ETAren adierazpenaren ondorengo egoeran, gehiago komentatzen da norberak zer sentitu duen, pentsatu duena baino. Nire kasuan ere honela da. Elkarriko arduretan hainbat urte eman eta gero, egoera berriak sentiarazi didanak garrantzi handiagoa du, pentsatu dudanaz gain. Kasu honetan, sentitzea, hierarkikoki, nagusi da hausnarketaren gainetik. Indar handiagoa du.
Nire sentipenak, laburbilduta, hiru izan dira, albistea jaso eta lehenengo unetik. Aurrena, eta atzera begira, asetasuna, sekulako barne asetasuna. Asmo kolektibo sakona betetzen ari zela ikusten ari ginelako aurrez aurre, zuzenean. Bereziki gogoan izan ditut hona iristeko, denbora luzez, ordu, lan eta ahalegin handia eskaini duen pertsona asko.
Asetasun horren alde nagusia da, konponbide eredu bat aurrera atera dela. Bi hitzetan, elkarrizketa eta biolentzia eza, edo beste era batera esanda, konponbide demokratikoak urrats handia eman duela. Eta, zergatik ukatu, horren alde egin duen jendearen barnean geldituko den betirako sentsazioa: norabide onean bultzatu izana, ekarpen positiboa egin izana. Kontzientzia lasaitasuna, bakoitzak ahal izan duen moduan laguntzeagatik.
Azken urteetako norberaren jardunaren barne hausnarketa eta bakoitzak, pertsonalki zein taldean, egindakoaren irakurketa kritikoa eta autokritikoa egitean, akatsak eta ondo egindakoak errepasatuz, oso ederra da herri honetan bakea eraikitzen lagundu izana. Bizitza guztian eramango den barne satisfazio hori ordainezina da. Konfrontazio armatuaren amaieraren alde, bide demokratikoaren alde, hainbat energia dedikatu izanak ordainsari ukiezin bezain indartsua eskaini du azkenik.
Bigarren sentipena, orainaldira begira, harrotasun neurritsua, Lokarri eta elkarrizketaren lagunen lanaz harrotasuna. Lokarriko lagunak, ez da soberan aitortzea, une egokian, toki zuzenean eta jarrera onenean egoten asmatu dute. Belaunaldien ikusmira batetik ikusita, bakegintza-gizaldi berriak lortu du zaharrak lortu ez zuena. Baina ulergarria da zaharrek poztasun handiz jasotzea bere oinordekoen lorpenak, bereak bailira bezala, bederen, perspektibak ematen duen baretasunean.
Hirugarren sentipena, etorkizunera bideratuta, lasaitu ederra. Gure herria eta bereziki ondorengo belaunaldiek, gure seme-alabek barne, bere bizikidetza sozio-politikoan ez dira gu eta gure aurrekoak bezain baldintzaturik izango euskal gatazka dela eta. Hau da garrantzitsuena, zalantzarik gabe. Gure gatazka politikoa(k) beste era batera kudeatzeko aukera zabaldu da, edonola ikusita, askoz ere hobea.
Hemendik aurrera, inork ez du uste dena erraza, laua eta leuna izango denik. Baina inflexio puntu garbia eman da. Arazoaren zergatia eta ondorioei aurre egitearekin batera, euskal gizarteak bere indarrik onenak bideratu ahal izango ditu eraikitze lanetara. Alegia, gizarte bezala onenen eta aurreratuenen mailan egote aldera. Eta horren bila jardunbide demokratikoetatik soilik.
Zauri asko sendatzen laguntzeko, jarrera positiboarekin eta ahalegin onenarekin batera, indarrak bildu beharko dira hemen, politika onenak ezarriz. Berrikuntza ez dagokio soilik teknologiari, bizikidetza politikoan ere eraberritzea ezinbestekoa da.
Etorkizun argitsua dugu aurreko akatsetatik ikasten jakinez gero. Une historikoa (oraingoan bai esan daiteke) partekatu eta Euskal Herri berriaz gozatzeko eskubidea genuen. Eta berau gauzatzeko bidea hasi da.