argia.eus
INPRIMATU
Bankuen zorrek lotzen dute Rajoy

Xabier Letona Biteri @xletona 2011ko abenduaren 02a

MARIANO RAJOY  jauna bere bunkerrean dago, egoerari nola aurre egingo ei dion aztertzen, eta lehen urratsak sendo emateko prest. Ez du oraino ezer iragarri, baina badakigu zer dakarren: aurrekontuen hersturaren norabidean, Rajoyk bata bestearen atzean beteko ditu Europako Banku Zentralak eta Alemaniak aholkatutako irizpide eta neurriak, “merkatuek” diotena alegia. Aurretik PSOEk eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok egin duten gauza bera. Hau da, Europako sozialdemokraziak Grezian, Portugalen edo beste hainbat herrialdetan egin duena. “Ez baitago krisi ekonomikotik ateratzeko beste biderik, gastu publikoa murriztea, zorra ordaindu ahal izateko eta merkatuek ez gaitzaten zigortu”, dio doktrina neoliberalak.

Baina zergatik murriztu behar da gastu publikoa, Espainiaren zor publikoa Europako Batasuneko txikienetakoa denean? BPGaren %60,1 da Espainiako zor publikoa,  Frantziakoa %82, Alemaniakoa %83 eta Italiakoa %119, adibidez). Zergatik herritarren bizi mailan eragin itzela duten murrizketak, zor publikoaren handitzea ez datorrenean gastuaren gehitzetik diru sarreren gutxitzetik baino?

Erantzuna Espainiako zor pribatuan dago eta hau bai da Europako handienetakoa. Zorpetze maila handiak arazoak dakarzkio edonori, baina areago egoera horretan krisi ekonomikoak harrapatzen badu. Baina, gainera, egoera biziki larritzen da, finantza merkatuen aurrean Espainiako Gobernuak zor horiek ordainduko diren bermea beregatzatzen badu, horrela finantza merkatu horien zigorra saihestuko duelakoan. Bistan da ez duela lortzen.

Irakurleak askotan irakurriko zuen  zein zorpetuta dauden Espainiako familiak eta hala da. Baina zor pribatuaren zati bat besterik ez da hori, eta ez handiena. Horrela banatzen da Espainiak guztira duen zorra (4,25 milioi euro): 700.000 milioi euro publikoa; familiena bilioi bat baino gutxixeago; enpresena 1,3 bilioi; eta bankuena 1,35 bilioi (baxuenetik jota).

Orduan, familia batek arazoak baditu eta hipotekatutako etxea galtzen badu, hori arazo handia da –esaten da–, baina familia hori ez zen behar beste arduratsua izan bere garaian eta orain ondorioak jasan behar ditu –gaineratzen da–. Espainiako Gobernua ez da horretan sartuko, ez bada legea betearazi eta familia etxe horretatik kanporatzeko.
                                                                                                
BANKUEKIN guztiz kontrakoa da, familiek baino askoz zor handiagoa dute Espainian, baina Gobernuak jarriko du 100.000 milioi euroko fondo bat aurrezki kutxen zorrak kitatu eta hauek egoera osasuntsuan jartzeko. Baina are eta larriagoa, zor horren zati handi bat atzerriko bankuekin denez (nagusiki frantsesak, alemanak eta estatubatuarrak), Gobernuak adierazi nahi die Espainiako kutxa eta bankuek beteko dutela beren ordainketa, eta Gobernua bera dela horren berme. Eta hortik dator aurrekontuetako murrizketa itzelen arazoa, ez zor publikotik, zor pribatutik eta batez ere enpresa handi eta bankuen zorretatik.

Azken finean, doktrina neoliberalak azaltzen du ezin direla zorretan diren herritarrak zuzenean erreskatatu, erreskate hori ekonomiaren hazkundeak ekarriko duela, enpleguaren sorrerak... Bankuak erreskatatzea, ordea, ezinbestekoa da, hauen maileguak pertsonarentzat odola bezalakoak direlako ekonomiarentzat, eta hauek ondoratuz gero ekonomia ondoratuko litzatekeelako.

Ez dago irtenbiderik eskema horretan: azken hiru hamarkadetako desarautzearen ondorioz, finantza munduak ia nahi duena egin izan du eta horrek ekarri zuen 2007ko finantza krisia. Burbuilak sortu, gutxi batzuk ikaragarri  aberastu eta, errealitate ekonomikoari erantzuten ez dioten burbuilak direnez, hauek eztanda egitean krisi itzela eragiten dute. Horregatik, 2007ko krisiaren ondoren, gobernuek esan zuten ezinbestekoa zela finantza mundua arautzea. Baina jai, ez da ezertxo ere egin eta “merkatuek” agintzen jarraitzen dute, eta nola gainera.

Ez al da, beraz, alternatibarik Rajoyren bulegoan gertatzen ari denari? Bai, baldin eta herritarrak eta ez finantza merkatuak jartzen badira konponbidearen erdigunean. Egongo da, baldin eta herritarrok, bakoitzak berean eta batez ere multzoan, bilatzen baditugu. Ezetz esatea da lehen urratsa. Gero, apurka, bestelako urratsak ematea, zergekin Gipuzkoako Diputazioan egiten ari diren bezala, adibidez.