Gure jendartearen ur-aparretako bizi-mailari eusteak guda besterik ez dakargu. Energia premia gero eta harroagoak asetzeko, dagoen tokian dagoela, lapurtu eta ekartzen dugun petrolio upela etxeko atari aurrean, muturrean lehertuko zaigu. Gerra gorria. Energia premia apaltzea eta bertan sortzea da irtenbide bakarra.
Europan XX. mendeko lehen erdiko gerrateen ondorengo erregai eskasiari aurre egiteko gasogenoa zabaldu zen. Petroliorik ezean, gasolio eta gasolina gabezian, gai solidoak erreaz ibiltzen zen motorra zen gasogenoa. Ikatza, egurra, eta abar erreaz sortutako gasak mugitzen zituen automobilak, kamioiak, traktoreak... baita geurean ere. Nork ez du ikusten hor gure basoa? Erregai onena, garai batean sutegietan ere ospe handia zuen txilar-ikatza omen zen. Tamainagatik ez da ikatza izango, iduria baizik. Bere egurra erregosi eta iduri bihurtzeko txilar handiena, lau metrotik goitikoa, txilar zuria da, Erica lusitanica.
Oraintxe loretan da txilar zuria, ohikoa baino lehenago. Otsaileko lora abenduan. Gaur, urte berriko lehen eguneko ibilaldian, lore lagun asko topatu dizkiot txilarrari, ia denak aurreratuta, eguraldi epelaren altzoan: oroilorea (Myosotis lamottiana), zaingorria (Geranium robertianum), Veronica persica (basadutea ote dena?), ote beltza (Ulex minor), hirusta gorria (Trifolium pratense), txikoria-belarra (Taraxacum praestans), Polygala vulgaris, basa bitxilorea (Bellis perennis), esne-belarra (Euphorbia helioscopia) eta abar.
Negu berrian udaberriaren emana topatu dudan honetan perretxikotan nenbilen, esnegorritan (bakan batzuk) eta gibelurdinetan (mordoxka polita). Gibelurdinen adiskide haritz amerikarrean (Quercus rubra) indarrean ari zen mokoka har eta beldar bila okil gosekila. Udaberriko musika. Esnegorriaren lagun insignis pinuan (Pinus radiata) beste gose bat asetzen zen, prozesionaria edo pinu beldarrarena (Thaumetopoea pityocampa). Aurten aspaldiko urtetako beldar-habia gehiena, desdetxa, ikusten da. Aurreko batean, ohaide batek adar muturretan zetazko habiak dir-dir ikusita, pinuaren loreak ote ziren galdetu zidan. Negu berri, udaberri bete.