Itzulpengintza eta Interpretazioa karrera deskubritu zuenean bere bidea argi ikusi zuen 35 urteko zaldibartarrak: “Hizkuntzen artean ibiltzea, hizkuntzekin jokatzea, hori zen nahi nuena”. Komunikazioa maite du Arregik, euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, italiera eta portugesa dakizki eta 2000. urtetik Europar Batasunean egiten du lan, freelance moduan.
Zein esparrutan erabiltzen da euskara Europar Batasunean?
Eskualdeen Batzordean erabiltzen da, tokiko botereak biltzen diren batzordean (alkateak, diputatuak…); eta batzuetan, baita Ministroen Kontseiluan ere. Kontseilu honetara Estatu bakoitzak bere ordezkaria bidaltzen du eta Espainiaren kasuan erkidego guztietatik norbait joaten denez, Euskal Herriari egokitzen zaionean gerta daiteke euskaraz hitz egitea, nahiz eta oraingo Gobernuarekin apenas gertatzen den. Harrituta geratu ginen adibidez Gasteizko alkate Javier Marotok euskaraz egin zuelako hitzaldia Batzordeko azkeneko osoko bilkuran. Dena den, eskatu, beti eskatzen dute interpretea, euskara erabiltzeko protokoloa 2005ean sinatu zenetik. Hasiera haietan, Jose Maria Muñoa Kanpo Ekintzarako arduraduna zen euskaraz mintzatzen zena, euskaraz oso ondo egiten du eta atsegina zen berarekin lan egitea. Orain ez dute euskara hainbeste menperatzen, eta modan dagoena da euskaraz “egun on” esan ostean gaztelaniara pasatzea, euskarazko esaldiren bat tartekatuz, eta hori guretzat oso nahasgarria da, edo euskaraz esandakoa errepikatzen dute gaztelaniaz eta entzuleak gauza bera birritan entzuten du. Irlandarrek ere egiten dute: gaelikoz hitz batzuk, eta ingelesera salto. Hizkuntzaren erabilera batzuetan sinbolikoa besterik ez da, ez da komunikazio tresna, eta hori penagarria da.
Beste pertsona batek eta biok interpretatzen dugu euskaratik gaztelaniara (eta gero gaztelaniatik beste hainbat hizkuntzatara interpretatzen dute, behar izanez gero).
Zein leku dute hizkuntza gutxituek EBn?
Batez ere hizkuntza ofizialak erabiltzen dira eta euskarak ez du estatus hori han, hizkuntza gutxituek oso leku txikia dute. Eskualdeen Batzordean euskaraz gain galegoa, katalana-eta hitz egiten dira, baina adibidez bretoia, okzitaniera eta Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituak ezin dira erabili, herrialdeak duen politikaren araberakoa delako. Eta Parlamentuan ezin da hizkuntza gutxituetan hitz egin, baina nire ustez Parlamentuan baimendu beharko lukete, berez Parlamentua delako EBko erakunde demokratiko bakarra, hauteskunde bidez osatutako bakarra. Izaskun Bilbao bezalako politikariak badabiltza gaia mugitzen, baina Madrilgo Senatuan gauza nola dagoen ikusita, imajinatu Europako Parlamentuan.
Azkenean, hizkuntzen gaian, eta hizkuntza ofizialez ari naiz, ez gutxituez bakarrik, zabaltzen ari den iritzia da aniztasuna ez dela batere pragmatikoa, batzarrak asko oztopatzen dituela, denek dakigula ingelesez. Hizkuntza gutxituen aldarrikapenak hor sartzea are zailagoa da, eta horri krisiaren testuingurua gehitu behar diogu.
Hizkuntzekiko sentsibilitate gutxi dagoela iruditzen zaizu?
Holandan adibidez, ingelesa dute bigarren hizkuntza eta ez dute inongo arazorik ingelesez aritzeko EBn, ez da ez zaiela beraien hizkuntza axola, baina ez dute halako sentsibilitaterik; zure hizkuntza egoera normalean hitz egin badezakezu, zure herrialdean normalizatua badago, hizkuntzaren aukera ez da arazo. Desberdina da gurean bezala hizkuntza bat besteari gailentzen zaionean. Adibidez Madrilgo Senatuan Estatuko hizkuntza koofizialak onartu zituztenean, lagun espainiar askok, aurrerakoiak izanagatik, ez zuten ulertzen: “Ez da beharrezkoa, denek dakigu gaztelaniaz, zuk gaztelaniaz baldin badakizu zertarako behar duzu beste hizkuntza batean egin?”, esaten zidaten. Sentimenduekin lotuta dago eta jendeak ez du ulertzen zer esan nahi duen aukeratu ahal izateak.
