Landareak eta animaliak sinbiosian eta elkar laguntzeko mutualismoan nonahi eta noiznahi topatuko ditugu. Sataginak, saguzarrak, erleak, txindurriak... Asko ari dira eta denek dute zer irabazia landareekin elkarlanari ekinez gero.
Tankera askotako elkarlanak daude. Gure artean modan dagoen lorra edo auzolana bezalakoak batzuk. Auzolana, irauteko ere komerietan dabilenari laguntzeko lan juxtu hori... Beste batzuen herrilana bezalako elkarlana nahiago nik. Iraupena ziurtatua eta ongi biziagatik, den-denok hobeto bizitzeko aukerak laiatzen dituen herrilana.
Guk, halere, ez landare ez animaliekin elkar bizitzerik nahi. Itxuraz.
Datuak argigarriak dira, biribil askoak. Adi:
• 1900. urtetik hona jakien aniztasuna %75 murriztu da Europan eta %93 AEBetan.
• Azienda aldaeren %33 desagertu da edo laster galduko da.
• Azken mendean 30.000 barazki aldaera edo barietate galdu dugu. Sei orduro beste bat desagerrarazten dugu.
• Itsasoetako arrainen %75 galzorian da.
Landareekin eta ekosistema osoarekin egin dezakegun herrilana, denontzako aberastasuna da. Bada, mundu guztian herrilana jasaten ari den erasoa kapitalaren hiru ekimen nagusitan bideratuta dago: lanaren balioa gutxiestea, jakintza eta ezagutzaren komertzializazioa eta naturaren presaka eta muturkako suntsipena. Lehengo astean esana du Boaventura Sousa Santos soziologo portugaldarrak. Ni erabat nator. Nondik eutsi behar diogu gure herrilanari?