argia.eus
INPRIMATU
‘Le Havre’, film zoragarria

IƱaki Zubeldia 2012ko otsailaren 07a

Film hau ikusi eta guztiz txundituta atera nintzen: izugarria da, ederra, bikaina, mundiala, sakona. Tristea, hitsa eta iluna ematen du eta, barru-barruan, beren pertsonaien jarreretan eta jokaeretan, oihaneko ostaje eder eta argitsua nabari da, solidaritatez, adiskidetasunez eta gizatasunez betea. Istorioak izugarrizko indarra du eta pertsonaiak ezin hobeto aukeratuta daude. Auzo baztertu bateko kaleetatik eta etxe txiroenetatik hartu ditu horiek, txoko ilun eta zikinenak aukeratu ditu, baina denak argitasunez eta berotasunez bete ditu. Errealismo zikinaren sailkapenean sar daiteke kontakizuna, baina aldi berean poesiaz eta sentimenduz betea sentitzen du ikusleak. Mutiko beltz emigrante bat eta Marcel Marx idazle buhame eta frakasatua, orain kaleko zapata garbitzaile dena, dira kontakizuneko protagonistak, baina auzo horretan bizi diren beste pertsonaiek ere indar eta esku-hartze handia dute: Marcelen emazteak berak, emakume tabernariak, gizonezko fruta saltzaileak, polizia inspektoreak... Pertsonaia honen anbiguotasuna oso ondo lortua dago, denbora guztian zapata garbitzailearen atzetik dabilela baitirudi hau delituren batean harrapatzeko asmotan, baina gauzak ez dira guztiz horrela... Izugarria da filmak mantentzen duen tentsioa hasieratik bukaeraraino.

Aki Kaurismäkik itxaropenari atea irekita utzi nahi izan dio, pertsonaia baztertu hauek ia beti galtzaile suertatzen direlako bizitzan. Hemen, aldiz, auzoko pertsonaia ilun eta anker itxurako hauek bihotz baten eta sentimendu jator batzuen jabe direla erakutsiko dute, legeari eta ustezko zuzenbidezko estatuari aurre eginez eta atzapar horietatik aske ateratzeko itxaropena egon daitekeela aldarrikatuz. Harrigarria da gaizkileen giroko filma dirudien honek nola aska ditzakeen ikusleen bihotzetan sentimendurik finenak eta nobleenak, eta nola hori ez dagoen derrigorrez kurtsileriarekin eta bigunkeriarekin lotuta. Film hau ez baita ez kurtsilerian eta ez bigunkerian erortzen, eta azken uneraino mantentzen baitu suspentsea, tentsioa eta dena hankaz gora joango dela sinestarazten dizun sentsazioa.
Dudarik gabe, aurtengo Oskarra proposatzen dut film eder honentzat. Hain gauza gutxirekin hainbesteko indar narratiborik lortzen ez dut sekula ikusi eta ez nukeen imajinatu ere egingo posible zenik. Gora Aki Kaurismäki!