argia.eus
INPRIMATU
Euskal zinema eta eraikuntza nazionala

BeƱat Sarasola @bsarasola 2011ko abenduaren 20a

Nik ere ez dut Gartxot ikusteko aukerarik izan, José Luis. Presatu nintzenerako zinema aretoetatik kanpo zegoen, lehentasuna eman nien David Cronenberg, Roman Polanski eta Lars von Trier-en azkeneko filmei.

Azken boladan badirudi halako loraldi bat bizi duela euskaraz egindako zinemagintzak –tira, film-luzegintzak–. Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan genituen ale zenbait. Aski aipatuak izan ziren Bertsolari, Urte berri on, amona! eta Bi anai. Tamalez ezin izan nuen Telmo Esnalena ikusi; tamalez diot, zeren ikusi dutenek esan didatenaren arabera, gustatuko zaidalako susmoa baitut. Euskal zinemagintzari buruzko nire kezka Bertsolari ikusi ostean berpiztu zitzaidan.

Ez zitzaidan Asier Altunaren dokumentala gustatu –ez da orain zergatia azaltzeko tenorea, beste batean akaso– eta ene iritzia txiokatu nuen Twitterren, aste hartan ikusitako gainontzeko filmekin egin bezala. Luze gabe iritsi zitzaizkidan nire iritziagatik minduak sentitu zirenen erdeinu, mespretxu eta abarrekoak. Agidanez, Bertsolari gustatu ez izana bertsolaritzaren kontrako erasotzat jo zuten zenbaitek, eta are aberriaren kontrakotzat ere. Absurdua da lotura hori. Schindler’s List filma ez gustatzeak –niri ez zait gustatzen; are, higuingarri zaizkit hainbat eszena– nazien aldeko bihurtuko banindu bezala. Batzuentzat, ordea, zinemagintza –eta, bide batez, baita bertsolaritza ere– beste zenbait helburu nazionaletarako bide den neurrian baino ez da muntazkoa. Eta niretzat hori akabua da, autodefentsa txatxu eta eskasa, ez soilik euskal zinemarentzat baizik eta edozein arte molderentzat. Artea, taxuzkoa bada, ez da inongo komunitatearen barneko loturak indartzeko, ez inongo gizartean halako komunio bat osatzeko. Antropologikoki edo soziologikoki interesgarriak izan daitezke halako fenomenoak, baina ez artistikoki. Eta gure herriaren arazoetako bat horixe da hain zuzen, bere egoera kulunkaria dela eta, soziologiak eta antropologiak artea jaten dutela anitzetan. Herri-batasunak disidentzia itotzen duela. Eta artea, zerbait bada, disidentzia forma bat da.

Zinemaldia bitartean Josu Martinez zinema zuzendariak artikulu bat argitaratu zuen aldizkari honetan bertan. Gai interesgarri askoak mahaigaineratzeko dohaina izan zuen Martinezek, baina sakoneko ideiarekin ez nator bat: “Izan ere, Euskal Herriak bizirauteko borrokan duen gaitzik arriskutsuenetako bat alzheimerra da eta horri aurre egiteko moduen artean, zinema memoria kolektiboaren adierazpide oso baliagarria da (...) herri batek bere burua pantailan ikusten duenean –ez ahaztu filmak normalki taldean ikusten direla, isilik eta iluntasunean–, herria “sortzen” ari da; zeluloideak “ispilu efektua” eragiten duenean ikusleengan, de facto, herri bat dago hor; bere esperientzia, emozio eta kode konpartituekin”.

Baiki, “ispilu efektu” hori ikusi nuen Bertsolari ikusi bitartean, baina ez dut uste horrek filma on bihurtzen duenik. Bidenabar, ez dakit balizko ispilu efektua eragiten duten “euskal gaiak” ez ote diren sobera ustiatu euskal luzegintzan.

Nire iritzian, euskal zinemak aurrera egingo badu, beharrizan nazional horietatik kanpo egingo du. Bertute horixe ikusi nion Bi anai filmari esaterako, bere tasun, keria eta inperfekzio guztiekin, apustu artistiko muturreko eta indartsua delako. Arteak gehiago du zerikusia urraketarekin, distortsioekin, aurreritziak kolokan ipintzearekin, herri baten kohesioa indartzearekin baino.