argia.eus
INPRIMATU
XVII. mendeko celebrity-ak

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko urtarrilaren 24a
John Hoppner

Londres, 1663. Eleanor Gwynek debuta egin zuen Bridges Street Theatre-n. 14 urte zituen, hori baino lehen laranjak saltzen zituen antzokian, eta ez zekien irakurtzen, baina komediarako talentua omen zuen. Arrakasta handia lortu zuen antzezle moduan, eta Karlos II.a erregearen amorantea izan zen, baina etsaiak ere bazituen.

Izan ere, ordura arte aktore guztiak gizonezkoak ziren, baita emakumezko rolak jokatzen zituztenak ere, eta askok ez zuten begi onez ikusi Gwynek eta ondoren etorri zirenek (Hester Booth, Kitty Clive, Sarah Siddons...) zabaldutako bidea. Gizonezko antzezleekin gertatu ez bezala, garaiko argitalpenak emakumezko aktoreei buruzko informazioa argitaratzen hasi ziren, lanarekin baino gehiago emakume horien bizitza pribatuarekin zerikusia zuen informazioa. Baita irudi satiriko eta erotikoak ere. Merchandising modukoa egin zuten pertsonaia ospetsu horiekin: aktoreen irudia zuten portzelanazko figurak edo makillaje kutxak saltzen hasi ziren. Guztia, protagonisten baimenik gabe.

Hala, emakumezko aktoreak berehala jabetu ziren beren irudi publikoa zaintzearen garrantziaz. Garaiko margolari ezagunei irudia hobetzen lagunduko zien erretratuak eskatu zizkieten, eta batzuek, Mary Robinsoek eta Elizabeth Inchbaldek, esaterako, beren memoriak idatzi zituzten.

Orain Londresko National Portrait Gallery-k erakusketa antolatu du fenomeno hori azaltzeko. Emakume horiek antzezteko eskubidea nahi zuten, besterik gabe, baina mundu berri bat zabaldu zuten. Publikoa obsesionatu egin zen, eta emakumezko aktoreak maitatu zein gorrotatu, haiei buruzko dena jakin nahi zuten. Celebrity-en fenomenoa jaio zen.