Bazterrak harrotzeko manerak dira mordoa, ibiltzeko bideak diren bezala bailara. Ze bide ibili, bazterra nola harrotu, hahor akaso kontua. Bartzelona esan zidaten niri, eta marjina gutxi hartara. Hiri zorua nola kurritu, baina, libre antzean utzi zidaten.
Egin ezak hire Bartzelona.
Baita zera ere. Ez dut besterik behar, haragi irekia hemen erakusten hastea. Gauza bat baita bisita eta beste bat bizitza, konpai. Ez da gauza bera hiri bat bisitatzea, eta hiri hori bizitzea. Ez dut Bartzelona euskotarrez hustu nahi, gainetik, ez euskotarrak Bartzelona paparrean paratzearen harrotasunaz. Horrexegatik aukeratu ditut liburuak, besteek Bartzelonan barrena aukeratutako bideak. Eta Bartzelona literarioa den ez dakit. Tira, bai, edozer literarioa den neurrian, bada. Baina seguru dakit liburu makina batean agertzen dena, garai-leku diferenteetako liburu saldoan. Bidea hasiko dugu geure autore batekin, autore unibertsal batekin: Koldo Izagirrerekin.
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri eleberriak zapaltzen du behin baino gehiagotan Bartzelona, tarte-parte ezberdinetan zapaldu ere. Bidea has genezake Modelo izeneko kartzelan –zeren eredu genukeen badaezpada hobe ez galdetzea–. Euskotarrok, trenez, autobusez, lur hartzen dugun Sants estaziotik oso gertu, Modelo presondegia. Bertan, vis a viseko gela da orain Salvador Puig Antich, Espainiak garrotatu zuen azken iraultzailea, anarkista bat, akabatu zuen aretoa. Eta preso batzuek, non dauden jakinik ere, lortzen dute biluziko bisitan berotzea.
Libertate urreko gunea bisitatu ostean, airearen zabala eskertuko du bidaiariak. Suntsitu ezin izan zuten gaztelu madarikatuaren orpoan, Moll de la Fustan, narratzaileak euskal presoen aldeko batzordekoengana joan aurretik, beti bisitatzen ditu Salvat Papasseiten eskulturaren inguru zabalak. Ikusmira gazia, auskalo zertan den balizko batzorde aipatua. Oraino haize alde bazterrotan, haize berriak halere.
Itsasoa bizkar utzita, Rambletatik gora hartzea onena. Sartrek Goragalea-n hamaika aldiz igo eta jaistea hain atsegin zituen Ramblak. Baina ez gaitezen Germinal-etik atera. Rambletan berton daukazue, ikusgarria da. Eliza baten ondoan dago Filipinetako Tabakoen Konpainia Nagusia, elizaren luzapen. Zer edo zer jakingo du Jaime Gil de Biedmak, hainbat urte lanean bertan. Konpainian lanean eta apur bat aurrera, Robador karrikan, gauaren konpainian. Hain xuxen, Robador karrikaren erdian birao egin zuen Bartzelonan Giuseppe Santo tipografoa zenak. Emagaldu, gameluren batek entzungo zion bart egin izan balu.
Raval inguruotatik gehiegi urrundu gabe, aurkituko dugu Jean Genet, eta bere Journal du voleur. Noski, Geneten garaietan Raval ez zen Raval, Barriotxinoa zen. 1932an gaude. Eskaleek estaltzen dute dena zorriak bailiran. Genetek dio. Eta zorri izan zen bera, beraz, zorri izateaz kontziente. Eta Migdia gaur ez da existitzen, baina Carme kalea bai, horiek bizi zituen batez ere. Batzuetan, seik egiten zuten lo izararik gabeko ohean, eta egun argitzetik joaten ziren merkatuetara, amoina eskatzera. Taldean atera Barriotxinotik, Paral.lel etorbidean banantzen ziren, kapazu bat besazpian, etxeko andreek errazago ematen zutelako porru bat edo arbia, txanpona baino. Hamabietan bueltatzen ziren, zegoenarekin prestatzera jatena.
