Sortzaileak espazioa kudeatzen

  • 6 Pabilioia Anton Txekhovek XIX. mendearen bukaeran idatzitako narrazioa bada ere, egun Bilboko Zorrotzaurre auzoan aurki dezakegu. Txekhovek zoroetxe batean kokatu zuen kontakizuna, baina egungo 6 Pabilioia antzezlez, dantzariz eta arte eszenikoen sortzailez hornitzen da. Irene Bau Bilboko espazio berri honen bazkide fundatzaileak dio “apur bat erotuta” daudela horrelako proiektuari ekiteko, “baina benetan gaude ilusionatuta”.

Zorrotzaurreko antzinako pabilioi industrial batzuk hilik daude eta beste batzuk aktibo; gainontzean, etxe zaharrak eta langileen tabernak baino ez dira geratzen. Magdaleno jauregi berrituan –aurreko mende hasieran etxe dotorea izan zela ikus daiteke–, eskuinera joz gero, hormetan jarritako paperezko kartelek 6 Pabilioirantz zuzentzen zaituzte. Eliza berritu txikia eta umeen jolas-parkea inguratu eta kale kantoiaren amaieran dauden pabilioi industrialetara goaz. Han daude zain aktore bi, Irene Bau eta Pako Revueltas, 6 Pabilioiaren bazkide fundatzaileak. Eszenatokia desarmatuta dago eta pabilioiaren horma garai eta beltzetan M´angelen Giza paisaiak, denbora infinitua argazki-erakusketa ikus daiteke. Aulkiak eta mahaiak han eta hemen.

“6 Pabilioia beharrizan batetik sortzen da. Ez da euskal aktoreak baztertuta sentitzen garenik, baina egia esan, gutxi dira euskal antzerki eta dantza taldeen lana lehentasun gisa erakusten duten aretoak”, argitu du Irene Bauk. “Gure asmoa hori da, bertan ekoizten diren lanak erakustea, aberatsa eta biziki aktiboa den eszena dugu-eta”. Euskal eszenan dauden sortzaileek kudeatutako aretoa da, antzerki eta dantza munduan dauden beharrak eta hutsuneak ondo ezagutzen dituzten sortzaileek gestionatua. Batez ere aktoreak eta dantzariak ari dira gunea bultzatzen baina baita argiztapen- eta soinu-teknikariak ere.

Ekimen pribatua izanik, ez dute nahi euren lana erakunde publikoen irizpideek trabatzea eta horregatik, elkartea sortu dute. Euskal antzerkian eta dantzan aspalditik aritutako izen eta izan handiko hamahiru sortzaile dira bazkide fundatzaileak: Ander Lipus, Blanca Arrieta, Borja Ruiz, Irene Bau, Jose Urrejola, Jose Ibarrola, Josu Montero, Matxalen Bilbao, Nagore Navarro, Nuria M. Cres, Pako Revueltas, Patxo Telleria eta Ramon Barea. “Baina gure asmoetako bat da publikoak berak ere espazioaren kudeaketan parte hartzea. Ez dugu publiko arrunta nahi, ikuskizunera datorrena eta gero etxera itzultzen dena. Elkartean parte har dezaten nahi dugu, publikoarekiko gertutasuna lortzeko, eszena eta publikoaren arteko hesia apurtuz. Egun 200 bazkide ditu elkarteak eta egia esan, gure hasierako asmoak gainditzea lortu dugu” esplikatu du Bauk.

Ekonomikoki ere parte har dezake ikusleak: bazkide fundatzailea izateko, eserleku fiktizioa eros daiteke. 150 euroren truke, bazkide fundatzaile izan gaitezke eta urte osoko programazioa ikusteko balio duen eserlekua lortu. Zenbakidun bazkidea izatea dugu beste aukera bat: 90 euroren truke urte osoko programazioan %50eko deskontua izango dugu. Hirugarren aukera bazkide arrunta izatea da: ikuskizun baterako sarrera erosita, automatikoki 6 Pabilioiaren bazkide bilakatuko gara. “Urtean behin, asanbladak egiten ditugu bazkide guztiekin, baina eguneroko funtzionamenduan bazkide fundatzaileak murgiltzen gara, denok eguneroko erabakietan parte hartzea konplexua da-eta”.

