argia.eus
INPRIMATU
Inbidia

Pili Yoldi 2011ko azaroaren 15a

Inbidiaz begiratu zioten Iruñeari 2008an kanpotik etorritako arkitektoek. Inbidiaz, Arga ibaiak Iruñeko Arantzadi aldean egiten duen meandroa eta bertan mantendutako baratzak, ertzak, bizia eta paisaia ezagutzerakoan. Parke Natural izendatutako gunerako Ideia-lehiaketan parte hartu behar zuten Alemania, Frantzia, Portugal edota Kataluniatik etorritako urbanista adituak ziren, Udalak deituta, eta gutxitan ikusitako miraria zela esanez goraipatu zuten hemengoa.

Inbidiagatik edo auskalo zergatik, handik bi urtera martxan jarrita zeukan UPNko taldeak –Barcina alkatea buru zuela– Arantzadi urbanizatzeko plan berria. Betidanik baratzeek izan duten azalerako parte handi bat –130.000 m2tik 85.000– desagertu egingo dira, uholde-baso berria eta hiri-lorategi arruntak landatzeko. Egun dauden 35 eraikinetatik, hiru besterik ez dira geldituko, eta beste berri batzuk egingo dira bertan Nafarroako Nekazaritza Museoa irekitzeko. Parkearen lehendabiziko obra handia errepide berri bat izan da, Nafarroako Kutxak bertan duen eraikinari eta aparkalekuari irtenbidea emateko.

Zenbait ahots altxatu dira zentzugabekeria honen kontra –dauden baratzeak desegitea baratzeen museoa egiteko, alegia–, eta proposamen berri bat aurkeztu dute, gure aurrean meandroa asfaltoz eta porlanez betetzen ari den bitartean. Udaletik, gaia birpentsatu edo berrikusteko inongo keinu, inongo asmorik ez.

Orain, inbidia guk daukagu: Europari begiratzen diogu eta Frantzian Terres en villes, Holandako Ranstad, Milanen, Londresen... hirietan baratzeak berreskuratzearen aldeko ekimenak nonahi ikusten ditugu modan eta martxan. Gertuago, Bartzelonan, Baix Llobregateko nekazaritza parkea sortu dute, gune natural bezala baina nekazaritzarako erabilera bultzatzen dute eta, horretaz gain, ekoizleak eta kontsumitzaileak elkarrengana gerturatu nahi ditu, kalitatezko eta bertako elikaduran oinarrituta. Gurean ere, Gasteizen, urrutiago joan gabe, hiri-baratzeak mantendu, baloratu eta sortu egiten dira. Iruñean, ordea, kanpokoek miresten digutena guk desegin, nekazariak kaleratu eta museoan sartzen ditugu. Berriz ere, modernitateari bizkarra eman eta azken furgoian sartzen gaituzte. Bekatu larria omen da inbidia, baina hemen egiten ari direna oraindik ere larriagoa.