argia.eus
INPRIMATU
Zur-papur
Jakoba Errekondo 2011ko abenduaren 06a

Auzolanean ari dira zuhaitzak. Onddo txatxu batek txankro erretxinaduna eragin eta Euskal Herri atlantikoko basoetan azken mendean jaun eta jabe izan den pinu beltzaren hagintea eraistea lortu du. Fusarium circinatum izena du onddo alu horrek! Eta gorri, larrua bizirik gelditu ez da bada mendia! Jo eta hotzikarak dar-dar mendia...

Makina bat buruhauste izango du hemendik atzera basoari etekinik atera nahi dionak. Buruari aztarrika egin beharko dio. Aztarrika horretan maiz aritzen naizen horietakoa naiz, ez ordea basoari begira. Azken urte hauetan baina, lan kontu batzuk gora-behera, aspaldi baztertuak nituen tala batzuetatik begiratu behar izan diot basoari. Galdera xalo bati erantzuna topatze aldera... Bere sinplean seko bihurria den galdera: zer arraio egin behar dugu basoarekin etorkizunean?

Geure isuri atlantikoa da munduan proportzioan baso gehien duen lurraldeetako bat. Eutsi ez, gora tira beharko genioke, lehenaz gain. Hori da gure etorkizuna. Gaur bertan jarri dut Facebooken nola Eskoziak eta Danimarkak marka jartzekoa duten: urte gutxi barru energia kontuetan burua aski izateko haize-erroten plangintza abiatu dute. Eta guk? Independentistok?

Lorategi bat diseinatzen denean bezala egin behar da lan basoan, hau da, jartzen dena irabazi eta irabazi izango da urtetan eta urtetan. Erronka jo, desafioari heldu eta urte askotarako bideari ekin behar zaio. Erdi Aroan gure herriak bizi izan zuen bere bigarren urrezko aroa ezinezkoa litzateke basoen kudeaketa egokirik gabe. Gaur tankerako barruti baterako atakan gaude: gure etorkizuneko energia basoak eman behar du. Garai hartan ikatza bezala, nahikoa zur-papur egiten badugu ez da hotzik izango hemen, ez eta hotzikararik ere.

Pinudiak gorri utzi dituen lur sailak okupatzen ari diren zuhaitzak auzolanean ari dira. Gurekin auzolanean, bidea erakusten digute: zein zuhaitz dago prest horretarako. Nola landu asmatu besterik ez dugu egin behar guk.