452º F Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuaren Aldizkari Digitala bosgarren zenbakira iritsi da. Hiru urte daramatza sarean eta proiektuak hazten dihardu, hainbat herrialdetako unibertsitateen lankidetzaz. Itzultzaileen lanak erdaraz sortutako testuak euskaraz irakurtzea ahalbidetu du. Halere, euskaraz sortutako artikulu bakarra jaso dute, orain arte.
Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatua masterra UABen (Universitat Autònoma de Barcelona) ikasten ziharduen ikasle talde bat kezka beraren inguruan bildu zen, orain hiru urte: literaturaren ikerkuntzan hasten ari ziren gazteek argitaratzeko euskarri baten beharra zuten. Master eta doktorego ikasleei plaza eskaintzea zen helburua, literaturaren ikerkuntzan adituak ziren irakasleekin elkarlanean. Izaro Arroita (Donostia, 1985) eta Ibai Atutxa (Galdakao, 1984) aldizkari digitaleko erredakzio kontseiluko kideak dira proiektuaren sorreratik. Hastapen haietaz zera gogoratzen du Arroitak: “Baziren aldizkariak, baina askotan maila oso altukoak, edo alderantziz, blogetan eta, kalitatezko irizpiderik gabeak. Guk zubi lana egin nahi genuen”. Esan eta egin. www.452f.com diseinu zaindu eta erakargarriko atarian orain arteko artikulu guztiak aurki ditzake irakurleak, lau hizkuntzatara itzuliak: euskarara, katalanera, gaztelaniara eta ingelesera.
Aldizkariak egitura zabala du. Erredakzio kontseilua dago batetik, oinarrizko batzordea dena. Bertan jasotako artikuluak bi partaidek irakurtzen dituzte eta biek onartuz gero, mundu akademikoko ikerle prestigiotsuz osatua dagoen batzorde zientifikora pasatzen da. Bestalde, talde ezberdinak dituzte aldizkarian, kolaboratzaile boluntarioz osatuak: ilustratzaileak, zuzentzaileak eta itzultzaileak. “Guk hauei guztiei ekonomikoki lagundu nahi diegu, baina oraindik ez da lortu laguntzarik. Zuzendaria bi zenbakiro aldatzen da, ahalik eta egiturarik horizontalena mantentzeko” argitu digu Ibai Atutxak. Itzulpenak dira aldizkariaren ekarpen handiena, beharbada. Ez dute alferrik azpimarratzen: “Itzultzaile gabe proiektu hau ez litzateke berbera izango”. Bi elkarrizketatuek doktoregoa burutzeko lanekin konbinatzen dute aldizkariko lana, “Ikertzaileak prestatzeko eta hobetzeko laguntza” deituriko Eusko Jaurlaritzaren beka aurre-doktorala jaso ostean. Tarte bat atera dute aldizkariaren hiru urteko bizialdiaz mintzatzeko.
451º F Ray Bradburyren eleberri ezagunaren izenburua da. Zergatik gradu bat gehiago?
Ibai Atutxa: Eleberriarekin jolastea zen asmoa. 451º Fen papera erre egiten bada, guk kritika literarioarekin erre egin nahi ditugu testuak, gradu bat gehiago erantsiz.
Aldizkarian oinarritzat dituzuen arbitraje sistema eta estilo liburua zorrotzak dira.
I. Atutxa: Gure helburuetako bat aldizkari zientifiko bat egitea izan da eta aldizkari zientifiko baten arauak betetzea. Horregatik arbitraje sistema. Horrek ahalbidetu du aldizkaria kalitatezko indexazio ezberdinetan sartu izana. Zenbat eta zenbaki gehiago atera, orduan eta ezagunago egiten gara.
Artikulu guztiak lau hizkuntzatara itzultzen dira. Jatorriz euskaraz idatziak zenbat jaso dituzue?
I. Atutxa: Bakarra jaso da, nirea, Terrorista euskaldunaren eraikuntza diskurtsiboa deiturikoa. Euskal Herritik iritsi zaizkigu artikuluak, baina gaztelaniaz. Hori bitxia da. Webgunearen estatistikei begiratuta gurean aldizkaria asko irakurtzen dela dakigu.
