argia.eus
INPRIMATU
Bakarrik eskolara

Castillo Suárez @casti_suarez 2012ko urtarrilaren 23a

Ilobarekin parkean nengoen eta gainontzeko ama eta aitekin sartu nintzen elkarrizketan. Horrelakoetan deigarria egiten zait gurasoen artean dagoen korporatibismo eta elkartasuna: denek antzeko gauzak debekatzen dizkiete haien seme-alabei eta gisako gauzak egiten utzi. Arauetatik ateratzen dena arrarotzat hartzen dute, ia guraso txartzat batzuetan.

Eskolara bakarrik joaten den haur bati buruz ari ziren hizketan. Non bizi zen galdetu nuen, autobiaz bestaldean biziko zela pentsatuta, baina herrian bertan bizi zen. Espaloitik malda bat igo eta eskola parean zebra-bidetik pasatzea da egunero egin behar duen gauza bakarra. Ez zaio inoiz ezer pasatu. Ez zaio inoiz inori ezer pasatu bide horretan. Gurasoek arazoren bat ote zuten galdetu nuen orduan, ez bainituen ezagutzen. Ezetz erantzun zidaten, haurrak bakarrik joan nahi zuela eskolara eta bere nahia errespetatzen zutela, besterik gabe. Nik arazoa ez nuen inon ikusten, baina 600 biztanle inguruko herri hartan hizketa gaia zen eskolara bakarrik joan nahi zuen haurrarena. Eta ez ziren ari hiru urteko haur batez. Arau ez idatzia da autoz eramatea ateraino, ahal bada, noranahiko batean.