Paysan Travailleur (Laborari Langilea) kontzeptua zabaldu zuen. Aldiz, Euskal Herrian, nekazari gehienak oso etxalde txikien jabe izanik ere jabe zirenez, horrek sortzen zituen zailtasunak.
Nekazari militante euskaldun gehienak FNSEA sindikatuan zeuden, hau izaki saileko indar faktikoa. Pitrau ez, aspaldi etenak zituen sindikalismo ofizialarekiko loturak; Jojo Etxebarneri honela esplikatu zion bere fidakaiztasuna: “FNSEA ez duk kanbiatuko ez hik eta ez hi bezalakoek. Hori ez dakik zeinen handi den hik”. Bai barne eta bai kanpo ziren Le groupe des 40 (Berrogeien taldea), talde autonomo bezala beren bidea lantzeko. Pixkanaka indarra hartuta, 1973an sindikatuaren ardi sailean (Fédération des Syndicats Ovins) boterea hartuko zuten. Denborarekin, talde hartatik erneko zen Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko laborarien sindikatu berria, 1982an sortu zen ELB Euskal Laborarien Batasuna.
Johañek ez zuen askorik parte hartu mugimendu hartan. Eta hala ere gaur ELBn diren militante historikoek aho batez aitortzen dute aitzindarietakoa izan zutela Erbiniakoa. Baina honek burua eta eskuak Zuberoako eta Biarnoako beste arazo zehatzetan zeuzkan. ASAM biziberritu nahiaz gain, azken borroka handia etxe atarian egokitu zitzaion Pitrauri.
1972an hezkuntzako agintariek jakinarazi zieten Atharratzeko Arrañe auzokoei bertan betidanik ezagutu zuten eskola itxi behar zutela. Ez ziren gutxieneko 8 umetara iristen.
Baserrietako haurren gertuko eskolaratze duina betidanik izana zen Johañeren obsesioetakoa. Hamaika bider idatzia zuen horretaz. Orain bera, Anita Galant garaztarrarekin ezkondua eta bi neska txikiren aita, bera zen ikusi beharko zituena haurrak hotzez autobusaren zain, urrun eraman zitzan, han eguna edo astea pasata berriro bidaia luzean etxeratzeko.
Eskola txikien itxieran beste herri askotan ere eragin zituen bezala protestak, Arrañek guraso elkartearen sorrera ekarri zuen. Joseph Senarrarekin Paristik boluntario bezala etorri eta bertan gelditua zen Anne Godement (berez Mercerau, Frantzian emakumeak senarraren deitura hartzen du) izendatu zuten irakasle. Matematika irakaslea zen. 1973ko irailean sei umerekin ekin zion ikasturteari.
Arrañeko eskola bizirik atxikitzeko borrokak oihartzun zabala izan zuen. Paris-Match astekariak erreportaje zabala eskaini zion, Liberation egunkariak bezala. Administrazioak mila oztopoz nahi izan zuen geldiarazi. Lehenbiziko urtean, eskola sauvage [basati] batera eramateagatik errepresalia gisa, haurrak hazteagatik zegokien allocation familiale diru-laguntzak ukatu zizkieten gurasoei, diru asko edozein familiarentzako. Aldiz, zutik iraun zuen 3 urteetan eskolak beste herritar askoren sostengua jaso zuen, bilkura, kantaldi eta beste.
Gaur Urdiñarben bizi den Annek esplikatzen duenez, Freinet eta beste sistema aurrerazaleetan oinarritzen saiatu ziren, beranduago haurrak baserritik irten eta hiriko ikastetxeren batera iritsitakoan beren kabuz baliatu zitezen. Frantsesa menderatzea zen helburuetako bat. Zuberoan lehen ikastolaren sorrera baino lehenagoko urteez ari gara. Euskara etxean naturalki ikasteko kontua zela jotzen zuten. Hala ere, bi hizkuntzen halako elkarbizitza bat bermatzeko, astean behin marrazki irakasle bat ekarrarazten zuten, eskola hori euskaraz eman zezan. Anne Godementen lekukotasuna atal berezian bildu dugu Interneten.
Arrañeko eskola intsumitu haren historia gaurko begietan epikoa suertatzen da. Dena legez egiteko ahalegina. Diru estutasunak. Militantzia. Pedagogia mailako eztabaida eta hautuak Zuberoa eta Biarno arteko muino bateko bakartasunean… Dena itzaliko zen 1975ean Johañe Pitrau hiltzearekin.
