argia.eus
INPRIMATU
Segregazioa gure alde

Xabier Mendiguren Elizegi @xme64 2011ko azaroaren 09a

Orain dela hilabete batzuk izan zen. Iruñetik deitu zidaten, eskola batean hitzaldia emateko. Auzo berri bat zen, eraikuntzaren bon-bonkeriaren urteetan lehengo landa-lurretan altxatu diren hirixka artifizial horietakoa. Joan nintzen, izan nuen solasaldi bat hango neska-mutilekin, eta gero Iruñera bertara itzuli nintzen, lagun batekin elkartzeko. Taberna batean bazkaltzen ari ginela, goizean umeekin zer moduz galdetu zidan lagunak; azaldu nion nola joan zen saioa, eta denbora horretan guztian buruan jirabiraka zebilkidan zalantza azaldu nion: haurren artean ez zegoen ez Marokoko Fatimarik, ez Kolonbiako Jonathan Elvisik, ez Errumaniako Ileanarik, ez Senegalgo Mamadourik, ez Txinako Sun-Lirik: denak ziren “euskaldun garbiak”, itxuran nahiz izenetan, gure hiriburu batean gaur egun normala ez den moduan.

–Auzo horretan ez dago etorkinik ala? –galdetu nion harrituta lagunari.

–Bai, badago, baina erdarazko ereduan apuntatzen dira denak.

Pentsatzen jarrita, kontua ez da Nafarroaren berezitasuna (UPNkoak hain dira gaiztoak eta motzak eta bla-bla-bla); Euskal Komunitate Autonomoko hiriburu guztietan ere antzeko zerbait ari da gertatzen: A ereduaren hondarrak ez dira jada espainolismoaren gotorlekuak, baizik eta immigrazio pobrearen ghettoak. Erdaldun elebakar espainolistek, izan ere, nahiago dute beren seme-alabek euskaraz ikastea, ez hainbeste D eredua hobea iruditzen zaielako, ezpada, badakitelako han beren haurrak ez direla beltz-sudaka-moro-ijito jendilaje horrekin nahastuko (abertzale jendearekin akaso bai, baina hori ez da horren larria). PSEkoak Jaurlaritzara iritsi zirenean, PPren eskutik, haien guztien proiektu nagusietakoa eta goraki aldarrikatutakoa zen A ereduari nolabaiteko prestigioa itzultzea, “presio abertzalea!” kenduz gurasoak konbentzitzea beren umeak, “askatasunez”, erdal ereduan sartu zitzaten; matrikulazio-aldia iritsi zen, eta gobernuaren asmoen porrota erabatekoa izan zen, lehenengo urte hartan; geroztik, nahiago dute gaia aipatu ere ez egin. Zenbat denbora da Isabel Zelaa desagerturik bezala dagoela?

Behingoz (Erdi Arotik hona lehenengo aldiz, nik dakidala), aitortu beharko dugu gizartearen inertzia kontserbadoreak eta aurreiritzi arrazistek euskararen alde egin dutela. Ez naiz kexatuko, baina ez da gustuko egoera ere. Beraz, zer egin behar genuke? Bada, ahal bezain laster egoera irauli. Iritsiko da, espero dezagun, agintea beste batzuek hartuko duten garaia, eta orduan egingo ahal dute aspaldian egin beharrekoa: A eredua ilegala dela gogoratu (ez du betetzen ikasleak elebidun bihurtzeko eginkizuna) eta murgiltze-sistema aplikatu. Bitartean, baina, ezin geldirik egon: bai eskolek, bai euskararen aldeko elkarteek, bai kanpotarren integrazioan lan egiten dutenek etorkinen familiekin hitz egin behar lukete eta haien komunitateekin pedagogia egin, azaltzeko ze aukera dituzten, eta zenbat mesedegarriagoa izango litzatekeen beren seme-alabentzat auzoko gainerako neska-mutilekin batera ikasiko balute (nahiz eta momentuan babestuago sentitu ghettoaren gozoan).

Hala egin behar genuke, ez bakarrik euskararen alde baizik eta kohesio sozialaren alde. Eta, batez ere, gure herrikide diren beltz-sudaka-moro-ijitokume horien guztien etorkizunaren alde. Ados zaude, ala zuk ere ez duzu nahi zure seme-alabek jendilaje horrekin batera ikasterik?