argia.eus
INPRIMATU
Ordu eta erdiko gudontzidia

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2011ko abenduaren 20a
Donostia boua Matxitxakoko itsas gatazkan, 1937ko martxoan. Hilabete batzuk lehenago ontzia frankista zen eta Virgen del Carmen zuen izena.

Bilbo, 1936ko abenduaren 6a. Virgen del Carmen bou frankistaren tripulazioa matxinatu egin zen, eta ontzia portuan sartu zuten. Pasaiako Flotako ontzia bezperan atera zen basetik. Gauerdi inguruan guardiako kaboek komandantea lotu zuten lehenik, eta bi makinariak ondoren. Tripulazioko gainerako kideek bat egin zuten kaboen asmoekin, eta ontzia Bilbora eraman zuten. Brankako kanoia aldatu, ontzia Donostia izenaz bataiatu eta, hala, Euzkadiko Gudontzidiak bere lehen boua lortu zuen.

Urte hartako urrian erabaki zuen Jose Antonio Agirre lehendakariak Defentsa Sailaren baitan Itsas Saila sortzea. Departamendu berria urriaren 25ean hasi zen jardunean, Itsas Armada Errepublikanoari lagunduko zion flota osatzeko. Ontzidi xumeak ez zuen itsas guduetan zuzenean sartzea xede; arrantza babesteko, eskumeneko uretako nabigazio askea zaintzeko, eta euskal portuetako sarrerak inolako oztoporik gabe mantentzeko sortu zuten.

Bou edo arrantza-ontzi armatuak izan ziren ontzidiaren funtsa, eta lehena, Donostia, ezustean lortu zuten abendu hasiera hartan. Hilaren 9an zenbait bakailao-ontziri izenak aldatzea erabaki zuten: Hispania, aurrerantzean, Araba izango zen; Euzkal-Erria, berriz, Bizkaia; Mistral, Gipuzkoa, eta Vendaval, azkenik, Nabarra. Horiei Goizeko-Izarra eta Iparreko-Izarra ontziak erantsita, 1937ko urtarrilaren erdialdean, euskal itsas armada zazpi bouk osatzen zuten. Eta talaia nahiz zelatari zerbitzuak antolatzen hasi ziren zortzi minaketariz eta beste hamar ontzi txikiagoz lagunduta. 900 bat lagun aritu ziren itsas armada berezian.

Martxoaren 5ean, Canarias gurutzontzi frankista Galdames merkataritza ontzia atzematen saiatu zen Matxitxako lurmuturretik hurbil. Baina euskal bou txikiak ontzi zibila babesten ari ziren. Canarias izan zen tiro egiten lehena. Gipuzkoa jo zuen lehenik, Donostia gero, baina biek ihes egitea lortu zuten. Nabarra-k, ordea, ez zuen amore eman, eta azkenean frankisten artilleriak hondoratu zuen. Matxitxakoko gatazka galdu zuten, baina ezin esan euskal itsas armada ofizial bakar hura etsaien aurka borrokatu ez zenik. Ordu eta erdiz behintzat.