argia.eus
INPRIMATU
Senpereko kultura Larraldean bizi da
  • 5.000 biztanle inguru ditu Senperek, baina arlo kulturalean tamaina handiagoa duten herri asko baina bizkorrago dabil azken urteotan. Andoni Iturriozek zaharberritutako Larraldea etxeak badauka horrekin zerikusirik; erakunde publikoen sostengurik gabe, etxea erabiltzen dutenen arteko harremanak zainduz, zenbat gauza eta zein ongi egin daitezkeen erakusten du egunero-egunero Larraldeak.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2011ko abenduaren 21a

– Eta ez pentsa e, Larraldea mantentzeko, esango dizut zenbat diru den gutxi gorabehera... bost mila euro.
– Urtean?
– Urtean, urtean... Bost mila euro besterik ez.

Zenbait proiektuk gurean izaten dituzten aurrekontu erraldoiak ikusirik, Andoni Iturriozekin hitz egitea oinak lurrean jartzea bezalakoa da; berehala erakusten dizu, esplikazio sinple bezain zehatzez, kulturgintza bizi-bizi mantentzen duen espazio batek ez duela zertan inbertsio ikaragarririk eskatzen, jarduteko moduan dagoela sekretua. 2000. urtean erosi zuen Senpereko Larraldea, XVI. mendeko etxea, eta arreta handiz ekin zien zaharberritze lanei, “baina lehen bezala uzteko, ez hemen egiten duten bezala, kanpoko itxura atxiki eta barnekoa dena hautsi apartamentuak egiteko. Nahi nuen erakutsi etxea nola izan zen egina XVI. eta XVII. mendeetan; uste dut lortu dudala hori”.

Obra horretan gastatu du Iturriozek Larraldean inbertitu duen diru kopururik handiena; ikusteko modukoa geratu da etxea, bere xumean gustu handiz apaindua, goxotasuna arnasten da barruan. Eta behin horretara jarrita, zergatik ez ateak ireki? Etxeak erabileraren bat eskatzen baitzuen: “Ez nekien zuzen zer egin, lehenik pentsatu nuen museo gisa jartzea eta hasi nintzen baserriko tresnak biltzen: orgak, gurdiak, goldeak... Baina ikusi nituen museo txiki batzuk Bizkaian eta Baztan aldean, eta iruditu zitzaidan museoa geldia zela, hila. Orduan, ideia aldatu nuen”. Joana Mendiburu ezagutzen zuen, bertso munduan buru-belarri sartuta zebilen senpertarra denbora hartan eta esan zion Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkarteak ez zeukala egoitzarik, ea tokirik uztea ba ote zuen. Esan eta egin, 2005. urtetik Larraldean bizi da bertsolarien elkartea, bertan ditu bulegoa eta bilera gelak. “Odei Barroso, Xumai Murua eta horiek etortzen dira errepikak egitera, bazkariak antolatzen dituzte beraien artean...”.

Mugimendua ikusirik, lekuren baten premian zebiltzan talde gehiago ere hurbiltzen hasi zen: Euskal Herrian Euskaraz, Integrazio Batzordea eta bi dantza talde (Senpereko Zirikolatz eta salsa dantza talde bat), besteak beste. Elkartzeko lekua edukitzeak interes berriak garatzeko bidea ere erraztu zuen eta hortik sortu zen Lapurdi 1609 elkartea. “Ohartu ginen Senperen sorginak-eta aipatzen zirela, baina gauza horien inguruan ez zegoen informaziorik. Orduan, antolatu dugu elkarte bat ikerketak eginarazteko horri buruz. Mintzaldiak antolatu ditugu, gai horrekin lotutako arte erakusketak, antzerki bat ere bai, Iduzkilore... eta horren inguruan ere sortu da talde bat”.

Udaberrian erakusketak antolatzen ditu: Juan Gorriti, Nestor Basterretxea, Mariemi Otaola... “Egia esan harrituta geratu naiz” dio Iturriozek “nola etortzen den jendea erakusketetara; ez nuen pentsatzen etorriko zirenik, baina etortzen dira. Gune egokia iruditzen zait erakusketak egiteko, artistak kontent geratzen dira eta ni ere bai”.

Sosetan baino, harremanetan dago sekretua

Behin baino gehiagotan errepikatu du Iturriozek ideia bera: “Ez dut deus hartzen, ez dut egiten sosa irabazteko; gastuak ere nire sakelatik ordaintzen ditut denak”. Kulturgintza sustatzen duen mezenasa da Larraldearen nagusia eta erakunde publikoek betetzen ez duten zeregina bere gain hartu du. “Herriko Etxeak badu helburua gune bat egiteko, antzoki bat, eta pentsatzen ari dira tokia uztea elkarteentzat. Baina Larraldeak egiten du orain lan hori; eta jendea arrunt ongi egiten ari da, arte maila politarekin, antzerki politak, aurkezpenak...”. Pozik dago etxearen dinamikarekin, nahiz eta krisia alde guztietan nabaritzen den. Aurrera begira, Larraldea erabiltzen duten taldeei gastu arruntak ordaintzeko diru apur bat eskatzea ez du baztertzen. “Bertso elkarteak urtero zerbait ordaintzen du, baina bestela, argi-indarra, gasa, ura, zergak... neronek ordaintzen ditut. Elkarte txikiak dira hemen dabiltzanak eta gastu handirik ere ez dute; orain arte bildu dute sosa aski beren lana egiteko”. Eta ez du subentziorik eskatu; ez du pentsatzen galdetzea ere. “Herriko Etxeko politika da pizar bat ematea jende anitzi eta hori ez da politika egokia niretzat. Elkarte bati ematen badizkiozu 100 euro, hartuko ditu; baina horrekin zer egin behar du?”.

Hainbeste talde ibilita, antolatzeko nola moldatzen diren galdetu diogu Iturriozi bukatzeko, ea ba ote dagoen batzorderik edo talde guztiak ordezkatzen dituen mahairik, koordinazio lanetarako. “Ez, ni naiz” erantzun du. “Aspaldian pentsatzen dut sobera lege egiten dugula eta gero behar duzu abokatu bat jakiteko zer lege dugun. Nik gauzak sinple-sinple egiten ditut; egia da horrela egiteko behar direla gauzak landu. Nik egutegi bat eman dut eta bakoitzari galdetzen diet tokia hartzea aitzinetik; orain arte aski ongi funtzionatu du, arazo txiki batzuk izan ditugu, batzuek ez dutela lekua hain garbi uzten... horrelako gauzak. Eta orduan, nik egiten dudana da, neronek jendea buruz-buru hartu eta ematen dizkiet aholku batzuk. Jendeak ikusten du konfiantza egiten dutela eta ez dute hori galdu nahi. Pentsatzen dut, gainera, hori euskal kulturan sartuta zegoela eta orain ere hala jarraitzen dugu, aski kontent naiz”. Kultur kudeaketa manual bikaina da, zalantzarik gabe, Andoni Iturriozen esaldi horrek biltzen duena.