argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Manuel Fragaren heriotzak ez du “Gasteiz 1976” kapitulua itxita utzi
Juan Mari Arregi 2021eko ekainaren 30a

Fraga frankista hil da eta, besteak beste, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoaren erantzuleak aurkitu gabe daude oraindik. Gasteizen egin zen greba orokorrean bost langile hil zituzten eta hainbat zauritu; horien arduradunak aurkitzearen kapitulua ez da itxi, eta ez luke itxi behar. 1976ko Gasteizko gertakizunak ez dira ahaztu behar (horretarako interes handia egon arren), nahiz eta historia tragiko hartako pertsona esanguratsuenetako bat hil. Francoren ministro ohiaren heriotzean –hainbat fusilatze bere gain hartu zituen hura– dena izan da laudorio eta miresmen, bereziki bere alderdia zen PPren eskutik, baina baita PSOErenetik ere. Fragak bizirik zenean ez zuen sekula frankismoa kondenatu –kondenak eskatzen espezialista den PPk ere ez–, eta ez zuen inoiz Gasteizko 1976ko gertakarietan izandako jarrera faxista eta kriminala zuzendu. Fraga zigorgabetasun osoz hil da. Zigorgabetasun horren alde egin dute aparatu judizialek, frankismoaren eta bere arduradun nagusien zerbitzari fidelek.

1976ko Gasteizko gertakizunen ardura, baina, ez da Fragarekin amaitzen. Ez da erregimen frankistaren kate-mailako azkena, batzuek dioten bezala, eta ez da frankismoko azken arduraduna, beste batzuek dioten moduan. Espainiako Estatua da, azken batean, langile haien hilketaren erantzulea, baita beste askorena ere. Beraz, erantzuleak egon badaude oraindik ere, eta bizirik: Juan Carlos Borbón monarka espainiarra, orduan estatu-burua; Martín Villa gisako ministro ohi frankistak; polizia-buru izandakoak, eta abar. Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak lan handia dauka egiteko. Eta memoriak ere bai. Lluis Llach kantautoreak eraildako langileen omenezko Campanades a morts abestian esan bezala: “Arrazoien hiltzaileak, bizitzen hiltzaileak! Ez dezazuela inoiz atsedenik izan zuen egunetan, eta heriotzan gure memoriek pertsegitu zaitzatela”.