argia.eus
INPRIMATU
Txillardegiren gorazarrean

Emilio Lopez Adan 'beltza' 2012ko urtarrilaren 18a
1979an Anoetan, HBren mitinean.
1979an Anoetan, HBren mitinean.

Hil berri den adiskideaz idazteko, harekin ikasiaz, harekin izan akordioaz, harekin bizi ametsetaz idatzi nahi nuke. Haren gogoratzeko eta familiarekin bat egiteko.

Hasteko, Txillardegi abertzalea. Hizkuntzan finkatu aberria eta askatasun politikoan oinarritu erresuma. Garan emandako azken elkarrizketan esan zuen: “Estatu bat behar da...” etendura puntu adierazgarriekin. Gisa guztiz, independentzia baino gutxiago deus ez, ametsetan behintzat. Eta amets horien peskizan zer bide egin duen!

Hor dugu Txillardegi existentzialista, Unamuno, Kierkegaard, Camus eta Sartreren irakurlea, Carlos Santamariaren ezagutzailea. Zer sentimendu sakon haren sentimendu agonikoa, frankismoaren gau ilunean euskara galtzear zelarik, askoren (eta abertzale askoren) indiferentziaz; zer sentimendu humanista norbanakoaren eta herrien patu kontingenteen gorabehera, edo beharbada hain zuzen gaizki garelako, erreboltatu behar dela onartzeko eta jende duintasuna askatasunaren bilaketarekin lotzeko.

Jose Luisek bazekien txiripaz zela euskalduna (kontingentzia) , euskaldunen egoera historiko zehatz batean (situazioan) bizi zela, eta, pertsona gisa, unibertsaltasun osoaz, bide egokienaren bila ezkerraren aukera egin zuen, duintasuna eta askatasuna helburu: demokrazia eta sozialismoa, zanpatuen aldeko aukera etikoa (Bertrand Russellen ildotik). Tresna politiko horiekin eman zien erantzuna bere galdera filosofikoei. Txillardegi ezkertiarra zen, ezkertiar demokrata eta antitotalitarioa. Marxismoarekin izan genituen arazoetan, bera izan zen lehenetarikoa ikusmolde orokorren eduki totalitarioa salatzeko, eta lehena Merleau-Ponty bezalako izpiritu azkarrak aipatzeko.

Txillardegi idazlea, eta hainbeste idatzi du! Gogora ditzadan Elsa Scheelen, amodioaren absolutua, haren gizona Pierre, herri zerbitzuko emana, eta bien existentzia tragikoa... Belgikan idatzia delako aipatzen dut, bizitzak eman zigunean bera eta beraren familia ezagutzeko parada, bai eta serioski euskalduntzeko tirria ere.

Gain-azalki, hitz bat haren azken konpromiso politiko desberdinen aipatzeko. Lizarra-Garazi baino lehen gauza izan zen modeloz aldatzeko beharra aldarrikatzeko eta gauza izan da gero modeloaren aldakuntza laguntzeko, beti ezker abertzale zabal baten barnean, egoera tragiko baten erdian, eta konpromisoak hartzeko gai izaki bere bizitzaren lema mantenduz: duintasuna eta errebolta.

Mila esker, Jose Luis.