Aldi berean, azpimarratu beharra dago EBren politika dela hizkuntza aniztasuna bultzatzea eta Estatu kideetako delegatuek haien ama-hizkuntza erabili ahal izatea, hori adibidez ez da beste nazioarteko erakundeetan gertatzen, nik dakidala beste inon ez daude 23 hizkuntza ofizial.
Oso ezberdina al da itzultzea eta interpretatzea?
Askotan nahastu egiten ditu jendeak, ni itzultzailea ere banaiz, baina itzulpena idatzizkoa da eta interpretazioa ahozkoa. Hainbat interpretazio mota daude: aldiberekoa, kabinetan egin ohi duguna; lotura gisa funtzionatzen duena, elkarrizketaren batean bi norabideko itzulpena eginez; eta esan ostekoa. Esan ostekoa ez da asko ikusten hemen, hizlariak kontatu duenarekin koadernoan notak hartu eta diskurtsoa ematen da gero.
Aldibereko interpretazioa da zailena?
Bereziena behintzat bai. Entzun, analisia egin, itzuli eta beste hizkuntza batean bota, hori dena bat-batean egiteak kontzentrazio maila handia eskatzen du, arreta bi lekutan jartzea eta informazioa oso azkar prozesatzea; egia da jende asko, itzultzaile izanagatik, ez dela gai. Ordu erdiko txandetan egiten dugu lan, baldintza onetan eta topera egoteko frogatu baita hori dela neurria. Guk ez ditugu hitzak errepikatzen, ideiak komunikatu behar ditugu. Interpretazio ikasleek adibidez uste dute hitz guztiak itzultzea dela interpretatzea, eta ez dira konturatzen hainbat era dagoela gauza bera kontatzeko, ideia dela igorri behar dena, sintesian: zer esan nahi du hizlariak horrekin?
Esaten ez duena interpretatzen ere jakin beharko duzue orduan...
Beti dago atzean asmoren bat, zerbait saltzea, konbentzitzea, argudio kontraesankorrekin publikoa nahastea… Gure lana da aldez aurretik testuingurua zein den aztertzea –batzarrean zein gai jorratuko diren, parte-hartzaileek zein jarrera duten, herrialde bakoitzaren interesak…–. Gauza asko inplizituak dira eta aldez aurreko dokumentazio lana oso garrantzitsua da.
Egunero hasten den lana da eta hori da niretzat bereziena: aldiro, darabilzkidan hizkuntzak lantzeaz gain –bizirik mantendu behar dira etengabe–, gaiak landu behar dituzu, ez dakizu zehazki hizlariak zer esango duen eta adrenalina puntua ematen dizu horrek, azentuak, jendearen hitz egiteko modua… kontrolatu ezin dituzun aldagaiak dira, egunero dago urduritasun puntu hori.
Asko jakingo duzue azkenerako EBn jorratzen diren gaiez.
Gauza askori buruz zerbait dakigu, pixka bat denetik. Batzarrak oso teknikoak direnean ikastaroak egiten ditugu edo azalpenak ematen dizkigute aurretik, orain ekonomi krisia dela-eta supbrime eta halakoen inguruan adibidez. Terminologia bakarrik ez, kontzeptuak menperatu behar dira, hitzen bat ez ulertzea egunero gertatzen delako, baina gaia menperatzen baduzu, osatzen joango zara informazioa.
Alde emozionala interpretatzen al da? Hitz egokiak nola aukeratzen dituzue tonua, espresioa… igortzeko?
Oso emozionala bada hori adierazten saiatzen gara, bai. Hitzak aukeratzeko garaian hizlariaren azalean jartzen gara nolabait, interpretea azkenean hizlaria baita, lehenengo pertsonan hitz egiten dugu. Oreka kontua da azkenean, tonua mantenduz, mezua transmitituz eta edukia ahalik eta modu zintzoenean emanez. Hirugarren pertsona aldentzeko erabiltzen dugu: hizlaria tronpatu bada edo biraoa bota badu, “hizlariak dio” moduko formulak erabili daitezke. Hizkuntza ez berbala ere oso lagungarria da, gorputzarekin hizlariak zer adierazten duen, ironia harrapatzeko, benetan adierazi nahi dena… Hor arazoa da finlandiarrak, daniarrak-eta oro har oso zurrunak direla, beharbada zerbait barregarria esaten ari dira, baina serio daude.
