argia.eus
INPRIMATU
TALAIAN
Murrizketak, fiskalitatea eta enplegua

Juan Mari Arregi 2011ko azaroaren 29a

Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian modako hitza da “murrizketa sozialak”, baina batzuek beste modu batez leundu nahi dute, “doikuntzak” deituz. Larriena da murrizketa gehientsuenak hauteskundeen ondoren iragarri direla Hego Euskal Herrian eta Espainian, ordura arte hautesleei asmo horiek ezkutatuz. Amarru demokratikoa da. Kataluniako Gobernuak egin zuen, Patxi Lópezen Gobernuak egin du eta Nafarroako, Espainiako, Frantziako eta Europako gobernuek ere egingo dute. Denak belaunikatzen dira merkatu famatuen aurrean, eta hautestontzietatik igaro ez diren horiei uzten diete herri edo estatu bakoitzeko politika zuzentzen. Murrizketak handik eta hemendik, merkatuei ordaintzea bermatzeko.

Lópezen Gobernuak “100 milioi euroko aurrezpena langile gastuetan” iragarri du. Horrek esan nahi du, sindikatuek salatu moduan, lan eskubideen galera ekarriko duela eta krisi honetan ardurarik ez dutenei eragingo dietela murrizketek. Lanpostuak sortzea beharrezkoa denean, Administrazioak kate-maila ahulenean erabiliko ditu guraizeak, langileenean alegia. Eta ahaztu zaizkio enplegua sortzeko benetako gakoak: aberatsenek gehiago ordaintzea; enpresa etekinei zergak igotzea; gastu militarrak albo batera uztea; eta Hego Euskal Herrian dagoen iruzur fiskal milioiduna azaleratzea –urtean 13.000 milioi euro baino gehiago–. Foru Aldundiek formula eraginkorrak bilatu beharko lituzkete azken honetarako, bide hori jorratzeko interes askorik ez dagoela dirudien arren. Horrela enplegua sortu liteke, eskubide sozialak mantendu eta diru-sarrera fiskal gehiago lortu zorra ordaintzeko. Lópezek, langileei murriztu beharrean, eredu izan beharko luke ,eta bere soldatari eta bizi osorako pentsioari uko egin. Gainerako agintari, politikari, diputatu eta senatariek berdin egin beharko lukete.