Ustez estatu laikoan bizi gara; gure egutegiko ia jai guztiak, ordea, erlijio-jatorrikoak dira. Protestarik egin ez ezik, lasai asko joaten gara oporretan Aste Santuan; ustez oso ezkertiarrak izan eta erlijioak kontu pribatua izan behar duela aldarrikatu arren.
Ustez NaBaikoak ere badira eliza eta estatua banatzearen aldeko, baina Nafarroako Parlamentuan harrera egiten diote Done Mikel Aralarkoaren irudiari.
Ustez berdintasunean bizi gura dugu (berdintasun-legeak eta guzti ditugu!), baina inguruan milaka eliza katoliko, ebanjeliko, Jeobaren Lekukoen... ditugun arren, inor gutxik egin du kexurik, meskitak zabaltzen hasi diren arte.
EAJ-PNV ere ba omen da akonfesionala; baina aurten, aurreko urte guztietan bezalaxe, meza santuarekin eman diote hasiera Forondako piknikari.
Ustez Bildukoak homofobiaren kontra daude; datozen hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrendan, aldiz, batere lesgaytranszale ez den hautagai bat ageri da.
Ustez gure agintariak ere ez dira homofoboak, ezta sexofoboak ere. Ekainaren 28etan, sexu-askatasunaren aldeko sekulako adierazpenak egin ohi dituzte, norberaren afektibitatea ez ezkutatzeko dei egitera ere heldurik. Bilboko alkate Iñaki Azkuna ez da salbuespen, baina gero berak gobernatzen duen udalak sexuarekin zerikusia daukaten adierazpen oso barnekoak debekatzen dituen ordenantza onartzen du. Aste Nagusian izan ziren eraso homofoboak salatzeko egin zen kontzentrazio jendetsuan ere, udaleko ordezkari bakarrak Bildukoak. Alkate jaun ez homofoboaren arrastorik ez.
Ustez, inkesten arabera, Estatu espainiarreko biztanle gehienak M15 mugimendukoen aldeko dira. Inkestek, berriz, espektro politikoan beste muturrean legokeen PP alderdia jotzen dute garailetzat hauteskundeotan.
Ustez legeak betetzen dituzten agintariek, interesatzen zaienean baino ez dituzte betetzen. Adibideak ugari: espetxe-politika, Kukutzaren eraistea…
Denok izaten ditugu kontraesanak. Esaterako, sexu berekoak ezkontzeko eskubidearen alde sutsu borrokatu dut; halere, harreman batean hamabi urtez nabilelarik, ez naiz ezkondu. Era berean, ateo militantea naizen arren, Aste Santuko prozesioak gustuko ditut. Baina, tira, hori beste historia bat da. Azken batean ni ez naiz inoren ordezkari, boto-emaile xumea baizik, eta ez diot neure botoa preseski PPri emango. Kontraesanak eta kontraesanak daude.