Komiki hiria

  • Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean paratu duten Hiriko Fikzioak erakusketak komikiaren eta hiriaren arteko harremanean sakondu nahi du.

Beheko irudian Pushwagner artista norvegiararren They are asleep lana. Hiriari buruzko ikuspuntu alienatzaile eta zapaltzailea adierazi zuen bere obren bidez.
Beheko irudian Pushwagner artista norvegiararren They are asleep lana. Hiriari buruzko ikuspuntu alienatzaile eta zapaltzailea adierazi zuen bere obren bidez.

Hiriari begiratzeko moduak. Artista adina hiri modelo. Trazu beste hiri. Distopiak sortu dituzten komiki egileak, hiria esperimentu lekutzat dutenak, utopiak irudikatu dituzten arkitektoak. Horiek guztiak eta gehiago aurki daitezke Hiriko Fikzioak erakusketan, artista ugariren proposamenetan. Bi bilduma izan ditu Neus Miró komisario izan duen erakusketak oinarri. Batetik, Luis Gasca Gipuzkoako Foru Aldundia bilduma eta bestetik Julian Armendarizen bilduma. Hiria eta komikia lotzen dituen aurreneko arrazoia historikoa da. “Komikia XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera inguruan sortzen da, Europako hirien zabalkundearekin batera”, argitu digu Nerea Izagirre Hezkuntza Saileko Koordinatzaileak bisitan zehar. “Estetikoki harreman estua izan zuten biek eta horrek bere isla izan zuen komikien egituraketan hiriaren paisaiari erantzunez. Komikian irudiak, pertsonaiak, eszenak eta testuak baldin badaude, hirien egunerokotasunean, publizitatean du isla horrek, kalean ikusten ditugun testu eta irudietan”.

Hirien gainean hausnar egitera garamatzan materiala anitza da eta, anitza halaber, artistek gaia jorratzeko modua. Erakusketako aipagarriena Pushwagner (Oslo, 1940) norvegiarraren lana da. 1960-70 hamarkadetan, Pop Art-aren momenturik garrantzitsuenean, hiriaz zuen ikuspegia islatu zuen artistetako bat izan zen Pushwagner. 1969-1975 bitartean argitaratu zen Soft City lana dago ikusgai. “Hiriari buruzko ikuspegi alienatzaile eta zapaltzailea adierazten du, errutinazkoa. Jendea bata bestearen berdina da. Denek lan bera egiten dute eta berdin jantzi. Errutina hori mantentzeko goizero pilula bat hartzen dute, Live izenekoa” diosku Nerea Izagirrek. Trazu dardaratiz egindako marrazkiek identifikatzen dute Pushwagner. Boteredunek hiritarren gainean duten kontrola, zainketa, militarizazioa, inkomunikazioa eta elkartasun eza dira gai nagusiak. Genero rolen asignazioa nabarmena da eta literaturak irudikatutako distopia ezagunenak dakartza gogora. Hiru formatutan aurkeztu dute Soft City. Horma batean lerrokatu dituzte komikiaren orri orijinalak, batetik, eleberri grafikoa liburu formatuan ekarri dute, bestetik, eta 2008. urtean egindako animazio bideoa ere bertan da. Bideotik eratorritako soinu metaliko errepikakorrak hirien erritmo itogarri eta hertsitik ezin atera gaitezkeela sentiaraziko digu obra bisitatu bitartean.

Utopikoagoak izan ziren proiektuen artean, Archigram Londres inguruko arkitekto taldea da aipatzekoa, 1961-1970 bitartean lan egin zuena. Proiektu gutxi eraiki bazituzten ere, erakusgelan beraietako batzuen zirriborroak daude, baita argitaratzen zuten aldizkariaren ale bat ere, bosgarren zenbakia, hain zuzen, Metropoli izenekoa. “Hiria hiritarren mesedetara egon zedin nahi zuten, hiritarrenbeharrei erantzuteko. Komunikazio sistemari ematen zioten garrantzia”, dio Nerea Izagirrek. Arkitektura eta hiria lotzen dituen beste autore bat Txuspo Poyo da (Altsasu, 1963), Passenger. 50 segundos en vertical lanarekin, Bilboko Begoña auzoko igogailua eta bere eraikina 3D bideoan birmoldatuz. Beste askoren artean, Julian Armendarizen bilduman komiki egileen lan orijinalak ikus daitezke eta ondoren orijinal horien publikazioak arakatu irakurketa gelan. Batetik bestera, autoreek aurrera eramandako prozesu formala prezia daiteke: zuri-beltzetik margorako bidea, bunbuilo hutsetatik testurakoa.

Erakusketarako espresuki egindako lanak

Elkartu dituzten lan ugarien artean hiru artistei beren-beregi eskatu zieten obra bana burutzeko. Erakusgelako bi patio zentraletan bina mural ikusten ditugu. Bata, Judas Arrietarena (Hondarribia, 1971), DonostiLand edo Hiri faltsutuak izenekoa. Ekialde Urrunarekin duen harremanagatik ezaguna den artistak Donostia posible bat irudikatu du, manga ukitukoa, Donostiarekin zerikusirik ez duten komikietako pertsonaiak zein komikietako hiriak erantsiz. Bestea, Javirroyo diseinatzaileak (Zaragoza, 1972) osatu duen murala da, errotuladorearekin hiri asmatu bateko hainbat eszena margotuz, gaztelaniazko eta ingelesezko esaldiekin makro hiri bateko egunerokotasuna islatuz, eta fikziozko King-Kongi edo estralurtarren nabeei muzin egin gabe. Eta, azkenik, hiriarekin harremanetan jartzera gonbidatzen gaituen Francesc Ruiz-en (Bartzelona, 1971) instalazioa dugu. Eusko Trenen Gipuzkoako zenbait geltokiren izenak dituzten panelak jarri ditu erakusgelan. Eta bakoitzaren azpian komiki atal bat eta graffiti spray bat. Nerea Izagirrek esplikatu digu hamabost egunez egon zela artista Euskal Herrian eta Hendaia-Lasarte trena hartu zuela. Ibilbide horren inguruan egindako komikiak sei atal ditu, geltoki bakoitzeko bat. Graffitiei egindako erreferentzia da nagusi komikietan, neurri handi batean borroka sozialen isla ere badena (Aldi Baterako Lan Enpresen aurkako edo ANVrentzako bozka eskatzen duten pintadak ikusten dira). Erakusketa ireki berritan komikia Easo plazako topo geltokian banatzen aritu zen artista eta ez da hau komikia eta hiria uztartzen dituen lehenengo aldia. Egiptoko Kairon egin zuen beste proiektu bat ikuska daiteke gelan, Saihesbide Berdea izenekoa. Orduko hartan komiki bat utzi zuen hiriaren puntu batean eta bertan pista batzuk hirian barrena komikiaren bigarren zatia aurkitzeko.

Erakusketaren diseinua eta muntaia Alvaro Matxinbarrrena diseinatzailearena da. Kartoiz osatutako mahaietan jarrita daude bildumako komikiak eta irakurketa gelako altzariak ere kartoizkoak dira. Bertan komiki liburuak kontsulta daitezke. Euskaraz goza daitezkeenak, hauek: De Rerum Naturaren hiru liburu (Zaldieroa), Piztia Otzanak (Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgado), Pololoak (Patxi Gallego) eta Kristalezko Hiria (Paul Auster). Erakusketa 2012ko Urtarrilaren 28ra bitartean dago zabalik. Aukera bikaina komiki hirien fantasian barneratzeko eta hiri modeloen gainean hausnartzeko.


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude