argia.eus
INPRIMATU
Oscar Vizarraga
"Integrazioa entsalada da, ez purea"
  • Munduan lehengusu gehien duen gizasemea.

Aritz Galarraga 2012ko urtarrilaren 02a
Iñiko Azkona

Ijito bat komunikabide batean, eta deliturik ez tarteko.

Bai, motel, hori da dagoena. Komunikabide gehienek gauzen alde iluna baino ez dute agertzen. Berriak baino gezurrak zabaltzea dute maite.

Baina ijitoa erruduna da, kontrakoa frogatu arte.

Hori esaten duenak ez daki zer dioen, ez gaitu ezagutzen, oker orokortzen du. Gehiago arduratzen nau, ordea, sinesmen horrek zehazten dituela maiz gure arduradunen jokaerak.

Ados, benetako lapurrak bankari, enpresari handiak direla; horietako bakar bat ere ez ijito.

Oraintxe esan duzu! Eskularru zuriko lapurrak, laborategiko genozidak. Ez dago osoko zuzenketarik eskatzen duen lapur handi, talde terrorista edo partidu politiko ijitorik.

Zer egin du ijitoak, bada, gaizkiaren irudi bilakatzeko?

Ezertxo ere ez! Pentsa, badago gure jatorriaz uste bat: Jainkoak madarikatutako herria omen gara, mundu osoan zehar alderrai ibiltzera kondenatua, eta jazarria.

Izango da elkartzen gaituena handiago dela, desberdintzen gaituena baino.

Ijitoak jende ona gara. Gugana gure bila gerturatzen denak esango dizu aurkituak izateko oztoporik ez dugula ipintzen. Arrisku bakarra duzu: gure kulturaz laketzea.

Beste ezer baino lehen, integratzea eskatzen dizuete; hau da, zuen izateari uko egitea.

Integrazioa, berba maltzurra, terrorismo semantikoa. Integrazioa entsalada da, ez purea.

Zergatik ez sortu Kalo Alderdi Abertzalea?

Bada bat Bartzelona aldean. Hori baino, iruditzen zait gure herriak aktiboki hartu beharko lukeela parte politikan.

Lehendakari gisa emango zenuke...

Banaiz, tira, lehendakariorde, Kale Dor Kayiko elkartekoa. Seriotan, ez nuke kontu horiekin denbora galduko: nahiago dut parte-hartze aktiboa, biziarteko errenta baino.

Erromintxelaren koofizialtasuna jar zenezake martxan.

Oraintxe agintari politiko eta akademikoei egin nahi diet dei, munduan bakar, Euskal Herrian soilik jazotzen den fenomeno soziolinguistiko horren ikerketa bultza dezaten.

Hori gertatu artean, baina...

Besteekin egin zurekin egitea nahi zenukeena. Eta “beste” horien barruan ijitoak ere kontuan har ditzagula.