argia.eus
INPRIMATU
Euripean ere argitasuna
  • Euria ari duenean :: Leire Salaberria

    Pamiela-Kalandraka.

    34 orrialde.

    13 €

Xabier Etxaniz Erle 2011ko abenduaren 20a
Hauxe dugu Leire Salaberriaren lehen liburua, eta alde horretatik pozgarria da Nafarroatik datorkigun Etxepare lehiaketak bidea ematea euskal letren eta irudien panoraman sortzaile berriak plazaratzeko; literatura lehiaketek, hain zuzen, ibilbideak saritzeaz gain balio behar baitute izen berriak, sortzaile hasi berriak plazararazteko.

“Euria ari duenean”. Hitz horiekin, edo ideia horretatik, abiatzen da kontakizun labur hau. Leire Salaberriak euria ari duenean egiten dituen ekintzak adierazten dizkigu, zer gustatzen zaion, zer egiten duen, nola jokatzen duen… zergatik duen gogoko euria, alegia. Eta ideia hori oso modu sinplean adierazten zaigu, testu aldetik ideia argiak eta tinkoak esanez: “Gelako lagunekin batera, putzuetan egiten dut arrantzan eskolatik irtetean. Koloretako arrainak harrapatzen ditugu, guk bakarrik ikusten ditugun horietakoak, magikoak”; baina sinpletasun hori testuaz gain irudietan ere ageri zaigu. Collage modukoak, perspektiba faltsuak, sinbolismo handiz… irudiek haurren mundura, haurren ikuspegietara hurbiltzen gaituzte, Salaberriak idazkera ez ezik ilustrazioa ere haurren tonuarekin bat eginez sortu baitu. Hots, istorioa kontatzen digun bezala neskatxa horrek berak irudikatzen dituela narrazioarekin datozen irudiak.

Euria ari duenean liburuan eguneroko sinpletasuna ageri zaigu, nola lor dezakegun zoriontasuna, ongi pasatzea, ondo egotea, egoera sinple batean, euria ari duenean paseatuz, txakurrarekin ibiliz, euritakopean egonez, amets gozoak eginez edo arestian ikusi dugun bezala putzuetako arrain imaginarioak arrantzatzen. Narratzaile den neskatxaren ikuspuntu horretan, hala ere, ageri dira euriarekin edo euria ari duenean disfrutatzen ez duenik ere: “Euria ez dute denek gogoko. Arratoiak kexu izaten dira estoldak urez betetzen baitzaizkie. Katuak ez dira urrun ibiltzen egun euritsuetan, nahiz eta ura gustuko ez izan (…). Nire ahizpa zaharrena haserretu egiten da ilea erratzaren moduan geratzen zaiolako”, baina narratzaileak argi eta garbi du: “Gustuko dut euria ari duenean, nahiz eta helduei ez atsegin. Dibertigarria da benetan!”.

Album honetan biltzen diren ideiak, erabiltzen den estetika (sinple itxura duena, haurren ikuspuntutik egina), ideien argitasuna eta osaketa (lehen aldiz Etxepare sarietan, eta hau V. saria da, pertsona berak egin ditu irudiak eta testua), eta irakurlearekin lortzen den identifikazioa direla eta, liburu eder baten aurrean gaudela esan daiteke; haurren gozamenerako eta helduon gogoetarako liburu itxuraz sinple baina ongi landua.