argia.eus
INPRIMATU
"Talotu & txistorratu"

Alaitz Vives 2012ko urtarrilaren 31

Inoiz ikusi al duzue herriko anbulategia non kokatu erabakitzeko bilera deialdirako neonezko kartelik? Nik ez. Hala ere, Las Vegas estiloko udal komunikazioak gurean jarraitzaile larregi dituela esango nuke. Ados, ipini kartel koloretsuak eta eskuko gida satinatuak neonezko kartelak aipatu ditudan lekuan.

Ikuskizun kultura da Udalen komunikazio ekimenen aldetik atentzio gehien jasotzen duena. Herriko jaiak direla, antzerki emanaldiren bat, kontzertuak... Ados, kartelak jartzen bikainak gara gurean. “Mozorrotu zaitezte”, “egin dantza”, “sartu eta begiratu beste hau”, “ondo pasa”, “talotu eta txistorratu zaitezte!”.

Oraindik ere ez dut udaleko eguneroko erabakietan parte hartzeko gonbitea egiten duen Las Vegas estiloko kartelik ikusi; informazio hori udal bandoetan plazaratzen da, letraz jositako paper gris ulerkaitzetan. Zorte apur batekin, herriko informazioa jorratzen duen aldizkari edo egunkariaren atalean aurkitu ahal izango duzu, zenbatekoa den udalak hitz eman duen azken kreditua.

“Komunitatea hila dago”, “parte hartzeko kultura galdu egin da”, “jendea indibidualista da”, “inguruan gertatzen denarekiko interesa galdu du” sarriegi entzuten ditugu horrelakoak. Parte hartzeko moduak aldatu egin dira, interesa hor dago, ikusi eta jaso nahi duenarentzat, baina askotan erosoagoa da komunitatearen axolagabekeria faltsu horren atzean ezkutatuz, ikuskizun kulturan soilik zentratutako udal komunikazioa egiten jarraitzea.

Komunikazio estrategia izateak herritarren parte-hartzea errazten du, bultzatzen du, eta are gehiago esango nuke, pentsatzen dut komunitatea sortzen eta kohesionatzen lagun dezakeela.

“Atea irekita dago, eta ordutegia publikoa da, aurkitu nahi gaituenak badaki non gauden” edota “informazio guztia webgunean daukazu” bezalako hitzek, parte-hartzea edota hartu-emana boikoteatzen dituzten jarrera ireki-faltsuak dira.

Publikoa, hartzailea, inoiz baino gertuago dago, Internet eta sare sozialak baliatzen baditugu. Tresna baliagarriak izan litezke gainera, eta halaxe dira, interes taldeak detektatu eta haiekin harremana mantentzeko. Komunikazioa ez da propaganda, propaganda usainak hartzailea uxatu egiten du. Komunikazio estrategia zaindua garatu eta aurrera eramateak herrigintzan jarduteko beste modu bat dakar. Sinetsita nago.