argia.eus
INPRIMATU
Eskozia: zer utzi zer hartu

Xabier Letona Biteri @xletona 2012ko urtarrilaren 31
Eskozia, zer utzi eta zer hartu
Eskozia, zer utzi eta zer hartu

MARGARETH-EK jangelako ateazabaldu zigunean hunkitu ere egin ginen euskaldun ikasle koadrila, Edinburgheko adineko emakume haren fineziaz: otordu ederraz gain, Eskoziako banderak eta ikurrina txiki banak apaintzen zuten mahaia. Haren etxean bizi zen arrasatearraren koadrilakoak ginen, hori dagoeneko nahikoa zen, baina gainera euskaldunak. Horrek borobiltzen zuen egoera eta harremana.

1996ko udazken-negua zen eta Braveheart oraindik ere indarrez zebilen eskoziarren memoria astintzen, baina ingelesak ez ziren beste anglofono askorena ere bai. Gure etxeko Tom eta Scott australiarrak ere pozarren ziren filmarekin, lagun eskoziar ugari zituzten, eta Lothian Roadeko leiho hartatik ikusten genuen Edinburgheko Gazteluko bandera handi eta bakarti hura baino harroago ziruditen filmarekin. Ikasle festetan ere behin baino gehiagotan ateratzen ziren gure alde ikasle euskaldun eta espainiarren arteko eztabaidetan.

Baina oso molde desberdinean bizi genuen gure naziotasuna eta sarri harritu ere egiten ginen haiek jasaten zuten kultur kolonizazioaz. Ipar Irlandan aritzean ere antzerako sentipenak azaleratzen ziren, eta agian gehiago, gatazkaren ondorioz Irlandako abertzaletasuna askoz ukigarriagoa ere bazelako. Gu gure hizkuntz egoeraz kexu ginen, eta aldiz, eskoziar gazte batzuk harro ziren haien ingelesa dialekto itxura hartzen ari zelako.

Eskozia estatu gabeko herrien ipar bilakatzen ari zaigu 2014ko erreferenduma medio. Independentzia kimera eta kontzeptu zaharkitua baino, posiblea eta gaurkotasunezkoa dela erakusten digu. Herri bakoitza bere ezaugarriekin heldu da XXI. mendera eta egoera ekonomiko aurreratua da eskoziarren abantailetakoa, euskal herritarrena izan daitekeen moduan. Hori da egun eskoziarren argudiorik indartsuena oraindik independentismotik harago diren gehiengoak erakartzeko. Hemen ere argudio sendoa bilakatzen ari da abertzaletasuna sendotzeko. Eta gainera, PPk sentipen hau gizendu besterik ez du egingo bakegintzaren eremuan neurriak hartzen zenbat eta gehiago atzeratu.

HERRI TXIKIEK krisiei aurre egiteko baliabide gehiago dauzkate eta gainera hobeto bizitzeko aukera ere bai, hori da gero eta txosten gehiagok dioena. Herri txikiak dira mundu mailako bizi maila handiena dutenak: Luxenburgo, Norvegia, Danimarka, Suitza... Horiengandik urruti gaude, baina akaso Espainiatik baino gertuago. Gainera, krisi ekonomikoak aukera bikaina ematen du egun bizi dugun gizarte eta garapen ereduaz ere jarduteko. Areago, egin behar ezinbestekoa da hori. Eskoziari begira, hemengo euskaltasunetik begiratuta bederen, argi dago begia non jarri behar den eta non ez. Etxera begira, bada oinarriez, estrategiez eta ereduez jarduteko ordua. ETAren oztopo edota aitzakia –nondik begiratzen den– historia da jada eta ezin da elkarren artean modu eraikitzailean hitz egiteko aukerarik galdu.