argia.eus
INPRIMATU
Tipi-ttapa: Autofinantzazioa
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2012ko urtarrilaren 31

Joxe Manuel Irigoienek egin digu harrera Etxalarko egoitzan. Aurten Lesakara joateko asmotan dira, urte askoan egoitza batetik bestera ibili ondoren han erosi baitute azkenean eraikina. Goizean goizetik ari dira lanean Ttipi-ttapa aldizkarian eta www.ttipi.net webgunean. Zazpi langile dira, eta oraingoz, ez dute zalantzan jartzen ez aldizkariaren ezta webgunearen etorkizuna ere.

Joxe Manuel Irigoienen ustez, komeni da azaltzea zergatik bi proiektuek bizirik iraungo duten 2012. urtean. Horretarako urte batzuk atzera egingo dugu. 1990. urtean aldizkaria hamabostekari bihurtu zen eta 1996an Interneteko webgunea sortu zuten. 1998an telebista abiatu zen. Azken proiektua bideratzeko, ordura arteko kultur elkartea fundazio bihurtu zuten, eta horrela jarduera ekonomikoak egitea zilegi zen. Kulturkaria sortu zuten, Ttipi-ttapa aldizkariarekin eta webgunearekin zerikusirik ez duen egitasmoa, hirugarrenentzako lan komertzialak eginez dirua eskuratzeko. Kulturkariaren bidez lortutako etekinak balia ditzakete aldizkariak eta webguneak eragindako zuloak betetzeko. Hala gertatu zen telebistarekin, urtero 60.000 eurotik gorako zuloa egiten zuen eta “koltxoi” horren bidez aurrera egin zuten... telebista ixtea erabaki zuten arte. Hiru arrazoirengatik itxi zuten telebista: urteroko defizitagatik, digitalean emititzeko lizentzia eskuratzeko aukerarik gabe geratu zelako eta Nafarroako Gobernuak 2009an diru-laguntzarik eman ez zuelako. Kulturkaria helduleku oso garrantzitsua da aldizkaria eta webgunea bizirik mantentzeko. Badu ordea beste bereizgarri bat Ttipi-ttapak: harpidetza. 1990etik 1998ra bitartean irakurleek eskatu egiten zuten aldizkaria eta etxera bidaltzen zitzaien, doako harpidedun ziren. 1998. urtetik aurrera harpidedunek ordaindu egiten dute aldizkaria jasotzeagatik. Kuota ez da finkoa, udalek urtero ematen duten edo ez duten diru-laguntzaren arabera herritarrek gehiago edo gutxiago ordaintzen dute. Irigoienek honela azaldu digu bi ardatz horien garrantzia: “Proiektua ez dago zalantzan etxeko lan horiek egin ditugulako eta epe laburrean koltxoia daukagu. Egoera hau izugarri luzatuko bada, koltxoia ahultzen joango da”. “Egoera hau” dioenean Nafarroako Gobernuaz eta Eusko Jaurlaritzaz ari da, besteak beste. 2011n Nafarroako Gobernuak 20.000 bat euro eman zizkien, 2012an batere ez. Eusko Jaurlaritzak 42.000 eman zizkien iaz eta aurten ez dakite zenbat izango den. Udaletatik 52.000 euro jaso zituzten, aurten aurrekontuak ixteko nahiko lanekin dabiltza. “Nafarroako Gobernuak utzitako zuloa harpidetzekin eta Kulturkariarekin beteko dugula uste dugu. Buztinezko hankak hain buztinezkoak ez izateko manera bakarra dago, autofinantzazioa eta produktua baloratzea, alegia, ez dago zertan doan eskaini”.