Urte osoko programazioa

Iazko Aste Nagusian ireki zituen ateak espazio berri honek eta ordutik, hilero-hilero programazio iraunkorra mantendu du. Euskarazko antzerkia programatzea lehentasunetako bat da beraientzat: “Bazkideetako batek izugarrizko diru-laguntza eman digu, euskarazko antzerkia programatzeko baldintzapean” azaldu du Bauk. “Gainera, mitoa da euskarazko antzerkia minoritarioa denik, ez behintzat erdarazkoa baino gehiago. Gure esperientziak erakutsi digu ez dela horrela, aretoa berdin-berdin bete baita”, dio Pako Revueltas aktoreak. Horren adibide, 2011ko urrian eskaini zuten Errautsak lana, Artedramak, Dejabuk eta Le Petit Théâtre de Pain taldeen eskutik. “Egia da lan arrakastatsua izan dela, Donostia Hiria saria da horren lekuko, baina aretoa bete egin zen. Eta harritzekoa dena, jende gaztea hurbildu zen antzokira!”, dio Revueltasek. Bauren ustez jende gazteak, 15-30 urte artekoek, ez dute antzerkira joateko ohiturarik. “Gure asmoetako bat da horiek pabilioira erakartzea. Ez gara Arriaga, ez dugu alfonbra gorririk... hori da gure abantaila jende gaztea erakartzeko orduan”.

Harrobia eta jarri ez diren harriak

Bilbon sortzen ari diren beste ekimen batzuei buruz ere egin nahi izan dugu berba arte eszenikoen sortzaile hauekin, besteak beste, Harrobia Eskenaz (Bilbo-Otxarkoagako Ekoizpen Eszenikoen Berrikuntza Zentroa) eta oraindik proiektua baino ez den Antzerki Profesionaleko Goi Mailako Eskolaz. “Eskola funtsezkoa da”, baieztatu du Irene Bauk, “titulu bat beharrezkoa da, beste ogibide batzuetan bezala, antzezle profesionala izateko”. Harrobia Eskena zentroa, Bilboko Udalaren ekimena da, baina Eskenak kudeatzen du, euskal antzerki taldeen elkarteak; zera dio Bauk horri buruz: “Bi ekimen horiek aspaldiko borroka dira, eta zorionekoak gu azkenean heldu direlako! Harrobia behar-beharrezkoa dugu antzerki taldeek; batez ere, orain hasten direnek. Egoitza horretan kalitatezko ikuskizunak ekoiztu daitezke, horretarako jaio baita, antzerki taldeek baliabide egokiekin lan egin dezaten. Luxua da, baina beharrezkoa gure ikuskizunak maila onekoak izan daitezen”.

Eskola beste kontu bat da. Proiektua paperean baino ez dago, oraingoz. Pako Revueltasek kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak duen jarrera: “Isabel Celaári gutuna bidali diogu, tonu gogorrean. Euskal Aktoreen Batasuneko kide gara –proiektu hori martxan jartzeko dagoen Plataforma–, eta sinesgarritasuna galtzen ari gara Jaurlaritzan borondaterik ez dagoelako. Orain dela urtebete egin genuen Eszenikaren aurkezpena, esanez 2013rako egina egongo zela; eta Jaurlaritzak oraindik ez du atera lehiaketara eraikuntza lanak egiteko deialdia. Gure aldetik, curriculuma landu eta aurkeztu dugu dagoeneko. Ez dugu pentsatu nahi proiektua bere horretan geratuko denik, baina errealitatea da, egun, geldirik dagoela. Epealdi guztiak gainditu dira jada eta ez dute azalpenik eman. Badirudi legealdia bukatu nahi dutela eta eskolaren proiektua bere horretan geratuko dela”.

eMe: emakumeek egina

6 Pabilioiaren beste ekimenetako bat, programazioari dagokionez, eMe zikloa da, emakumezkoak egindako antzerkiari eta dantzari eskainia. “Urte osoan mantenduko dugun zikloa da. Nahi duguna zera da, bai zikloak bai programazio arruntean dauden lanak iraunkortasuna izatea. Ez izatea egun bateko gauza eta kito. Antzerki taldeei lan egiteko baldintza duinak eskaini nahi dizkiegu”, azaldu du Irene Bauk.


ASTEKARIA
2012ko otsailaren 12a
Azoka
Azkenak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Eguneraketa berriak daude