Beraien larruan jartzen zara beraz. Ez al duzu inoiz tentaziorik izan hitzak moldatzeko?
Kar, kar, kar. Batzuetan bai, baina ezin da, gure kode etiko eta deontologikoaren kontra egitea litzateke. Ezin da informazioa kendu, gehitu edo moldatu, nahiz eta urte asko daramatzatenek beraien zantzuak uzten dituzten. Bazegoen adibidez Parlamentuan interprete bat botazioak loteria moduan eskaintzen zituena. Printzipioz inpartzialak gara, neutroak, baina aldi berean nik aukeratuko ditudan hitzak ez dira zuk aukeratuko dituzunak, emakumea naizelako eta zu gizonezkoa, nik neure mundu-ikuskera dudalako… Erakundeetako diskurtsoak dio gu kanala baino ez garela, informazioa jaso eta botatzen duena, interpretea ikusezina dela esaten zen orain arte, baina pertsonak gara eta gure arrastoa uzten dugu nahitaez.
Nolako diskurtsoak izan ohi dira?
Gaitza da hizlari on bat aurkitzea, hemen inguruan gainera, nire ustez, oro har ez dugu hizlari ona den politikaririk, ez dugu eredurik. Jendeak asko daki gaiei buruz, baina hitz egiten… Zaila da jendaurrean hitzaldia ematea, ideiak modu egituratuan garatuz, zehaztasunez. Batzuetan, diskurtso oso txarra bada, jantzi egiten dugu guk. Eztabaida dago hor: jatorrizko diskurtsoa txarra bada, apaindu behar duzu ala diskurtsoak utzitako sentsazioa igorri? Pixka bat jantzi egiten duzu azkenean, gutxienez modu ulergarrian eman.
Nolakoa da kabinako lana?
Bizpahiru pertsona egoten gara kabina bakoitzean, eta gaudenon artean ahalik eta hizkuntza gehien kontrolatzea da helburua. Talde lana dela azpimarratzea gustatuko litzaidake, nire ordu erdian datu edo hitzen batek ihes egin badit ondoan ditudalako besteak laguntzen, mikrofonoa isilarazteko mute botoia sakatu eta gure artean hitz egin dezakegu. Gertatu izan zaio hainbat interpreteri, mute zapalduta dutelakoan hitz egin… eta mikrofonoak irekita izatea.
Gauza barregarrienak hitz-jokoekin eta bigarren zentzuko esaldiekin gertatu ohi dira, nahasteko aukera dago beti. Umorea interpretatzea zaila izaten da. Holandarrek ohitura dute euren txisteak zuzenean nederlanderatik ingelesera itzultzeko, hitzez hitz, eta ez dute inongo zentzurik. Ikusten duzu beraiek baino ez dutela barre egiten eta esan behar duzu “hizlariak txiste bat kontatu du…” edo holakoren bat, eta ahal baduzu baliokide umoretsuren bat sortu. Eta futbol eta errugbi emaitzen jakinaren gainean egon beharra daukagu, beti tartekatzen dituztelako “zure herrialdeak nirearen aurka galdu du” eta halako txantxak.
Zenbateraino ikasi daiteke ama-hizkuntza ez den hizkuntza bat?
Ikasi daiteke, baina ez ama-hizkuntzaren mailan. Interneti esker hizkuntza guztiak eskura ditugu gaur egun, baina hizkuntza bat benetan ikasten da bertakoekin hitz eginez, hizkuntzaren barne-ezagutza beraiek emango dizutelako, ñabardurak, esaera jatorrak… Gure lanak eskatzen du hizkuntzaren logikan eta pentsamenduan sartzea, hizkuntzak atzetik kosmobisio bat daukalako eta hori barneratzeko bertatik bertara ezagutu behar da. Horregatik nahiko nomada da gure lana, ikasitako hizkuntzak adina herrialde bisitatu behar dituzu, inbertsioa eskatzen du horrek… Zaila da nork bere hizkuntza menperatzea, erregistro guztiak menperatzea, beraz gainerakoak… Horregatik dago hain interprete gutxi, nahiz eta lehen zuen kutsu elitista galdu duen –diplomatikoen seme-alabak izan ohi ziren interprete, gerrako umeak, jende oso kosmopolita…–.
