argia.eus
INPRIMATU
Zoriontasuna

Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2012ko urtarrilaren 25a

Hordiak, umeak eta inozotasunaren linboan bizi direnak baino ez ei dira zoriontsu askoren ustetan. Tarteka-marteka, geure burua oreka psiko-afektiboei eusteko gai garenok ere, barrenak bare eta masailean barre jartzen digun egoera haizezko hori sentitzeko gauza ere bagara bizitzan, antza. Bestalde, beti esan izan da dirua dela zorionbidean jartzen gaituen metal preziatu bakarra, eta ez dela beste bidezidorrik (psikotropikoek ematen dutenez gain) erabateko zoriontasunera eramateko gai denik. Oraingo honetan baina, ez diruak ez erlijio-sinesmenak ez dute gizakia ezti-mamitan jartzeko gaitasunik. Erlijioa baztertuta eta diruari muzin eginda, zoriontsu izateko bide bakarra demokrazia dugu, demokrazia mendebaldar “marabilloso” hau, hain zuzen ere. Eta guk jakin ez altxorra non dagoen bilatzen! Edo horixe eman du aditzera, behintzat,  ikerketa soziologiko “interesgarri” batek duela ez asko. Agian, mundu mailan nozitzen ari garen krisi ekonomikoaren mimenkadez edota zartakoez ahantz gaitezen-edo egina izango da azterlan zientifiko hau, murriztaldian espiritualagoak edo etereoagoak diren euskarriei oratuta, errealitate gordina bazter dezagun. Herrialde demokratikoenak omen dira, beraz, pozaren pozez egun guztian zehar ipurdiko esfinterrak estu eta gogor jartzen dizkiguten sistemak. Bestelakoek, nasaitu eta zirina baino ez ligukete eragingo uzkian. Eta badakizue esfinterrak estutzeak eiakulazio goiztiarra ekidin eta aluko giharrak indartzen dituela, bataren eta bestearen gozamen sexuala denboran luzatu eta zoriontasuna lortzeko bidean jarriz. Danimarka omen da mundu honetako herrialderik zoriontsuena, eta Zimbabue zorigaiztoena. Suizidio kopuru altuena duen herrialde izateak ere zorionbidean jartzen ei du herrialde hori, Danimarka alegia. Zimbabuetarrak, ostera, berez hiltzen dira, gosez eta tristuraz. Zorigaiztoz, jakina. Kilotan eta litrotan neurgaitza den egoera animiko-emozional etereo honek ere iparra eta hegoa jartzen ditu balantzaren alde banatan, eta pikutara jaurtikitzen ditu gure sasoi bateko uste inozoak ere. Hau da, herri txiroetako giza jendearenirribarrea zuria da (hau ironia Afrikako bizilagunentzat!), ez da zoriontsu bizi izatearen adierazgarri, esfinterra estu eta papao aurpegia izateko merezimendua Danimarka eta inguruko herriek baino ez baitute. Eta honek guztiak azken hausnarketa egitera narama. Euskaldunok dugun serio ospearekin bi ondorio garbi utzi dizkigu azterlan “bikainak”: hirugarren munduko herria gara edo gurean demokraziatik gutxi.