argia.eus
INPRIMATU
Urtebeteko ibilbidea

Xabier Letona Biteri @xletona 2012ko urtarrilaren 24a

EDITORIAL bateratua argitaratu genuen duela urtebete euskarazko hedabide ez publikoek, 2011ko otsailaren 1ean: 75etik gora hedabide batu ginen “Beste jauzi baterako ordua” aldarrikapenean. Usaintzen genuen gure ohiko bide estua are eta bidexkago bilakatuko zela bizi dugun krisialdi sakonean. Diru-laguntzak, publizitatea, salmentak… meharrago da dena eta hedabide batzuk hasi dira bidean erortzen.

Elkarrekin hobeto eutsiko geniola pentsatu genuen orduan eta horretan ari gara oraindik ere, ea elkarrekin zer egin emankorrago izateko, ea sektorea egituratzeko gai garen ahaleginean. Bitartean, instituzio eta alderdi politiko ugarirekin izan gara: oro har, ez dut uste ulertzen dutenik azken 30 urteetan euskarazko hedabideen eremuan egindako ahaleginaren zati handi bat kareletik behera joan daitekeela. Uste dut haiek uste dutela ezin dezaketela ezer egin, aurrekontuen hersturaren patuak jota direla; edo dagoeneko asko egiten dutela, gurean %11 bakarrik murriztuz (adibidez Jaurlaritzak). Uste dut gaitza egiten zaiela ulertzea gure sektoreak inbertsio txikiarekin etekin handia lortzen duela eta zerbitzu handia ematen diola gure hiztun komunitate txikiari.

Topaguneko Topaberri barne buletinaren 65. zenbakian urte honetan sektorean emandako urratsez aritu ziren Topagunea, Berria Taldea, Goiena eta Argiako ordezkariak, eta guztiek balorazio oso positiboa egiten zuten emandako urratsez. Gehiago gura, baina egindakoaz pozik, eta kasu batzuetan harrituta, ibilbide hori egiteko gai izango ez ginelakoan. Eta Topaguneak apustu argia egiten zuen buletinaren titulu nagusiarekin: “Euskarazko hedabideak: aliantzen garaia da”. Borondate baten agerle da, gaur gaurkoz badirudi nahiko partekatua sektorean, baina zeren inguruan eta nola aliatu asmatu beharko dugu orain. Eta horretan ari gara.

Badugu zertaz jardun, egituratzeez dauden ikusmolde desberdinak batze aldera, publizitateaz, sektorearen indar eta ahulguneez, aldarrikapenerako bideez… Maldan gorako sasoiak dira, zalantza barik, baina noiz ez? Gure burua lasaitze aldera egindako galdera erretorikoa izan liteke, baina egia borobila ere bai; egia den moduan euskarazko hedabideen burbuilak eztanda egin dezakeela, oparotasunaren burbuilak hala egin duenean.

Asmo eta gogoak ehundu artean, gure agintariei gogorarazi beharko diegu behin eta berriz, zergatik den garrantzitsuagoa AHTren kilometro bat euskarazko hedabideak lau urtez laguntzea baino. Edo, adibidez, zergatik 70 milioi euro gastatzea Tabakalera eraikitzen, hura zertarako izango den batere garbi ez dagoenean; zergatik gastatu dirua –Iruñeko Aranzadiko baratze parkea– natur gune apurrak urbanizatzen edo parke bihurtzen; zergatik gaztelaniazko Nafarroako hiru telebistak 2,5 milioi euroko diru-laguntza duten eta euskarazkoek zero, zergatik… Hara etengabeko lana: ezetz esan behar diegu agintariei, dirua badagoela, nola bideratu, hori dela kontua.

FRANÇOIS HOLLANDE-K –PSko lehendakarigaia da maiatzeko hauteskundeetan– hori esan dio Nicolas Sarcozy-ri, gaizki ari dela gastatzen dirua, baina batez ere diruaren hariak kontrolatu behar dituela, eta berak hori egingo duela lehendakaria denean, egiazko etsai ikusezinaren aurka aritu: eta, erreforma gogorra iragarrita, gerra deklaratu die finantzamerkatuei. “Ordua zen!” esan genezakeen, eta akaso sinetsi, baldin eta Hollande bera PSko idazkari nagusia izan den 1997tik 2008ra, bere alderdiak orain etsai izendatu duen horri alfonbra gorria hedatu izan ez balio.

Rubalcaba-Chacón lasterketari ere usain bera dario: “Tanto monta monta tanto” hura Erdi Arotik egunotara primeran egokitzen da Espainian eta, zoritxarrez, Espainiako ezkerrean ez dago egungo krisiari eta PSOEren eta PPren erreformei erantzun bateraturik eskainiko dien alternatibarik. M-15eko hura da antolatuena, eta burua altxa ezinean dabil, antza oraindik herritarrak gehiegi hondoratu ez direlako. Hori, aurten langabezi tasak seguruenik %25 gaindituko duen gizarte batean. Zer gehiago behar ote da “aski da!” esateko?