Munduko gerra ageriko eta ezkutukoen zerrenda luzean gehitu ezazu honakoa: lur arraroena. Eskandioa, prometioa, neodimioa, samarioa, galioa, telurioa... izen xelebreko mineralak baina egunero darabiltzagun tresnen bihotzak mugiarazten dituztenak. Arraro deitzen zaie urri daudelako baino, eskuratzen zail eta garestiak direlako.
Energia berriztagarriek badute mugarik? Berriztagarri den zerbaitek esan liteke amairik gabea behar duela. Baina berez berriztatzen den energia bildu, pilatu eta banatzeko egiturak material ez berriztagarriz eginak daudenez, mugak azaltzen dira bere erabilpenean.
Berrikitan gaztelaniazko Falacias Ecologistas (Engainagarri Ekologistak) blogean muga horiez eztabaidan ari zirela, alegia lur arraroak direlakoen urritasuna oztopo izan ote daitekeen energia berriztagarriak heda-tzeko, hortxe azaldu zen neodimio izeneko minerala. Haizearen energia biltzen duten errota modernoenek hori darabiltelako.
Haizerrotek industrializazioaren aurreko mundua irudikatzen zuten, eta muga hori gainditu behar izan zuten lehenbizi aerogeneratzaile modernoek. Energia arras merke eskuratzen zenean ekologistek beste inork ez zituen aipatu ere egiten. Beranduago, erregaiaren 1970ko krisiaren ostean, petrolioa edo nuklearra ustiatzen dituzten korporazioak berak hasi ziren eolikoak garatzen.
Eolikoaren muga bakarra haizearen kapritxoan datzala esan da maiz. Eguraldi barearekin, indarrik ez. Hesi hori ingeniariek gainditu zuten sare elektriko zabaletan integratuz zentral termikoekin, hidraulikoekin eta nuklearrekin elkarlanean jarririk haize-errotak. Orain aipatzen duten muga, aldiz, oso bestelakoa da.
Berez sinplea den haize-errota gero eta tamaina handiagoetan ahalik eta modurik eraginkorrenean lanean edukitzekotan, haren generadoreak sofistikatuagoa behar du izan. Esate baterako, abiadura aldagailuz hornitutako generadoreetako pieza mugikorrak azkar higatzen dira, haize-errotak matxuratuz. Konponketa lan garestiak sortzen dituzte, zer esanik ez itsasoan baldin badago haize-errota.
Hori dela eta, eihera handienetako motorretan zuzeneko transmisioa usatzen da, horretarako iman bereziak ipinita. Hain zuzen neodimioa daraman altzairuz egindako imanak. Teknologia honekin generadoreek aurrekoen erdia pisatzen dute.
Neodimiozko imanak daramatzate azken belaunaldietako haizerrotek. Besteren artean, gero eta generadore handiagoak egiteko joeragatik. Ingurumenaren Europako Agentziak proposatzen duenez, 2030. urtean ohikoa izan behar du 10 megawatt baino gehiagoko haizerrrotak ipintzea. Esan nahi baita, ia 200 metroko altuerako munstroak.
AEBetan 2030erako kontsumitzen duten energiaren %20 eolikoa izatea nahi luketen proiektuak badira, tartean 20% Wind Energy by 2030. Aldekoek, ingurumenarentzako abantailak eta sortuko liratekeen zientoka mila lanpostuak famatzen dituzte. Kontrakoek, egin beharreko inbertsioen gogorra salatzen. Eta benetako mugak fisikoak balira? Haizearen indarraren alderantziz berriztagarriak ez diren material ba-tzuetan?
Txinan erosi beharko duzu
Iman berezietan erabilitako neodimimioa omen da lur arraro deituetan usuen aurkitzen dena. Askoz bereziagoak izan behar dute zerrendako gainerakoek. Arraroak, baina beharrezkoak batik bat teknologia aurreratuko tresna eta lanabesak ekoizteko.
Horiez idatzi du The Oil Crash izendatu arren gaztelaniaz den blogean Antonio Turiel fisikari eta matematikariak: La guerra de las tierras raras. Turielen ustez, ez baitira petrolioa eta gasa, oro har energi iturri fosilak, produkzio gailurrera –Peak Oil– iritsi diren bakarrak. Beste lehengai asko ari dira urritzen.
Lur arraroak bereziak dira, ez hainbeste munduan urri daudelako baizik haien ustiaketa konplikatua delako. Salbuespenen bat kenduta, mineral horien meategirik ez da, gehienak eskuratzen dira gai ohikoagoen babesean. Esaterako, aluminioaren produkzioarekin lotuta dago galioa, zinkarenarekin kadmioa, indioa eta germanioa, berunarekin tungstenoa eta molibdenoa, eta abar.
Lehengaiok modu ia testimonialean ekoiztu izan dira urte luzez, harik eta azken hamarkadotan materialen zientziak jauzi izugarriak egin dituen arte. Gaur laserretan, zuntz optikoan, telebistetan... oro har, elektronikan oinarritutako milaka aparailutan derrigorrezkoak diren lehengaion kontsumoa esponentzialki ugaritu da.
