argia.eus
INPRIMATU
Erantzun diren galderak eta airean geratu direnak

Xabier Letona Biteri @xletona 2011ko azaroaren 16a

ETA-K HAUTESKUNDE kanpainan egin du berba, baina bere hausnarketak ez dira dagoeneko oso interesgarri hedabideentzat, edo ez behintzat kanpainan. Ezta alderdi as­korentzat ere, EAJk, PSEk eta PPk horren gainean ez jardutea erabaki baitute.

Baina interes historikoa begi bistakoa da azken hamarkadetan euskal gatazka gertutik jarraitu duen edonorentzat eta orrialde, uhin edo mitinetan leku askorik ez egitea erabaki bada, ez da zalantzarik etxe barruan bere edukiak arretaz irakurriko zirela.

Borroka armatua behin-betiko eteteko hilaren 20an egindako iragarpen laburra luze eta zabal azaltzeko balio du elkarrizketak. Doinua eta hizkuntza ere bat datoz garai berriekin. ETAren historiaren une garrantzitsuak ere jorratzen ditu, batez ere sorrera eta Txibertakoa; biak baliatzen ditu EAJri kritika gogorra egiteko.

Funtsean, bi ardatz nagusi ditu elkarrizketaren edukiak: bat, ETAk borroka armatua alboratzeko erabakia hartu badu, hori da orain aldaketa gauzatzeko baldintzak badirelako. Eta bi, orain baldintzak badira, hori da azken hamarkadetan ETAk eta ezker abertzaleak eraman duten borrokari esker. Hor da kontakizun historiko ospetsuaren ardatza, eta horren bueltan egituratuko du berea ezker abertzaleak; nahi diren autokritika guztiekin, baina funtsean hori.

Egokitzat jotako baldintza horiek zein diren ez da erabat argi geratzen elkarrizketan, baina garrantzitsuena batez ere burujabezaleen indar metaketa dela antzematen da; eta lagungarri ei da, halaber, gaur egun euskal gizartearen gehiengoa erabaki eskubidearen alde dagoela. Zalantzarik gabe, bada jauzia ETAk borroka armatua eteteko jarri ohi dituen baldintza historikoen eta oraingoen artean.

Laburbilduta eta oinarrira joz, historikoki borroka armatuak bi baldintza nagusi izan ditu berau eten zedin: Espainiak ateak irekitzea autodeterminazioari eta lurraldetasunari.

Ez da negoziazio hori gauzatu bistan denez, baina baldintzak aldatu ei dira orain. Eta gainera ezker abertzaleak Estatuak jarri nahi zion zepotik ihes egiten jakin izan duela azpimarratu dute bi etakideek. Zein zepo da hori? Ilegalizazio eta errepresioaren bidez, “ezker abertzalearen ekimena borroka armatu hutsera murriztea” nahi zuen Estatuak. Egoera honek blokeoa ekarri zuen –beti ere ETAren azalpenetan– eta, beraz, bazegoen urte luzetako borrokari esker sortutako baldintzak desagertzeko arriskua.

Egoera korapilatsu horren aurrean, ezker abertzaleak erreakzionatu egin zuen eta, aldebakarreko estrategia indarrean jarriz, borroka armatua eta indar metaketari ekin dio, horrela Estatuaren asmoak indargabetuz. Funtsean, orain baldintzak izatea eta jarritako zepotik ihes egitea lirateke ETAk borroka armatua uztearen oinarrian.

Elkarrizketan autokritikaren hainbat ezpal badira ere, oro har, oso orokorrak dira eta batzuetan lerroartekoak. Ondorengo erreflexioa, adibidez, esanguratsuenetakoa da elkarrizketan zehar, baina ez du zergatietan sakontzen, beste gai batzuetan egiten duen moduan: “Ezker abertzaleak [negoziazio] prozesu guztien balantzeetan ondorio komun bat atera du: ez genuela herriaren aktibazioan behar beste sakondu”.

ETA-K EZ DU ESATEN, ordea, herriaren aktibazioan sakontzea zer den edo sakontze hori zergatik ez zen egin prozesu horietan.

Esaten ez duen moduan zergatik orain dauden baldintza hobeagoak borroka armatua eteteko duela hamar edo hogei urte baino, adibidez; edo zergatik orduan ez zeuden. Edo non ikusten dituen gaur egun euskal gizartean erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar gehiago 1992an baino. Interesgarria litzateke, halaber, jakitea zergatik ETAk ez zuen onartu 2006an Loiolan aurreadostutakoa. Zergatik orain “soilik herriak berma dezakeen prozesuaren garapena” eta zergatik ez lehenago, adibidez Lizarra-Garaziko garaian?

Galdera horiek eta beste asko geratu dira airean, baina logikoa da pentsatzea dena ezin dela lehen urratsean jorratu eta azalpen eta hausnarketen aireratzeak ere bere denbora beharko dutela. Ezker abertzaleak bere iraganaren azterketa kritikoan erantzun beharko dituen galderetakoak dira.