argia.eus
INPRIMATU
Murrizketak baita I+Gn ere

Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko azaroaren 22a

Ikerketa generiko deitzen den horretatik gutxitan atera ohi da berehalako emaitzarik. Ondorioak, izatekotan, teknologia mailan nabaritzen dira nagusiki, eta herrialde aurreratuenen esku izaten dira, horietan egiten baita ikerketa generiko ahalmentsuena. Ikerketa aplikatuaren oinarria da. Hau da, produktuetatik hurbilago dagoen ikerketaren funtsa da eta herri aurreratuenetako politikariek euren herrientzat duten amets teknologikoen isla izaten da.

Euskal Herrian bultzada handia izan du ikerketa generikoak, eta kopurutan, Espainian ez bezala, Europako batez bestekotik hurbil dagoela esan daiteke.

Baina ikerketa generiko horrek kontuan hartu al ditu inoiz Euskal Herriko interesak? Aintzat hartu al dira, adibidez, zaborren kudeaketa efiziente eta bateratua; edo herrien energia autosufizientzia; edo errepide, aireportu nahiz itsasportuen kudeaketa globala, beti ere garraioa optimizatzeko eta txikizioak saihesteko helburuz; edo euskararen eta teknologiaren arteko zubiak zer onura izango lukeen nazioartean; edo gure memoria historiko-kulturala hedamodu berrietara ekartzeak zer teknologia garatuko lukeen...

Ez. Nire ustez, ez. Ikerketa globalizatua dago. Eta horren aitzakian globalizazioan agintzen dutenek ezartzen dituzte ikerketaren helburuak, lerro nagusiak. Ondorioz, Euskal Herriko gobernuetako administrariek helburu globalen administrazio-lanak besterik ez dituzte egiten. Estatu-multzo eta multinazional zehatzen helburuak administratzen dituzte hain justu.

2012rako, administrazio publikoen aurrekontuak behera doaz, gutxiago edo gehiago, eta oraindik behin betiko erabakia hartu ez bada ere, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailetik atera diren zurrumurruen arabera, enpresentzako diru-laguntzak ahalik eta gehien mantentzea da borondatea, eta ikerketa generikoari, berriz, errotik moztuko zaio laguntza.

Gure beharrak eta ametsak kontuan hartuko ez dituen ikerketa-politikak bost inporta zaizkit, eta beraz, abiapuntu horretarako arrazoi desberdinak izango baditugu ere, bat nator Eusko Jaurlaritzak hartu asmo duen erabakiarekin.

Hel diezaiogun behingoz lekuan lekuko lurrak, pertsonak eta kulturak lagunduko dituzten irizpidei, eta ihes egin dezagun globalizazioaren mozorropean ezkutatzen diren botere ekonomikoek ezartzen dituzten politiketatik.