Inorako bidaia antzezlana aurkeztu berri du Kukubiltxo taldeak, Aristides Vargas idazle eta antzerkilariarekin osatu duen bigarren elkarlana. 1950ean diktaduratik ihesi bederatzi lagunek belaontzi batean egindako bidaia izan dute inspirazio iturri, oroimen historikoaren gaian murgiltzeko xedez. Pertsonaiak bezala, aktoreek ere erronkaz betetako bidaia abiatu dute sortze prozesuan.
Ainhoa Alberdi, Maria Alonso, Josu Camara, Marifeli Etxeandia eta Iurgi Etxebarria aktoreek jokatzen dituzte Inorako bidaia antzezlaneko rolak, Gotzon Barandiaranek moldatu du Aristides Vargasek bideratutako testua. Vargasekin batera antzezlana sortzeko prozesua bera izan da taldekideek aitortu digutenez, inorako bidaiarik handiena, hitzak eta haiek esateko moldeak elkar eraginez topatu dituztelako bidean.
Inorako bidaiak kontatzen duen istorioaren oinarrian gertaera erreal bat dago: 1950ean diktaduraren presiotik ihes egin zuten bederatzi lagunek itsasoz Montserrat izeneko belaontzi txikian, Santurtzin itsasoan desagertutako pertsonen omenez egindako itsas prozesioa baliatuz. Abentura hura paperean jasota dago hura bizitako batzuen edo haien ondorengoen ahotik, testu haietatik abiatu ziren istorioa sakonean ezagutzeko. Josu Camarak azaldu digunez, “duela hiru urte deskubritu genuen txalupako baten ilobak idatzitako Vientos de libertad testimonio nobelatua, oso polita iruditu zitzaigun bederatzi pertsona irudikatzea itsasoaren erdian, noraezean, erreferentziarik gabe. Vargasek dioen bezala istorio hau norabide zehatzik gabe baina krudeltasun txikiagoko mundua topatzeko itxaropenarekin abiatu den herriaren metafora da”.
Kukubiltxoren bigarren bidaia
Kukubiltxo txotxongiloei, maskarei eta publikorik gazteenari lotuta irudikatzen du askok oraindik, baina azken bi antzezlanek beste estetika eta ibilbide baten berri ematen dute. Josu Camarak azaldu digunez taldeak 30 urte bete zituenean bi bide posible ikusi zituzten: atzera begira egindakoa ospatzea, edo aurrera begira haien ahalak berrasmatzeko erronka hartzea, taldean astindu bat eraginez. Bigarren bidea aukeratu zuten. “Prozesu horren lehenengo fasea birziklatzea zen, ikastea eta sakontzea erabiltzen genituen tekniketan. Horretarako irakasle ezberdinekin topo egin genuen”. Haien artean zen Aristides Vargas, Argentinatik Ekuadorrera erbesteratutako antzerkilaria. Ordurako Vargas egona zen hainbat alditan Euskal Herrian Malayerba bere taldearekin, besteak beste oihartzun handia izandako La razón blindada lana taularatzen. Camarak oroitzen duenez “bere lan egiteko metodoa ezagutu genuen, eta ikuskizun berri baten sormen prozesuan gurekin aritzeko proposamena egin genion”. Vargasek hasieran ezuste itzela hartu omen zuen, baina azkenean Haritzaren azalera zehatza izango zenaren zuzendaritza hartu zuen bere gain. Urrats hori nolabaiteko biluzte bat izan zen Kukubiltxokoentzat. “Norbera agerian egotea oholtzan maskararik gabe, norberaren sentimenduekin, txotxongilo manipulatzaileak izateaz gain taldean bazeudelako eszena gainean pertsonaia bat mantentzeko gauza ziren aktoreak”. Vargasek Quiton duenez habia, sormen prozesuak zailtasunez beteak izan dira, baina ez dute etorkizunean Malayerbarekin koprodukzioak egiteko aukera baztertzen.
Camarak aitortu duenez Vargasekin egindako bi lanen artean bada ezberdintasunik hala ere: “Haritzaren azalera zehatzan Vargasek argi ikusi zuen behin eta berriz ari ginela gure identitateaz gogoeta egiten, hari horretatik sortu zen lana. Oraingo honetan oso gai konkretua izan da abiapuntua. Guk hasieratik genuen oroimen kolektiboaz hitz egiteko gogoa eta beharra, eta 1950 gertatutako bidaiak horretarako bidea ematen zigun”. Hori bideratu ahal izateko Vargasek urtebetez ariketak eta testu proposamenak bidali dizkie, haiei emandako erantzunak igorri Kukubiltxokoek eta prozesuaren azken fasean hari guztiak Euskal Herrian elkartu dituzte. Vargasek berak aitortu digunez zalantza ugari eduki zuen “hasiera batean istorioa ez zitzaidan erakargarria egin, ez dudalako gogoko errealitatea gertatu den bezala kontatzea. Tarteko planoak ditut gogoko, fikzio eraikuntza errealitatea baino gehiago. Artista bezala ez nekien zer gehitu niezaiokeen esperientzia hura islatzen zuten idatziei”. Orduan proposatu zien Kukubiltxokoei irakurketa garaikide batera eramatea dena. “Hitz egin zezatela antolatua dagoen sistema batean sortzen den aldatzeko beharraz, ezarritakoa apurtzeaz, bizimodu ustez seguru bat urratzeaz, segurtasun ezara doan bidaiaz eta ezustearekin jolastearen garrantziaz”. Abentura ekintza kasik politikoa bilakatzen da zentzu batean. “Etxetik okindegira doan eguneroko bidaia bilaka daiteke bidaia fantastikoa, norberaren jarreraren arabera. Bidaiaren alderik garrantzitsuena ez da iristea, norabait joatea baizik”.
Camarak dioenez Vargasekin lan egitea aukeratzean oso kontuan izan dute bere antzezlanen izaera konprometitua. “Gure nortasuna batzuetan oso berezia dela sumatzen dugu, beste batzuetan ikusten dugu hemen gertatzen zaiguna munduko edozein lekutan gerta daitekeela. Guretzat interesgarria izan da bi kasuetan gutaz hitz egitea tartean kanpoko begirada bat jarrita”. Hainbat hilabetez Vargasek idatziz harilkatu du aktoreek pasatutako materiala, kontakizunak, fabulak. “Haien bidaia propioen haritik egitea eskatu nien, hori interesatzen baitzitzaidan: bidaiatzeko beharraz aritzea era garaikidean”. Utopiaren kontzeptuarekin laburbildu liteke funtsean ahalegina. Utopia izeneko ostatuan elkartzen dira, hain zuzen ere, pertsonaiak. Vargasen esanetan “espazio utopiko hori izan daiteke infernuzkoa baina baita ere askatzailea. Badira utopia beldurgarriak, erlijiosoak adibidez, baina beste batzuk mugiarazleak, adibidez gizakiak hobeagoak izan gaitezkeela diotenak”.
Hizkuntzari dagokionez aktoreek haien arteko jarduna euskaraz egin dute, erdaraz Vargasi zegokion guztian. Gotzon Barandiaranek izan du urrats bakoitzean ekarpenak euskaraz moldatzeko ardura. Vargasek aitortu duenez hizkuntzarekin jolasteak prozesuari eragin dio. “Nire gaztelania Latinoamerikakoa da, beste errealitate batzuek ukitua dago. Era berean euskaratik berrasmatuak izan dira nire testuak prozesu honetan. Nik aktoreei esaten nien hitzek ez zutela galdu behar jolasaren zentzua, orduan sentituko baita publikoa identifikatua. Modu horretan bilakatzen dira hizkuntzak propioak eta identitarioak”. Vargasek dioenez oraingo honetan euskararen inguruan galdera asko sortu zaio: “Euskara zirraragarria iruditzen zait. Hizkuntzak zaindu egin behar dira gal ez daitezen, hizkuntzen atzean gizakiak daude eta hizkuntza desagertzen bada gizaki horiek dira desagertzen direnak”.
Jokoaren hiru mailak
Aktore taldearentzat erroka handia izan da Vargasek proposatutako bidea, funtsean hiru aktore-mailatan oinarritua: norberaren pertsonaia, itsasontzian diren pertsonen azalean sartzeko egiten duten ahalegina eta aktorearen beraren sentimendua. Camarak dioenez aktuazio-eza izendatu izan dute Vargasek eta bere bikote eta lankide Charo Francesek euren metodoa. “Ez interpretatu, ez imitatu. Norberak sentimendu bat aurkitu behar du eta hortik abiatu. Batzuetan ez du pertsonaiak hitz egiten oholtzan, baizik eta aktoreak. Ez gara geratzen lotuta”.
Aristides Vargasek proiektu bakoitzak eskatzen duen prozesua bilatzen du, formula itxietan galdu gabe. “Oro har gustukoak ditut esperientzia teatralak, era konbentzional batean muntatu daitezkeen obrak baino gehiago. Gogoko dut era esperimentalean lan egitea, gaiak eta lan egiteko moduak esentzia bera izan dezaten”. Elkarrizketa egin eta gutxira Parisera abiatu da La razón blindada egitera, baina han edo Santurtzin egiteak garrantzia bera duela dio. “Ez zait interesatzen famatua bilakatzea, ez dirua egitea. Gizakiei mintzo zaien teatroa interesatzen zait, nolabait parte hartzen duena gizartearen berregituratze etiko batean. Ez zait interesatzen teatroa ezer ez esateko, nire ustez teatroak bere hastapenean bezala jendeak egunero eztabaidatzen dituen gaien artean bilatu behar du lekua. Momentu hau oso konplexua da gizadiarentzat baina era berean zirraragarria, bizitza ongizate estatuan lasai egotea dela pentsatzeari utzi diogulako”.
Oraingoz abenduaren 23an Mungian aurkituko dugu Inorako bidaia.
Larunbatean pertsona talde batek Tolosaldeako Kontseilu Sozialistako kide bati eraso egin ziola salatu dute. Azaldu dutenez, "faxistei aurre" egin zien propaganda jartzen ari zirela, eta piperbeltz espraiarekin zipriztindu zuten.
Haurdunaldian diren emazte bakartuentzat, harrera-leku bat proposatuko du La Maison des Sept Vallées elkarteak Donibane Lohizunen. Pariseko bikote jabe pribatu baten gogoan sortu zen xedea. Donibane Lohizunen, 2021ean Iturria izeneko etxea erosi eta, bazter bastizetan... [+]
Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo argitaratu dituzte irakasle beraren aurka, irakaslearen izena eman gabe, baina Filologia Hispanikoko irakaslea dela zehaztuta. ARGIAk gradu hori urte desberdinetan egin duten hiru ikasle ohirekin hitz egin du,... [+]
Zuzendaritzak argudiatu du "ahalegin guztiak" egin arren, bezeroen eskaria "drastikoki" murriztu dela. Nafarroako industriaren defentsan igandean egingo den mobilizazioan parte hartuko du enpresaren komiteak.
Agintean dagoen Alderdi Laboristak atxiloketen eta deportazioen irudiak erakutsi ditu, eta urtarril honetan "errekorra" egin duela esan du, harro-harro.
Amurrioko Emakume Sareak elkarretaratzera deitu du eraso matxistari erantzuteko, asteartean 19:00etarako. Bilbon, adin txikiko neska bati egindako sexu erasoa salatzeko mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean.
Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.
Arrasateko Udaltzaingoak abiatu du ikerketa, neska batzuek igande goizaldean erdialdeko taberna bateko komunean kamera txiki bat aurkitu ondoren.
Air Force One hegazkinean Super Bowl-erako bidaia aprobetxatu du Donald Trumpek, ezartzear dituen muga-zergen berri emateko. Eszenografiaren aldetik, bikain. Etxerako mezua da “lasai baino lasaiago nago ni; begira nora goazen... Estatubatuarrak ere lasai egon daitezke... [+]
Gasteizko campuseko Farmazia Fakultateko ikasleek "faxismoaren aurka antolatzearen beharra" azpimarratu dute, eta EHUri irakaslearen berehalako kaleratzea exijitu diote.
Azken urteetan, adimen artifizialaren (AA) garapenak hizkuntza gutxituen egoeran eragin nabarmena izan du. Teknologia erraldoiek garatutako eredu nagusiak, hala nola ChatGPT, hizkuntza nagusietan trebatzen dira, eta horrek euskararen moduko hizkuntzak bazterrean uzteko arriskua... [+]
Haurrak dituzten familiei egiten diete deia, bereziki. Seme-alabentzat onena nahi dugulako, etorkizunerako aukerak zabaltzea litzateke euskara ematea. "Eleaniztasunaren aldeko hautua egiteko gonbidapena da, euskara ematea batzea delako", esan du Ana Ollo Euskara... [+]