argia.eus
INPRIMATU
Besteren ahotan
Claude Iruretagoyenaren eletan
Mikel Asurmendi @masurmendi 2012ko otsailaren 14a

“Laminak ikusi dituen jauna. Claude Labat aspaldi ezagutzen dut. Berak ni, galtzamotzetan nenbilenetik ezagutzen nauela dio; Baionako Saint Bernard ikastetxean irakaslea zelarik. Thierry Truffaut-i esker aurkitu nuen Claude, eta harrezkero sarritan gurutzatzen gara. Lauburu Elkarteko ikerlea da, arkitekturaren zale sutsua, euskal etxearekin maitemindua, baita euskal estela diskoidalaren defendatzaile gartsua ere. Ezinezkoa zait lau lerrotan bera eta bere gaien subjektuak azaltzea. Historia urratzen du grinatsu, berezko argitasuna emanez iraganari. Mintzatzen entzuten baduzu, azkar antzemanen diozu zure baitakoa pizteko duen gaitasuna. Nik, 1995ean, Ixtorio Mixtorioren sorkuntzan sentitu nuen hori, euskal mitologiari ekin behar izan nionean. Bere hitzek elikatu naute engoitik, eta behin mundu horretara iritsita, aitzina segitzen laguntzen naute. Bere hitzak elur maluten irudikoak dira. Zenbat urte ditu Claudek? Oin-palmatuak ote dituen pentsu dut sarritan. Bere oin-palmatuek ene unibertsoa bete dute! Mari baitago hor, Claudek Mari bere egiten du eta harrokeriarik gabe azaltzen. Berak erakusten du eta nik... nik ikasten dut. Hona ene nahia: harekin izandako ‘kontsulta’ guztiak Gizarte Segurantzak ordainduak izatea proposatzen dut. Milesker Claude!”