argia.eus
INPRIMATU
Joaten

Joxemari Ostolaza 2012ko urtarrilaren 23a

ari zaizkigu ingurukoak etengabe. Bilboko manifak Errenteriako oreretar baten heriotza ekarri zigun, eskelaren argazkiak akordura ekarri zidana. Ez nuen harreman zuzenik berarekin, baina banekien zein zen, inguru hurbilean ikusia nuen. Orain, Txillar-ena. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalekoak Joseba bere semea agurtzeko aukera eman zidan. Aitaz galdetzean, ez zegoela ongi esan zidan, eta bere ahots tonuak Jose Luis aita bere hondarretan zela adierazi zidala iruditu zitzaidan. Beltzak eta Balerenek bereziki nik esan ditzakedanak argi azaldu dituztenez, ezer gutxi gainera dezaket. Halere, inorengandik ez dut bere musika zaletasunaren berri jaso. Pianoa zuela gogoko eta maiz jotzen zuela, bere emaztea Jone Forkadari, garai bateko Seaskako andereñoari, entzunda ikasi nuen. Eltzegorrekin Flandriara gindoazela egon nintzen berarekin Hendaian. Gure musika estimu handian zuela-eta, gonbidatu nion gurekin aritzeko. Irribarreko harriduraz, astirik ez zuela erantzun zidan. Ez zuen gogorik musikaz aritzeko eta politikara zuzendu zuen berea. Damu dut pianoan inoiz entzun ez izana, horrek seguru asko gure artekoa aberasten lagundu izango zigulakoan.