argia.eus
INPRIMATU
Esnatzeari jarriak

Julio Soto 2011ko azaroaren 24a

I
Hiru urtaro pasa ostean
goxo-goxo lo tripotan
gaur bezalako bultzadarik ez
du sentitu gehiagotan
bata zuridun batek jarri du
bere amaren besotan
ingurukoek irripar eta
umea negar malkotan
agian beste pixka batean
segi nahiko zuen lotan.

IV
Gizon ezkondu baten bizio
errutinatuegiak
“Bai, bai, berandu iritsiko naiz”.
Gezurrak diren egiak
irripar gaizto bat erakutsi
du pareko aurpegiak
jolasaldia amaitu eta
lehertuta daude biak
berea ez den ohe batean
zabaldu ditu begiak.

II
Hogeita hamar urteko ‘gazte’
batek gaua, dantzan, irriz...
beti beste bat eskatzen duen
zerbezaz, txupito gorriz...
etxera heldu da zerraila non
dagoen ezin igarriz
amak esnatu du bazkaltzeko
buruko minez, egarriz...
erabaki du parrandarik ez
duela egingo berriz.

V
Laurogeita bi urteko attun
bat ohean dagoela
kukurrukua entzun aurretik
bonbillak argitan gela
edalontzitik hortzak atera
ditu goizero bezela
baldarka jantzi ditu soinean
galtzak, atorra, txapela...
berak oraindik ez daki azken
esnatzea izan dela.

III
Berrogeita bi urteko heldu
bat langabezian, larri
hamaiketatik ardi kontatzen
eta gaur bezala sarri
buelta ta buelta, buelta ta buelta
lorik ezin erakarri
sabaia, bera, bera, sabaia
geldi, begira elkarri
egunsentiak egun berririk
ezingo dio ekarri.

VI
Umore onez esna zaitezke,
mundua madarikatu
lehengo aldiz esna zaitezke,
hil kutxa batean sartu
adar pareaz esna zaitezke
edo ardiak kontatu
eta noizbait nahi bazenu mundu
hobe batean esnatu
segi ezazu amesten baina
lo egiten, lo ez hartu.

   


Doinua:  Itsasoari begira


Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.