argia.eus
INPRIMATU
Botere osoa eskuinarentzat
  • Euskal Herrian aro politiko berria zabaldu da azken urte honetan. Espainiarren gehiengoak lema kolpea eskatuko dio PPko Mariano Rajoyri. Presidente izateko ordua heldu zaio. Espainiako Estatuko aro berria Euskal Herriko bera ote den ikuskizun dago.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2011ko azaroaren 22a
"Inork ez du kezkarik sentitu behar. Etsai edo arerio bakarrak langabezia, defizita eta zorra dira" esan du Rajoyk.

Mariano Rajoyren ordua da. Paradoxikoki, Espainiako presidente berriak ordua –eta aroa– orain dela zortzi urte zeukan. 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo atentatuek zortzi urte eten dute PPren nagusitasuna. Artean, Espainiako Gobernuaren buruzagitza ustekabean hartu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero burumakur joan da. Alta bada, Zapaterok bozketa oso gutxi galdu du Espainiako Diputatuen Kongresuan. Eta hori, azken hiru urteotako krisi finantzarioa eta ekonomikoa kontuan hartuta, bada paradoxa.

Partidu Popularra Moncloara itzuli da Mariano Rajoyren eskutik, PSOE berriz oposiziora itzuli da Alfredo Perez Rubalcaba buru duelarik. Felipe Gonzalezekin ministro izan zen Rubalcabak alderdi sozialistaren emaitza txarrenak jaso ditu, 1982an irabazle jalgi zenetik. PSOEk gehiengo osoz irabazi zuen orduan. Gehiengo erabatekoa dauka PPk egun, historiako gehiengo osoena. 176 diputaturekin aski zuen, baina 186 ditu. Aurreko legealdian baino 32 gehiago. PSOEk berriz 59 diputatu gutxiago ditu oraingoan: 110 eserleku eskuratu ditu.

Gehiengo osoa izatearen tentazioak

Botere politiko osoa hartu du Rajoyk, eta krisi ekonomikoak eman dio aukera hori. Ordea, gehiengo osoa kudeatzea ahobiko ezpata da, eta egoera ekonomiko larriak eskatzen dituen politikak norberak bakarrik ebazteko tentazioan erortzeko arriskua darama berarekin. Krisia globala edo mundiala da, eta ez dirudi Rajoyk merkatuek agintzen dutena zalantzan jarriko duenik. Halaber, krisi ekonomikoaz beste, PPk Estatuaren administrazioan burutu behar dituen erreformak bakarrik gauzatzea tentagarria bezain arriskutsua da. Izan ere, ez da legealdi batera begira gobernatu izaten, luzerako baizik. Hartara, gehiengo osoa izanda ere, Rajoyk oposizioa kontuan hartu beharko du. Egungo oposizioa ez da orain arte bezain monolitikoa, hau da, oposizioa PSOE baino gehiago da, anitza da.

Iragan hamarkadetan ezarri zen PSOE eta PPren arteko dualismoan eragile berriak sartu dira. Oposizioa anitzagoa eta zatituagoa da. IU-LV koalizioak –Espaniako ezker ekologistaren marka berriak– iraganean PCEk lideratu zuen IUren ordezkaritza berreskuratu du. Hamaika diputatu lortu ditu, aurreko legealdian Gaspar Llamazaresek lideratutako IUk baino bederatzi eserleku gehiago. Cayo Lara da ezkerreko ekologismoaren aurpegi berria. Rosa Diezen alderdia da beste adibide bat. UPyD alderdia diputatu bat izatetik bost izatera pasa da.

Espainiako ezkerra anitzagoa da, eta periferiako indar nazionalistak (Katalunian eta Euskal Herrian bereziki) are indartsuagoak. CiUk hamasei diputatu lortu ditu, duela lau urte baino sei gehiago. Amaiurrek –euskal ezker subiranistaren marka berriak–, zazpi eserleku bereganatu ditu. Ezker abertzaleak inoiz izan zuen bost diputatuen kopurua eta aurreikuspen onenak gainditu ditu koalizioak. EAJk bost diputatu lortu ditu, aurreko legealdian baino bat gutxiago. Boto kopuruan igo da, halere. Uxue Barkosek gidatutako Geroa Baik eman du ustekabe handiena. Zortzi urtez bete duen aulkia beteko du berriz ere Madrilgo Kongresuan. Euskal abertzaletasunak egundo izan duen ordezkaritza zabalena izanen du datozen lau urteetan.

Kataluniako ERCk eutsi dio diputatu kopuruari, hiru lortuz. Duela lau urte lortu zituenen aldean, 40.000 boto galdu ditu ordea. ERCren bilakaera aztertzeko modukoa da, ezkerreko euskal subiranistek etorkizunean urratu behar duten bideari begira. Bestalde, BNGk eta CCk –indar politiko galiziarrak eta kanariarrak– eserleku bi atxiki dituzte, baina boto kopuru esanguratsua galdu dute: 30.000 baino gehiago biek ala biek. Compromis-Qk eta PPko ministrari ohi Francisco Alvarez Cascosen FACek osatzen dituzte Espainiako Kongresuaren eserlekuak, bakoitzak bana eskuraturik.

Krisi ekonomikoa eta marko politikoa

Hauteskundeen aurreko inkestek bete-betean asmatu zuten PPren eta PSOEren emaitzen iragarpenetan. Areago, eman zitezkeen datu polarizatuenak eman dira Estatuan. Hots, espainiar soziologia populista fidel atxiki zaio Mariano Rajoyren PPri. Halaber, PSOEk jaso duen porrotak baieztatu du espainiar bozemaileen boto erabilgarriaren garaia iraganeko aukera dela. Hainbat galdera dago: Espainiako Estatuak dituen arazo ekonomikoei zein estrukturalei –krisiari aurre egitea eta Autonomien Estatuaren eredu aldaketa– soluzioak emango zaizkie egungo indar harreman politikoen arabera? PPk Estatuaren Gobernua gehiengo osoz kudeatzen duelarik? Horiek horrela, eta Euskal Herrian gatazka historiko politikoa konpontzeko aukera berriak zabaldu direnean.

Indar politikoen harremanak aldatu dira Estatuan, baita Hego Euskal Herrian ere. Baina EAJk eta Amaiurrek jorratuko duten bidea urratzeko moduak ez dira argitu oraindik ere. Akordioak lortzeko asmorik edo interesik ba ote duten, esaterako. Mariano Rajoy ez omen da Jose Maria Aznar. Moncloako maizter berriak presidentea izango zela jakin bezain laster hauxe adierazi zuen: “Inork ez du kezkarik sentitu behar. Etsai edo arerio bakarrak langabezia, defizita eta zorra dira”. Rajoyk “enemigos” esan zuen. Bere “enemigos” etsaiak edo arerio soilak izanen diren ikuskizun dago alabaina. Nolanahi den ere, Rajoyk etsai handienak bere alderdian omen dauzka. Legealdiak iraun ohi duen lau urteeek emanen digute Espainiaren eta Hego Euskal Herriaren bilakaera politikoaren balantzea.