Zein da interpretatzeko hizkuntzarik zailena?
Dakizkidanetatik, ingelesa. Hizkuntza oso trinkoa da, hitz gutxi eta esanahi askorekin, eta asko aldatzen da. Pentsamendu anglosaxoia zailagoa egiten zait, ez du latinoen eskema jarraitzen eta ez dut erreferentziarik.
Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]
Idazle, itzultzaile eta kantari da, euskarazko literatura ingelesera itzultzen espezializatua, eta aitzindari ere bai lantegi horretan. Hainbat sari eta merezimendu jasotakoa, Miren Agur Meabe idazlearen Hezurren erretura ingelesera itzuli, eta Etxepare saria jaso du oraindik... [+]
Aukera ematen du itzulpenak euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, katalanez eta galegoz entzuteko. Bestalde, itzultzaile neuronala Telegramen integratu du Elhuyarrek, mezuak itzultzeko aukera ematen duena.
Pandemiako 2020 itxialdian hasi ziren itzultzen Margarita Nafarroakoak idatzitako Heptamerona liburua. 2021etik urtero irakurraldi bate ere egiten dute Booktegik eta Nafarroako Ateneoak antolatuta.
Gipuzkoan Zubietako erraustegiaren kontrako mobilizazioetan parte hartu duten askok horietan ezagutuko zuten Iñaki, bere 80 urte paseekin aktibista beteranoena. Argazkian ageri da militante gazte batekin solasean erraustegiraino mendiz egindako martxan, 2018an.
Bi esperientzia linguistiko oso desberdin bizi izan ditut azken asteotan Hegoaldeko bi herritan. Bata, herri euskaldun bateko erakunde publiko batek antolatutako hitzaldi batean, eta, bestea, eskola bateko batzar batean. Hitzaldian baginen 80 lagunetik gora, nik esango nuke %90... [+]
Katalanera itzulitako euskal literaturak 1982tik 2020ra bitartean izan duen bilakaera aztertu du Aritz Galarraga Lopetegik aurtengo martxoan defendatu duen doktore-tesian. Ikerketak bi kulturen arteko harremanari buruz dauden zenbait uste datuekin kontrastatzeko balio du, baita... [+]
Hainbat literatura-lan itzuli izan ditu euskarara nahiz gaztelaniara. 44 urte zituela hil da itzultzaile nafarra.
Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.
3TimesRebelPress (3TR) argitaletxe independente eskoziarra jaio da, euskaraz, katalanez, galizieraz, gaelikoz, galesez… eta oro har hizkuntza gutxituetan idazten duten autore emakumeen literatura ingelesera itzultzea helburu duena, “mundu osoan sustatzeko”.
Anbereseko Central Staationen aurkituko du liburu honetako narratzaile izenik gabeak Jacques Austerlitz, bere iraganaz oroitu ezin den gizona. Hamarkadaz hamarkada eta hiriz hiri luzatuko dira bien arteko solasaldiak, lainoan bildutako memoria argitzeko ahaleginean. Idoia... [+]
Alda Merini (Milan, 1931-Milan, 2009) poeta italiarra izan zen. Lan asko argitaratu zituen, tartean hamarnaka poesia liburu eta bi-hiru autobiografia (L'altra verità. Diario di una diversa, La pazza de la porta accanto eta Reato di vita. Autobiografia e poesia).
Argitaletxe askok uko egin zioten Beirazko kanpaia liburuari, txolina eta arina zelakoan. 1963an argitaratu zen lehen aldiz, Victoria Lucas ezizenez sinatuta. Beirazko kanpaia eleberria izan zitekeen, baina autorearen bizitzatik oso gertu dagoen kontakizuna izanik... [+]
Barrenetik zulatzen zaitut: 8 ahots itsasertzetik poesia antologia elebiduna argitaratu berri du Liberoamerika argitaletxeak. Ekuador, Mexiko eta Argentinako lau poeta eta Euskal Herriko lau itzultzaile elkartu dituzte. Martxoaren 30ean aurkeztuko dute jendaurrean.