argia.eus
INPRIMATU
Gehiengo osoa Kongresu anitzean

Carlos Sevilla Peris 2011ko azaroaren 22a

Hilabetetako, urtetako oposizioaren ostean, Zapateroren Gobernuaren desgastea literalki itxaroten, Alderdi Popularrak inkestarik baikorrenak berretsi ditu. Historiako emaitzarik onena (186 eserleku) eta PSOEren txarrena (110). 2008ko bozekiko, PSOEk 4,3 milioi bozka galdu ditu eta kontserbadoreek 550.000 inguru irabazi dituzte. Mariano Rajoyren proposamenaren anbiguetateak eta hilabete gutxi batzuk lehenagora arte parte hartzen zuen gobernutik aldentzeko Alfredo Pérez Rubalcabak egindako saiakerak, presidentetzarako lehian egon den maila erakusten digute.

Baina hurrengo parlamentua oso desberdina izango da aurrekoarekiko. Krisi ekonomikoari aurre egiteko PSOEren gobernuaren errezetak botoak beste alderdi batzuetara sakabanatu ditu eta Izquierda Unidak atera du etekin gehien, 2 diputatutik 11ra igaroz. Ezkerreko beste talde bat, Amaiur, 7 eserlekurekin estreinatuko da, EAJk baino bi gehiago. 333.000 botorekin, koalizio abertzaleak maiatzeko autonomikoetan jasotakoak baino 20.000 boto gehiago lortu ditu, eta HBk 1986an izandakoak baino 100.000 gehiago –ezker abertzaleak Kongresuan lortutako emaitzarik onenak ziren, 5 eserlekurekin–. Foro Ciudadano eta Compromís-Equo koalizio valentziarra gehitzen baditugu, 1977tik izan den hemiziklorik anitzena dugu, 13 alderdik ordezkatua.

Espainiako eta Europako ekonomiaren egoera larriak –murrizketa neurriak tarteko– kokatu du igandeko hauteskundeen testuingurua. Botere ekonomikoen aurrean politikak duen benetako boterea eztabaidarako gaia da eta boto batek, ordezkari politiko batek duen ekintzarako gaitasuna zalantzan dago, inoiz baino gehiago. Krisiak eta gehiengo osoa duen PPrengandik espero ditzakegun soluzioek legegintzaldi konplexua aurreikusten dute. Eta Rubalcabak dagoeneko PSOEren ohiko batzarrera deitu du “lehenbailehen”.