Ez ziren zorriak soilik. Baita Las Carolinas deituriko emazteak ere. Ez dakit zehatz zer ziren, baina hau bai: xalak, mantelinak, zetazko jantziak, jaka estuak. Egun batean egin zuten segizioa, portu ingurura, hamaika soldaduren gernuak karraskatutako pixatoki batera. Paral.lel abiapuntu, Sant Pau bihurrikatu, Rambletatik behera hartu zuten Colonen estatuaraino bidea. Haien ahots zaurituak, minezko oihuak, keinu gehiegizkoak. Haien artean nahi zuen Genetek. Lotsaren alabak omen. Portura iritsita, kuartelerantz hartu, eta pixatokiaren txapa herdoil eta kirastuaren gainean utzi zuten lore sorta.
Eta gero La Criolla. Cid kalean omen zegoen kabareta. Genet prostituitzen omen zen kabareta. Ravalen ostera gara. Stilitano besamotzaz zegoen esekita, baina, ai, gizon-gizona izan maingua. Sarri joaten ziren elkarrekin La Criollara. Ordura arte sekula ez zitzaien bururatu. Baina pixatokiko gizon batzuekin lortu zituen sosak eman zizkionean, Stilitanok erabaki zuen lagunak La Criollan lan egitea. Gustatuko litzaizuke emakumez janztea?, esan zion Genetek belarrira.
Giro itoa gurea, Rambletara aterako gara haize pixka bat hartzera atzera. George Orwellen eskutik aterako, Bartzelonako beste lekuen gainetik agertzen baitira Ramblak Homage to Catalonia liburuan. Izan gertaera epikoen eszenatoki, izan giza aldren topaleku. Edo izan gobernu errepublikanoaren eta milizia anarkisten arteko diferentzien elkargune. Cafè Moka ondoan zegoen POUMekoen egoitza. Poliorama Teatroa, Reial Acadèmia de les Ciències de Barcelona, eraikin horren teilatuan eman zituen Orwellek hiru egun hiru gau, bizitzako lazgarrienak. Bertatik ikusi zuen, Bartzelonan lehen aldiko, iritsi zenetik itsasoa.
Hasieran zail zitzaion zer ari zen gertatzen jakitea, nor ari zen noren kontra. Jendea ohiturik zen kale borroketara, tokiko geografiara, zer nork kontrolatzen zuen asmatzera: Rambletako eskuin auzoak, langile, argiro ziren anarkistak. Ezkerrekoetan, aldiz, guardia zibilak agintzen zuen eta PSUC komunistak. Orwellen aldea, ordea, Catalunya plaza ingurua, erabat zen nahasia. Colon hotelean, esate batera, PSUCen etxe nagusian, plaza garbi zezakeen metrailadore bat zeukaten errotulu erraldoiaren bigarren “O” horretan.
Colon hotela, egun Banesto dena, garaian idazle, artista, batez ere arkitektoen bilgune zena. Bartzelona berriaren igurikapen, proiekzioen sorlekua. Baita Dolores Ibarruriren ¡No pasarán! oihu famako harena ere. Plaza osoa zen gerrarako. Adibidez Telefónica, Fontanella eta Portal de l’Àngel izkinen artekoa. CNTk hartua, bertan hasi ziren 37ko maiatzeko gertaera odoltsuak, Pere Calders handiak Gaeli i l’home Déu lanean birsortuak. Orwellek hasten du 9. kapitulua: “Lagun batekin gurutzatu eta esan dit, eman gabe garrantzi handia: zarata apur bat omen dago Telefónican”.
36koa bukatu zen noizbait, eta guk ere hasi beharko dugu bukatzen. Lasaiago, 35 bake urte etorri baitziren jarraian. Bartzelonakoak harrapatu zituen Mercè Rodoredak, kurioski, hirian gora eginez. Itsasertzetik abiatu gara, egin dugu Rambla-Ravaletan goitikoa, Catalunya plazatik barrena, akitzeko orain Gràcia auzoan. Zergatik ez, edari freskagarri baten konpainia noblean, auzoa inurritegi bilakatu duten terrazetako aulkiren batean, eguzkiaren epela azalean. Rodoredaren nobelak hartuz gero, Diamant plazan bukatzen hastea izango dugu onena.
