argia.eus
INPRIMATU
Txerrimoniak ordainetan
Jakoba Errekondo 2012ko urtarrilaren 24a
Marcgravia evenia.
Marcgravia evenia.

Artabururen (Homo sapiens) bat gora behera, gero ere izango da artoa Euskal Herrian. Artoa, ahorako oinarrizkoa. Landareen haziak izan dira eta dira gure espeziearen elikaduraren funtsa. Garai batean ezkurra (Quercus robur), artatxikia (Panicum miliaceum) gero eta artoa (Zea mays) ondoren. Egun garia (Triticum spp) eta arroza (Oryza sativa) ditugu arto. Etorkizunean soia (Glycine max) edo batek daki.

Ez dira denak hazien zain izaten. Hazi horiek eman behar dituzten loreetatik jaten duenik ere bada. Eta ez bat, makina bat eta gehiago. Loretik jaten duten animaliak polinizaziorako erabiltzen ditu landareak. Txerrimoniak ordainetan.

Nonahiko gisara, Kuban ere bada ordain horien zorretan bizi direnak. Saguzarra eta landarea. Ez dakit zein generotako saguzar jendea den baina landarea bai, Marcgravia evenia. Hirurogeiren bat espezierekin Amerika tropikal osoan barreiatutako generoa da Marcgrevia hori.

M. evenia espeziea igokaria da, zuhaitz eta zuhaixketan gora aihenak luzatu eta lianak sortzeraino hazten da. Bereziki deigarriak ez diren lore zintzilikarioak ditu; hosto artean dilindan dauden horien nektarra eskaintzen dio trukean polena zabaltzen dionari.

Bere generoko beste batzuek txoriak, erleak, liztorrak edo muskerrak erabiltzen dituzte polena hedatzeko langintza honetan. Gure igokari kubatarrak, baina, saguzarrak ditu uztarri-kide. Eta nola erakarri saguzarra? Bera non dagoen nola arraio adierazi hegaztiari? Hostoekin. Jeneralean hostoak lauak dira argi gehiago harrapatu eta fotosintesian eraginkorrago izateko. Landare honen hostoak parabola formakoak dira. Saguzarraren ultrasoinu uhinak hosto laua baino 50 aldiz azkarrago aurkitzen du parabolikoa. Hosto parabolikoa eta, gosea asetzeko, aldameneko loreak duen nektarra. Bide batez aurretik bisitatu duen lorearen polena uzten dio eta lore horren polena hurrengoari eramango dio. Txerrimoniak ordainetan.