argia.eus
INPRIMATU
Fiskalitatea, kirolariak eta asmakizuna

Gorka Moreno Márquez 2012ko urtarrilaren 31

Jakina da kirolari gehienek euren aberria era sutsuan maite dutela eta edozer gauza egiteko prest daudela euren lurraldea salbatzeko, edo gutxienez, zergak ordaindu behar dituzten unera arte. Horiek horrela, honen aurrean egoera ezberdinak daude.

Lehenengoa, enpresa bat sortu eta pertsona fisiko bezala tributatu beharrean pertsona juridiko bezala egitea. Ondasun eta diru-sarrera guztiak enpresaren bidez kudeatuta emaitza fiskalak ezin hobeak dira, eta enpresa honek galerak baldin baditu zeresanik ez... Baina badira beste batzuk, enpresak ordaindu behar dituen zergak gehiegizkoak direla uste badugu, beti dago aukera gure abertzaletasunaren baitan Monakon edota Suitzan gure egoitza jartzeko. Esan ohi den bezala diruak ez du aberririk eta kirolari batzuen moralitateak ere ez, baina tira. Mota honetako adibide asko izan dugu estatuan, eta gurean ere –izenik ez dut emango– izan dugu kasuren bat edo beste. Hortaz, ez pentsa arazo honen aurrean euskaldunok txertatuak gaudenik.

Kontrako adibidea badago ere, alegia gure bandera etengabe musukatzen ez daudenak laguntzeko trikimailuak. Horrela, iragan garaian, kanpoko goi-exekutiboak erakartzeko –hain modan dagoen etorkin kualifikatuen argudioa– euren egonaldiaren lehenengo sei urterentzat %24ko tipo berezia asmatu zen, ohikoa den %48aren –orain zertxobait handiagoa– ordez. Noski, goi-exekutiborik ez da etorri baina zirrikitu legal ezin hobea ireki da kanpokoak diren kirol-izar distiratsuak bereganatzeko. Adibide zehatz bat jartzearren, Cristiano Ronaldok %24a ordaintzen du bere errenta aitorpenean, mileurista batek ordaintzen duena gutxi gorabehera.

Ardura duten instituzioek esan dezakete, neurri hauen guztien bidez, kanpora joango ziren dirutzak edota etorriko ez zirenak mantendu edota erakarri egiten direla, eta hortaz, azken emaitza positiboa dela diruari begira. Fiskalitatean adituak direnen ustetan, gauzak ez dira hain automatikoak eta beste faktore askok eragiten du fiskalitatean eta honen bidez lortzen diren diru-kopuruetan, errealitatean adibide askok erakusten du hori. Gainera, argudio horiek enpresa batean sinesgarritasun apur bat gehiago izan dezakete, baina ez erabat salbuespen diren goi-mailako kirolariekin. Hortaz, hemen beste gauza batzuk daude jokoan.

Eta azkenik asmakizuna: ezetz asmatu emandako informazioarekin Cristiano Ronaldok noiz utziko duen Real Madril?