Bakearen soinu banda

Bakearen soinu banda
Bakearen soinu bandaAntton Olariaga

John Cageren 4’ 33’’ piezan interpretatzaile batek partitura ireki baten aurrean ez du pianoa jotzen lau minutu eta hogeita hamahiru segundoz. Beste tresnetarako bertsioak badaude. Orkestrarako ere bai. Zoragarria da kiribilean entzuteko, lehendabiziko mugimendua, bereziki, nire ustez hoberena, bular-estugarria, esaterako, isilezko konpas lasai batzuen ostean tronpetak sartzen ez direnean.

JENDEAK galdetuko du: “Zer egiten ari zinen 2011ko urriaren 20an, 19:00etan?”. “Ba, agiria noiz aterako zain, (ahaztuko zaigu?) iragarrita zegoen-eta”. Ordenagailuaren dirdaiaz argiztaturiko aurpegien lerroak ez du anekdota bilduma zabalerako ematen, ezta “ehem, ehem”, epika askotarako ere. Galdera, lehenbizikoz, biharamunean egin zidaten, Iruñeko irrati bateko kolaboratzaile guztioi bezala. Bide batez eskatu ziguten une historikoa ilustratzeko musika bat aukeratzeko, hor zeukatenen artean, bestela saiatuko zirela aurkitzen.

MUSIKAREN eragin baltsamikoa aipatzen da. Uxue Apaolazak Gregorio Allegriren Misererearen CDa entzunik, sms batez mezutu zidan bronkodilatadorea zela. Ama zenaren hil bezperaz oroitu nintzen. Berak arnasa ezin harturik, erizainei deitu behar izan nien. Aztoramendu erdian zerbait esan nahi zuen; ez ziotenez ulertzen, utzi zidaten hurbiltzen. “Ponme música, Ángel Mari, que me ahogo”. Ordu batzuk lehenago Radio Clásica aditzen egona nintzen, bera lo zegoen bitartean.

TOKI gehiagotan ikusi dut ariketa bera, ETAren amaierarako abesti bat proposatzearena. Kultur eremuan hitza bataila guztiak galtzen doan honetan (irudien kontra, sentimenduen kontra, musikaren kontra), nago ez ote dugun gordeleku eroso bat soinuaren esanezinean bilatu, mundu paralelo horretan, Ruper Ordorikak definitu bezala.

JULIAN Barnesen Vigilance ipuinean protagonistak eskaileretatik behera botatzen du kontzertuan eztulka ibilitako aldamena, musikak birikei dakarkien ona aintzat hartu eta errukitu gabe. Yehudi Menuhin biolinista eta orkestra zuzendariak esan ohi zuen jendea bere kontzertuetara joaten zela pneumologorenera joan aurretik azken neurri moduan.

IRRATITIK irtenda, berehala damutu nintzen egindako hautaketa musikal presazkoaz, ETAren armak uzteko erabakia “laguntzen” egokiagoak izan zitezkeen bi konposizio bururatuta (beranduegi): John Cageren 4’ 33’’ edo Emanuel Chválaren zerbait. Iraganeko hutsak zuzentzeko, aukera galduak zuritzeko, geure burua edertzeko, idatzi ohi dugu, hau, esaterako (beranduegi).

EUSKAL HERRIA “ce petit peuple qui chante au pied des Pyrénées” definitu zuen Voltairek. “Autour d’une table”, mahai baten inguruan, esan izan balu, erretratu biribila. Afalostean kantuan aritzeko ohitura ez dut batere maite. Solasaldia eteten, saihesten du. Dena den, elkarte gastronomikoetan politikaz hitz egitea debeku da. Horrela, inori ez zaio mokadua kontrako eztarritik joaten. Harritzen nauena da euskal sukaldariek garai berriaren zaporea hobekien adierazten duen plater bat oraindik proposatu ez izana. Bidean da seguruenik errelato goxo hori.

EMANUEL CHVÁLA txekiarrak konposatutako lan guztien artean batek jarraitzen du jokatu gabea, agian ez delako batere baltsamikoa: Concerto per tosse e orchestra. Kontzertua eztul eta orkestrarako. Gliereren Kontzertua koloratura eta orkestrarako atseginaren ifrentzua izan liteke. Exijentzia handikoa da. Bel cantoa aspaldian utzitako kantari zahar ajetsua, arnasbide gaixotikoa eskatzen du, partiturak zehaztutako hats bahitua, arnasestuak, eztarri garbitzeak, eztul bitonala eta, hondarrean, hil korroka emango dituena.


ASTEKARIA
2011ko azaroaren 13a
Azoka
Azkenak
2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langileek soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


2024-12-19 | Gedar
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean

Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek

Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude