argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Merkatariek euren legea inposatu dute

Juan Mari Arregi 2011ko abenduaren 13a

Joan den astean egin zen europar goi-bilerak beste behin erakutsi zuen merkatuek (banku eta finantza erakunde handiek) euren legea inposatzen segitzen dutela. Herrien eta herritarren Europa behar lukeenak merkatarien Europa izaten jarraitzen du, politikari eta agintariak belauniko dituen Kapitalaren Europa, alegia. Europar Batasunari (EB) ate-danbatekoa eman dion Ingalaterrari, Alemaniak eta Frantziak egozten diote Cityaren finantza interesak babestu nahi izatea. Baina Merkel eta Sarkozy filosofia bera ari dira inposatzen gainerako herrialdeei, merkatuen interesei mesede egitea, hau da, beren banku eta finantza erakunde handiei. Nola?

Merkozy-k lortu du EB osoan zero defizita inposatzea, lege maila emanez, eta zigor automatikoen politika martxan jartzea legea betetzen ez dutenentzat. Hala, Cameronek Cityaren atzean dituen interesak kritikatzen dituztenek, mesede egiten diete espekulatzaileei. Euren politikek ez diete erantzuten, esaterako, eragiketa finantzarioei erasango liekeen Tobin Tasa gisako eskaera sozialei. Aberastasun handiei zergak ezartzea ez dago haien planen artean.

Murrizketa gordinak inposatuz defizit publikoa erasotzeak, enplegua sortzeko beste neurririk gabe, hondamendira besterik ez garamatza. Defizit publikoa gutxitzeko modu bakarra ekonomikoki haztea da, eta merkatuek lider europarren eskutik inposaturiko muturreko austeritatea albo batean uztea. Horretarako, tributu sistemaren gehikortasuna handitu behar da, errenta altuenak eta ondasun handienak zergapetuz, iruzur fiskala jazarriz, enplegua sortzeko finantzazioa erraztuz eta hazkunderako beste eredu bat bilatuz. Bestelako bideak hartzea espekulatzaileei mesede egitea da, merkatariei mesede egitea.