argia.eus
INPRIMATU
Etorkinak New Yorken ongi hartuak zirenean

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2011ko azaroaren 08a
Etorkin europarrak New Yorkera iristen, Askatasunaren Estatua parean dutela.

New York, 1886ko urriaren 28a. Frédéric-Auguste Bartholdi artista frantziarraren Mundua argitzen duen askatasuna izeneko kobrezko estatua erraldoia inauguratu zuten Hudson ibaiko uharte txiki batean. Handik aurrera, Libertasek, antzinako Erromako askatasunaren jainkosak egin zien harrera New Yorkera itsasontziz iristen ziren milaka eta milaka etorkinei.

Handik lau urtera, 1890ean, estatuaren uhartetik oso hurbil dagoen beste irlatxo bat, Ellis Island, ordura arte nagusiki jarduera militarretarako erabili zena, New Yorkeko aduana nagusi bilakatu zen. Horrenbestez, hirira itsasoz iritsitakoei Ellisen egiten zieten benetako harrera. Eta 1892tik 1954ra gutxi gorabehera hamabi milioi etorkin pasa ziren handik, gehienak europarrak. Horietatik gutxi batzuek amets amerikarra betetzea ere lortuko zuten, hala nola Isaac Asimov idazle eta zientzialariak, Frank Capra zinema zuzendariak, Cary Grant, Bela Lugosi, Claudette Colbert eta Rodolfo Valentino aktoreek edo Lucky Luciano gangsterrak.

Elliseko mugan etorkinei osasun azterketa egiten zieten eta haien legezko egoera egiaztatzen zuten. Gehienek, %98k, AEBetara sartzea lortu zuten. Deportatutako %2 hori nagusiki “poligamoek, kriminalek, anarkistek eta gaixotasun infekziosoak zituztenek” osatzen zuten. Etorkinak ongi hartuak zirela, alegia. AEB herrialde gazte eta dinamikoa zen, eta gosetik, gerratik nahiz jazarpenetik ihesi joaten ziren europarrek hazten ari zen ekonomia eskulanez elikatzen zuten.

1954an Elliseko mugari eusteak ez zuen zentzurik, ordurako immigrazio politika aldatua baitzen, eta bertan behera utzi zuten. 1965ean Askatasunaren Estatuaren Monumentu Nazionalaren parte izendatu zuten. Eta 125 urte bete berri dituen Askatasunaren Estatuak turista bisa agortu baino lehen AEBetatik alde egitera derrigortuta dauden atzerritarrei egiten die ongietorria.