argia.eus
INPRIMATU
Foru Aldundiak
Mikel Asurmendi @masurmendi 2011ko abenduaren 07a

Hauteskunde kanpainan diputazioak erakundea kentzea proposatu du Rosa Diezen UpyDk. Zer deritzozu, Gipuzkoatik begiraturik?

PPn ez gaude ados ideia horrekin. Ni foralistatzat daukat nire burua, pentsa, eta Mariano Rajoyk adibidez –diputazioen aldekoa da–, Pontevedrako Diputazioa presiditu eta gobernatu zuen iraganean. Orduan hainbat lekutan ez zegoen elektrizitaterik, eta diputazioek azpiegitura hori ezartzeko ardura zuten. Gauza sinestezinak dira gaur egun. Mariano Rajoyren iritziz, diputazioek funtzio berebizikoak dituzte, eta nik ere bai. Gipuzkoa bezalako probintzien dimentsioa ezagutzen du berak. Eta nire iritziz, gure diputazioaren konpetentzien esparrua oso inportantea da.

Hori esanda, bistan da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioek organo instituzionalen arteko bikoiztasunak ekidin behar dituzte beren konpetentziak lantzean. Hau da, ezin da instituzio batek bestearen eremuan jardun eta aurrekontuak zabaldu barra-barra. Hori hasteko. Adibidez, ezin dugu kirola edota kultura udaletan sustatu, eta diputazioetan gauza berarako ekimen antzeko bat, eta erkidegoan (EAE, gure kasuan) beste bat. Beraz, politikan arrazoia eta sen ona sartu behar ditugu, izan ere, herritarren dirua dago jokoan. Areago, askotan organo gehiago izateak ez dauka eraginkortasun gehiagorik, elkarren gainean dihardute, koordinatu gabe, batek hau egiten du eta besteak kontrakoa. Beraz, zentzu horretan, administrazio publikoa hobetzeko tarte eta bidea badaude.