Izaro Arroita: Hasieratik saiatu ginen komunikazioa lantzen. Gurea herri txikia denez, bagenekien zer jende zebilen lanean eta saiatu ginen artikulugile balizkoengana zuzenean jotzen. Baina ez dugu bat bera lortu.
Ez al da bitxia? Hiru urte dira proiektua hasi zenutela!
I. Atutxa: Bai, bada. Guri gustatuko litzaiguke INGUMAk (Euskal Komunitate Zientifikoaren Datu Basea) artikulu zientifikoen indexazio webgunean euskarara itzulitako testuak sartzea, eta ez soilik euskaraz sortuak. Presentzian irabaziko genuke eta euskal ikerle batek artikuluetara jotzea errazago luke.
Baina aldizkarira iritsi ez den teoria, literatura konparatua eta kritika bada Euskal Herrian.
I. Arroita: Maila akademikoan literatura ikertzen ari den jendea badago, tesiak egiten-eta. Beharbada, beste euskarri batzuk aukeratzen dituzte argitaratzeko. Guri ingelesez eta gaztelaniaz iristen zaizkigu lan gehienak. Euskarazko irakurle askok orijinalok irakur ditzakete, baina alderantzizkoa nahi genuke: hemen egiten dena kanpoan ezagutzera eman.
I. Atutxa: Ikerle komunitatea eta ikerle gazteak badaude. Gu gara horren adierazle. Euskal kritika literarioaren euskarria sarri egunkaria da eta ez hainbeste aldizkari zientifikoa. Beren lekua egina dutenak ezagutzen ditugu: Beñat Sarasola, Aritz Galarraga... Gure aldizkariaren lanetako bat euskarazko kritika literarioa gurea bezalako aldizkarietara erakartzea izan daiteke. Euskarazko sorkuntza gure bitartez berdin zabalduko da. Sarri, kritikari euskaldun edo katalanak gaztelaniara edo ingelesera jotzen du nazioartean argitaratzeko.
Sorkuntza teoriko-literarioa zer egoeratan dago Euskal Herrian?
I. Arroita: Tesia egiten ari garenok oso zentratuak gaude norbere gaian. Nik badakit nire gaiaren gainean zer egiten den, baina ez literaturako beste alor batzuetan. Memoria eta identitatea lantzen dut (gerraren memoria, diktadurarena, ETAren historia). Arlo horretan badira interesa eta ikerlanak.
I. Atutxa: Ez dut gehiegi sakondu horri buruz, baina egun ikerle gazteek egiten dituzten lanak atsegin ditut. Literaturaren ikuspegi filologikoarekin hautsi dute eta egiten den kritika literarioa edo kritika kulturala kontuan hartzekoak iruditzen zaizkit.
Zure lana, esate batera. Tatxatuaren azpiko nazioaz argitaratu zenuen Urtarrilean. Bigarren zatia osatu duzu.
I. Atutxa: Bai. Hau ere Utriusque Vasconiaerekin argitaratuko dut Urtarril partean eta Kanonaren gaineko nazioaz deituko da. Aurreko lanean bazterreko diskurtsoak baliatu nituen ardatzeko diskurtsoa kritikatzeko. Orain ardatz hori literaturan nola eraikitzen den analizatu dut, Atxagaren Ziutateaz eta Kirmen Uriberen Bilbao New-York Bilbao liburuen bitartez.
Aldizkariaren irakurlearen profila nolakoa da?
I. Atutxa: Aldizkari zientifikoa da eta hori ez da ahaztu behar. Irakurle eredua irakurle teknikoa da. Baina aldizkari zientifikoak irakurle zientifikoarekin duen lotura zalantzan jarri nahi genuke. Interneten argitaratzen dugu. Doan da eta edonor sar daiteke orrialdean. Jakintza maila bat izan behar du irakurleak, noski, baina Berriako literatur kritikak irakurtzen dituena gai izan daiteke gure aldizkariko artikuluak irakurtzeko.
Sortzaileen lana erabili ohi duzue langai ikertzaileek. Zer iritzi izan ohi dute sortzaileek beren obraren gaineko teorizazioaz?