Bartzelonak ere nahi du bere nobela, hiri osoa biltzen duen paperezko fikzioa. Higiene literarioa muturrera eramanez, Sergi Pàmiesek egin zuen saioa, La gran novel.la sobre Barcelona izeneko ipuin bildumarekin. Serioago diren batzuek, baina, esan izan dute Rodoredarena litzatekeela apika. Bada behintzat idazlearen lanik zabaldu eta aitortuena. Eta Gràcia du kokaleku. Diamant plaza, jai giroa, dantzaldi bat, halaxe ekiten dio lehen kapituluak.
Baina ez da autoreak auzo horretan jartzen duen eleberri bakarra. El carrer de les camèlies du idazpuru Rodoredaren beste lan ezagun batek, Gràciako kale apainaren izena atxikita. Mirall trencat eta Aloma-k, ezagunen artean beste bik ere, gaur zapaltzen ari garen hiria hartzen dute geografia. Eta azkenerako, ez zait argi geratu literarioa ote den Bartzelona. Baina hemen aipatutakoak gehi beste asko eta gehiagotan agertzen dena, zalantzarik ez da. Begi zolak erretzeko moduko hiria, Bartzelona.
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Asian Hong Kong izan da galerarik handienak jasan dituena: %13,2 galdu du, 1997tik pairatu duen kolperik handiena. Europan, berriz, %6 eta %10 arteko galerekin abiatu dute astelehena burtsa nagusiek. Trumpek hartutako neurriak salatzeko mobilizazioak egin dituzte Europako eta... [+]
EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deitua, milaka lagun batu dira gaur eguerdian Donostian, “etxebizitzaren negozioaren aurka” eta “etxebizitzarako eskubide unibertsalaren alde”.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako eta ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek babestutako manifestazioak Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean izan dira. Bertan, Euskadiko eta Nafarroako gobernuei eskatu diete zerga eta aurrekontu... [+]
Dozenaka auzokidek babesa agertu diote proiektuari igandean. Alde Zaharreko lokala udalaren jabetza da, eta hiru urte dira hainbat eragilek elkarlanean okupatu zutela.
Bilboko Etxarri II gaztetxearen hustuketan gertatutakoaz hitz egin du Ertzaintzaren jaurtigai baten ondorioz barrabila galdu duen 33 urteko bizilagun batek. Beste zenbait bizilagunekin zegoen han, gaztetxeko kideen elkartasunean, "modu baketsuan".
2024ko martxoan jokatu zen Realaren partidu baten atarian zauritu zen foam jaurtigai batekin, eta Donostiako ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatean ingresatu zuten. Lurrean zela ostikoa jo zion ertzainak adierazi du "estropezu" egin zuela harekin.
Ardatzean haur filosofia izango duen Galdera Basatiak podcastak, ez alferrik, haur filosofia tailerretan barneratzeko asmoa du. Horixe hitzeman digu Iñigo Martinezek lehen atal honetan. Podcastaren zimenduak ezarri dizkigu, markoa marraztu, eta, batik bat, haurtzaroaz... [+]
Guardian Llodio fabrikako behargin gehienek epaitegira jotzeko bidea bertan behera utzi ondoren, multinazionalak lortu du nahi zuena: enpresa errentagarri bat ixtea erabateko inpunitatearekin. Ez da egun batetik bestera sortutako estrategia, eta bide luzea izan arren, erabat... [+]
Testu hau balorazio bilera baten ondorio dela esan genezakeen agian. Ordea, balorazio bilerek sarritan uzten dute aho zapore lehor eta gazi-gozoa. Astearte arratsalde eguzkitsu bat da. 16:53. Balorazio bilerara konektatu, eta erabaki dugu limoizko karamelu bana sartzea... [+]
Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]