argia.eus
INPRIMATU
Ipar Koreari buruzko dokumentalik onena?

Jon Torner Zabala @jtorner 2012ko urtarrilaren 31

Pyongyang. Guy Delisle.

Astiberri (2007, 3. edizioa).

176 orrialde, zuri-beltzean.

Pyongyang Ipar Koreako hiriburuko aireportuaren orrialde osoko marrazki batek irekitzen du Guy Delisle quebectarraren komikia. Tamaina bereko irudi gehiago tartekatzen ditu autoreak liburuan, gehientsuenak eraikin eta monumentuenak, herrialdearen handitasun hutsaren erakusgarri direnak. Aireportuko edifizioaren goialdean Kim Il Sung lider handiaren (1912-1994) erretratua ageri da. Maiz ikusiko dugu haren irudia liburu osoan, pasa den abenduaren 17an zendu zen Kim Jong Il buruzagiarenaren alboan. Delisle 2003an izan zen Ipar Korean, TF1 telebista kate frantziarrak eskatuta, marrazki bizidun batzuen gainean bi hilabetez SEK (Scientific Educational Korea) zentrora lan egitera joan zenean. Orduan bizi eta ikusitakoak jaso ditu komikian, trazu soileko zuri-beltzeko marrazkien bidez: etengabe begira dituen bi agintari ia-bikien erretratuak, errepide bazterrak txukuntzen dituzten “boluntarioak”, kapitalismoaren (Ameriketako Estatu Batuen) sinboloekiko (argazki kamera, irrati, musika aparailu eta abarrekiko) mesfidantza, gauez pizten ez diren farolak, sekula itzaltzen ez den Jutxe Dorreko sugarra, gida eta itzultzaileen sekretismoa, txoko oro inbaditzen duen propaganda ofiziala...

“Ipar Koreari buruz sekula egin den dokumentalik onena komiki bat da”, irakurri dugu liburaren kontrazalean. “Delislek ironia zorrotzarekin kontatu du hiriburuko egonaldia”. Egia da ironiarekin kontatzen dituela, baina sentsazioa dut ironia horrek ipar korearrak izan dituela beti jomugan, haiek irrigarri utzi nahia gehiegi nabarmentzen dela. Egia da Ipar Koreako errealitatea irrigarri eta absurdua izan daitekeela –Kim Jong Il buruzagia hil osteko irudiak ikustea besterik ez dago–, baina Delislek gainerakoak irudikatzen ditu beti barregarri, egoerari buelta eman eta bere burua sekula “zigortu” gabe, estralurtar moduan ingurukoak aurkeztuz.  “Zein punturaino manipula daiteke pertsona baten garuna?”, galdetzen du komikiko Delislek, eskuan George Orwellen 1984 liburua duela. “Sinetsiko ote dituzte irentsarazi nahi dizkieten pitokeria guztiak?”. Auskalo. Sinesten al ditu Delislek? Sinesten al ditugu guk? Alegia, ez dela Pyongyang kaleetan herritarrak zelatatzeko bideo-kamerak dituen munduko hiri bakarra.