I. Atutxa: Ezin da sorkuntza lana kritikarik gabe ulertu. Ez irakurketa mota bat inposatzeko, ezta literatur sorkuntzak daukan esanahi bakarra deskubritzeko, baizik testu batek eman ditzakeen aukerak zabaltzeko eta eztabaida sortzeko. Nik, adibidez, Itxaro Bordaren testuak edo Hertzainak taldearen testuak lantzean aukera izan dut bi aldeekin hitz egiteko eta pozik sentitu ditut.
Inguratzen denak zer gai aurkituko ditu 452º Fen?
I. Arroita: Zenbaki bakoitzak bi atal ditu. Miszelanea eta Monografikoa. Monografikoak gai bat lantzen du, baina aniztasuna da nagusi. Edgar Allan Poe, Literatura eta Nazio Identitatea, Ikasketa Kulturalak eta gehiago landu ditugu orain artean. Bosgarren honetan aukeraketa berezi bat egin dugu, aurreko zenbakietan onenak iruditu zitzaizkigun artikulu egileekin. Gure aldizkariak gaien aniztasuna du bere alde. Ez da literatura zentzu itxian, oso zabala da.
I. Atutxa: Miszelanean Batman-en gaineko poesiei buruzko lanak egon daitezke, eta aldi berean, itzulpenari buruzko lan teknikoagoak. Edonor sartzen dela ere, intereseko zerbait aurkituko du.
Hurrengo zenbakian zer, adibidez?
I. Arroita: Urtarrilean argitaratuko denak Indarkeria eta identitatearen errepresentazioa Latinoamerikako Literaturan izango du ardatz. Zazpigarrenerako gaia, berriz, Itzulpengintzaren inguruko ikasketak eta Literatura Konparatua.
Aurrera begira, paperera salto egiteko asmorik?
I. Atutxa: Hasieran hitz egin genuen paperaz, baina egun Internetekin oso pozik gaude. Luxua da José Colmeiro bezalako kritikari ezagun batek ingelesez argitaratzea Estatu Batuetatik eta euskaraz eskaintzea Euskal Herrian. Hori Internetekin bakarrik lor daiteke. Papera muga da egun, bai irakurleetara iristeko eta bai testuak zabaltzeko.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Elkar, 2024
-----------------------------------------------------
Gazte-egarri da euskal kultur sistema. Horixe zioen Leire Vargasek Berria-n idatzitako zutabean. Odol freskoa nahi du industriak: askotarikoa eta dibertsoa. Azkenean, baina,... [+]
Ukapena, zalantzak eta beldurra ohikoak ditugu heriotzaz mintzo garenean. Ez da humanoa, ordea, heriori lotutako panikoa, baizik eta kulturala. Hemen eta orain ukatzen dugu heriotza. Hemen eta orain sortzen digu antsietatea, beldurra eta izua. Pentsamendu bitarrean eta... [+]
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Duela zonbait egun, Bruno Retailleau Frantziako Barne ministro berria lotu da “migrazio nahasmendu” deitu duen arazo premiatsuari. Estatuko prefetei manu argiak helarazi dizkie: tolerantziarik ez etorkinekin eta haiei begira lazo edo konplize agertzen diren egitura... [+]
Norberak maite duena. Hitza gogoan, irakurketa biziz
Miren Billelabeitia
Pamiela, 2022
------------------------------------------------
Miren Billelabeitia institutuko irakaslea da, literaturzalea eta Literatura unibertsala irakasgaia ematen du duela zenbait urtetatik... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
Ez galdetu zergatik, baina sarritan pentsatu izan dut kalte egiten diguna onartzeko erraztasun handia dugula. Erraztasuna, edo agian, beharra. Azken batean, dikotomia nabarmena planteatzen duen auzia da beharrarena: bere kausaren aurka egin dezakezu, ala hezur eta guzti irentsi... [+]
Snarkaren ehizan
Lewis Carroll
Irudiak: Henry Holiday
Itzulpena eta edizioa: Manu LÓpez Gaseni
Pamiela, 2024
-------------------------------------------------------
Udaberrian argitaratu zen esku artean dugun obra hau. Alizia herrialde miresgarrian,... [+]
Gaur Donostian Orhipean, Gure Herria ezagutzen liburuaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan Izan da egilea Xamar eta berarekin batera Antton Luku, Isabel Isazelaia eta Lander Majuelo.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]