Gustuko bidelagun izan dut beti musika: une etsien gozagarri eta une gozoen eutsigarri ezinbesteko. Gustura entzuten dut inorena ere, baina lagunekin kantuz aritzea da niretzat atseginaren gorena.
Lanbideak gazteei begira jartzen nau, eta aitortu behar dut harrituta naukala askok musikarekin duten harremanak. Hor ikusten ditut, goizean goizetik, belarriak entzungailuz hornituta, musika entzun eta entzun, edonon daudela eta edozertan ari direla ere.
Teknologiak aukera hori ematen die, eta eurek muturreraino baliatzen dute. Egia esan, besteok ere beste horrenbeste egin izan dugu beti, garaian garaiko teknologiekin (telebista, autoa, eskuko telefonoa...): trasteak geure premietara egokitu beharrean, gu haien erritmora errenditu, geuretzat kaltean.
Hori aitortuta, hala ere, jakin nahi nuke zer sentitzen duten entzungailuak erantzi beste erremediorik ez duten apurretan, konturatzen ote diren, musikaren hilobi ere izan litekeen arren, musikaren sehaska dela batez ere isiltasuna.