Mendebaldeko herrialdeetan kezkatuta daude mineral arraro gehienak gaur Txinaren esku daudelako. Haize-errotak ugaritu nahi ditugu, auto hibridoak, eguzki panelak... baina horiek ekoizteko beharrezko lehengai jakin batzuk Txinak kontrolatzen ditu. Pekineko agintariek, gainera, horietako gai batzuk esportatzea galarazi dute: mineral arraroa daraman eletrogailua saldu dezakezu atzerrian, baina minerala bera ez.
Antonio Turielek artikulura dakar lur arraroez gehien omen dakitenetako bat, The Lifton Report buletina argitaratzen duen Jack Lifton. Honek diosku oso gutxi direla lur arraroen merkatua ulertzen dutenak.
Lehenago esplikatu denagatik: ez bismutoa edo telurioa, bi aipatzearren, ez dira inon ageri horien meategiak errentagarri egiterainoko kontzentrazioetan. Berun meategietan beste lur eta mineral gehiagorekin nahasian azalduko da bismutoa, berdin telurioa molibdeno meategietan. Txinatarrek bai ulertu dute ondo mineral horien merkatua, eta egin dutena izan da joan eta merkatua kontrolatu, gai eta leku askotan produkzio osoa erosi eta horrekin hasi negoziatzen.
Horien garrantzia eduki al da kontuan teknologia berri batzuk eskala oso handitan zabaltzea erabaki denean? Antonio Turiel eta beste batzuek diote ezetz. Haize-errota modernoenak neodimioaren morroi diren moduan, eguzki plaka modernoenak telurioa bezalako mineralen neskame dira. Baina gerta liteke horietatik aski ez egotea, edo egotekotan izugarri garesti ateratzea, errentagarritasun kalkuluak hankaz gora jarririk.
Eta hori alde batera utzirik mineral hauen ekoizpenak ingurumenean sortutako kalteak. Britainia Handian Windfarm Action Groupek joan den urtarrilean azaldutako salaketa baten titulua: “Txinan pagatzen dute Erresuma Batuan energia garbiarekin egin esperimentua: kutsadura ikaragarria”.
Turielek bukatu du artikulua Londresko The Timesek 2010eko otsailaren 28an plazaratutako titularrarekin: “Kontsumismoaren akabera heldu da”. Iritzi hori atera zuen Leo Lewis kazetariak Tokion bildutako munduko inbertsore handienen bileran. Smartphoneak bezala misilak biziarazten dituzten mineralak urriak dira eta Txinak kontrolatzen ditu. Txinarekin baliabideengatiko gerran sartuko gara erremediorik gabe.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.
Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.
Irulegi irratiak elkarrizketatu du AEBetako Montana estatuko Auzitegi Nagusiko epaile Katherine Bidegaray. Gurasoak behe nafartarrak zituen, aita Mendibekoa eta ama Ahatsakoa.
Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.
Duela hiru urte onartutako Klima Aldaketaren aurkako legean jasota zegoen neurria
Adosturiko puntu batzuk aldatzen saiatzea leporatu dio Benjamin Netanyahuk Hamasi, baina azken honek informazioa gezurtatu egin du berehala. Urtarrilaren 15eko arratsaldean adostutakoaren arabera, hiru fase lituzke meniak eta igandean abiatzekoa dute. Bizkitartean, erasoekin... [+]
Asteartean eman zuten jakitera bost gazte lapurtarren kontrako sententzia. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra gibelapenaz bi gazteri, 500 euroko isun banarekin; 140 orduko lan behartua eta 500 euroko isun bana beste bi gazteri; eta, azkenik, 1.700 euroko isuna beste... [+]
Sandra Siria Mendaza eta Hodei Sarasa Camacho Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko irakasleek haien ikerlanen ondorioak azaldu dituzte Nafarroako Legebiltzarrean. 2022Ko legean “komunitateko tutore” figura berria sortzea eskatu dute, harrera baliabidetan... [+]
Lehengo batean, The Wire telesail sonatua berrikusten ari nintzela, etsipena gogora ekarri zidan eszena bat heldu zen. Bertan, The Baltimore Sun egunkariaren zuzendaritzak langileak bildu eta datozen aldaketei buruz ohartarazten die; hau da, kaleratzeez eta distira gutxiagoko... [+]
Bizi dugun kultura kontsumistak, erabiltzaile oro agintzen du gozamen neurrigabera. Slavoj Zizek dioen eran, Goza ezazu zure fetitxea, hiper-modernitatearen agindu ozena bihurtu da. Fetitxearen lekua betetzeko dauden gailu teknologikoen bidez gauzatzen baita egungo gozamena... [+]
2025eko irailarekin hasiko den ikasturtean ez da izango sexu bereizketarik Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asteazken honetan jakinarazi duenez. Eskibel eta Erain ikastetxe kontzertatuak dira gaur egun ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten bi... [+]
Larrabetzuko Hori Bai Gaztetxeak 60 urte bete ditu. Euskal Herriko Gaztetxe zaharrena da Larrabetzukoa.
Hainbat enpresak aniztasun eta inklusio politikak aldatu dituzte Donald Trumpen gobernu berriari ongietorria egiteko.
Laborantza industrialak, urtegiek eta kutsadurak ondorioztaturiko "gaitzeko presioengatik" desagertzekotan dira ehundaka espezie. Bilakaera hori saihesteko asmoz, "berehala hartu beharreko aldaketak" galdetu dituzte Nature aldizkariak urtarrilaren 8an... [+]