Anne Godement eta bere senarra Ainharpeko Kako baserrian kokatuko ziren maizter, ardi hazkuntzan eta militantzian. 2003an suteak erre zizkien etxea eta lanbidea. 2006an hil zen Joseph, beste dozena eta erdi laborarirekin eraikitako Azkorria gazta lantegia irekitzeko bezperan. Kako baserriak segida izan zezan Fred eta Jasmine Larrañaga gazteen eskuetan, diru bilketa zabala egin zen Euskal Herri osoan. Hor ere bazebilen Pitrauren espiritua nonbait.
1975eko uztailaren 17an bihotza leherturik hil zen Johañe Pitrau, 46 urte bete gabe. Egun hartan sekulako beroa egin zuela oroitzen da Jean Michel Harluxet, izan zirela gehiago ustez osasun onez egon eta bihotz ukaldiz hilak. Ustez, Pitrau ere osagarri onean zen. Emaztea eta 4 eta 6 urteko alabak utzi zituen Erbinian.
Mundu bat bildu zen ehorzketan. Lagun izan zuen Jean Louis Ager apezak (gaur Atharratzeko zahar etxean bizi da) idatzi luze bat plazaratu zuen heriotzaren ondoren, guk jatorrizko frantsesez Interneten ipini duguna eta honela hasten zena: “Jendetza izugarria! Johañeren azken garaipena! Zatiketak eragiten zituela esaten zuten, isolatua zela, bakartua, itxaropenik gabe bakarrik! Eta horra nola heldu ziren denak zientoka: erakunde ofizialetako buruzagiak, elkarteetako arduradunak, edo nekazari elkarteetakoak, Zuberoako eta haratagoko apezak, Ossau ibarretik, Aspetik, Garazitik, Baigorritik etorritako laborari zailduak… kontzientzi objektore eta boluntario zibilak… denak bildurik oroimenean eta esker onean! Ahalmen bitxia laborari gazte honena, heriotzaren gainetik konbidatzen baitzituen berak batzuetan hain gogorki salatutako gizonak borroka berrietarako elkar hartzera”.
Senarra hil ondoko urteetan lana gogotik egin behar izan zuen Anitak Erbinia eta bere bi alabak, Maite eta Françoise, aurrera ateratzeko. Gero bigarren honek hartu du etxaldearen segida, Daniel senarrarekin batera. Axuriez gain gaztak eta jogurtak saltzen dituzte. Anita bere 75 urteetan indartsu dago, eskuz bezala buruz. Erbiniako Anita Pitrau-Galant... beste erreportaje bat merezi du berak.
Erreportaje hau egiteko bidaia luzean eskuratutako materialak ondoko aste eta hilabeteetan Argiak sarean ipiniko ditu, Johañe Pitrauri buruzko informazio zehatzagoak nahi dituenaren eskueran, bai gizon hark eta bai bizi izan zituen garai eta mugimenduek ikerlarientzako gai oparoa eskaintzen dutelakoan.
Hasteko, Larrun honetarako elkarrizketatu ditugun Peille Errezarret, Jojo Etxebarne eta Anne Mercereau-Godementen hitzen transkripzioak egongo dira eskuragai sarean.
Bestetik, otsail honen 16an Donapaleun izandako mahai-inguruan aurkeztutako iritzi eta idatziak. Militante zuberotarra gertutik ezagutu zutenekin mahai-ingurua antolatu zuen Donapaleun Zabalik elkarteak egun horretan. Mattin Irigoien idazleak zuzendutako elkarrizketan bildu ziren Peille Errezarret, Jean Michel Harluxet, Dominika Bidegarai, Aguxtin Errotabehere eta beste, entzulego zabal baten aurrean.
Gainera, honako dokumentuok ere prestatzen ari gara Interneterako, batzuk euskaraz eta beste zenbait frantsesez:
- Jean-Louis Agerre apezaren Jean Pitrau, un militant rural artikulua.
- ELB sindikatuaren Laborari aldizkarian Joseph Godement, Mikel Hiribarren eta Peille Errezarretek argiratatuak.
- Gisèle Lougaroten Pays Basque Nord: mai 68 en memoires liburuaren Jean Pitrau et les petits paysans de montagne atala.
- Paris Match astekarian argitaratutako erreportajea.
- 1972ko azaroaren 8ko manifestaldia zela eta Zuberoako zenbait taldek sinatutako Burgos continue agiria.
- 1962ko Agriculture en Montagne agiriaren azken atala euskaraturik.
Lekukotasunak ahoz bezala idatziz utzi dizkigutenei eta bere liburuan plazaratutako argazkiak erabiltzeko erraztasunak eman dizkigun Aguxtin Errotabehereri zor dizkiegunez gain, eskerrak eman behar dizkiegu Johañe Pitrauri buruzko lan hau egitera bultzatu eta bidean lagundu gaituzten Mattin Irigoieni eta Mikel Hiribarreni.